Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak iragarri du datorren urtean izanen duela akabera, festibalaren hogeitamargarren aldiaren ondotik. 2025eko udan eginen dute hori, zehazki, uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan (Nafarroa), «lau eguneko jaialdi historiko batekin».
Edonola ere, aldi bat bakarra ez, bi falta ditu oraindik Hatortxu Rockek: 2024ko abenduan eginen dute azken aldia «forma klasikoan»; alegia, «neguko Hatortxu», Atarrabian (Nafarroa). Abenduaren 28an izanen da. Bi jaialdietarako balio duten sarrerak prestatu dituzte gaur-gaurkoz, 94 eurotan, eta eros daitezke dagoeneko –3.000 jarri dituzte salgai–. «Ziklo bat» ixteko balioko dute bi hitzorduek, gero «beste batzuei emateko bide».
#AgurHatortxu 🥹🥹🥹 pic.twitter.com/hW0HKav2Jq
— Hatortxu Rock (@Hatortxurock) June 11, 2024
1999an antolatu zuten aurrenekoz festibala, bi helburu nagusirekin: batetik, euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen egoera salatzea; bestetik, presoen sakabanaketak zigortutako senideei elkartasun ekonomikoa ematea. Ordutik, joan dira 28 edizio, eta aldiro ozendu dute aldarri berbera: «Azkena izan dadila». Antolatzaileek sarri nabarmendu dutenez, Hatortxu Rock antolatu beharrik ez izateak esan nahi bailuke honezkero desagertuak direla «sakabanaketa politika krudelak» eragindako premiak, eta hala nahi lukete izatea. Eta hain justu, aipatu ideia horri loturikoa da jaialdiaren hogeigarren aldirako Ahotsa.info hedabide digitalak eginiko dokumentala. Hau du izenburua: HTXrock, hiltzeko jaiotako jaialdia.
Eta gauzak franko aldatu dira 25 urtean. Besteak beste, 2023ko otsailean Euskal Herriratu zituzten Espainiako kartzeletan gelditzen ziren azken bost preso politikoak, eta, ondorioz, Sare Herritarra plataformak «itxitzat» jo zuen «hainbeste urtez luzatutako sakabanaketa politika». Hatortxu Rockek berak ere aro aldaketa horri erreparatu zion 2023ko abenduan eginiko jaialdian, eta Amaiera berri bat izan zuten leloa, horregatik.
Ordea, orain, jaialdiaren agurra iragartzearekin batera, ohartarazpena egin dute antolatzaileek. «Jaialdia bere amaierara heldu da, baina jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu», idatzi dute plazaratutako oharrean. Eta sinetsita dira elkartasuna eta borroka behar-beharrezkoak direla oraindik, batik bat, «zauriak ez direlako itxita» Hatortxu Rockeko kide Mikel Urizek adierazi duenez. «Sakabanaketaren bukaerak merezi du aitortza eta ospakizuna, baina gatazkaren bestelako ondorioak gure gaur egungo errealitatearen parte dira oraindik ere: adibidez, preso politiko askok gatibu jarraitzen dute, eta beste batzuk gizarteratzeko baldintza oso prekarioekin ateratzen dira kalera», esplikatu du.
Berriak jaio daitezen
Horiek horrela, oharrean argudiatu egin dute zergatik erabaki duten Hatortxu Rocken bidea bukatzea: «Jendartearen bizi ohituretan jasandako eraldaketa sakonek eta agertoki politiko berriek elkartasun eta inplikazio forma berriak ezinbesteko egiten dituzte. Honela, Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko».
«Gauza berriak jaio daitezen, molde berrietan, beharrezkoa da iraganean sortuak direnak bukatzea».
MIKEL URIZHatortxu Rockeko kidea
Urizek ez du uste jaialdiaren formula agortua denik. Dioenez, hori jakiteko aski da ikustea jaialdiak zer harrera jasotzen duen aldiro: «Leporaino betetzen dugu Atarrabia, eta ehundaka lagun batzen dira auzolanera». Ordea, zikloa ixteko premia sentitu dute. «Gauza berriak jaio daitezen, molde berrietan, beharrezkoa da iraganean sortuak direnak bukatzea».
«Helburu asko beteta», «harrokeriarik gabe», baina «egindako bideaz harro» esanen du agur jaialdiak. Frontoi txiki batean kontzertuak antolatuaz ekin zioten ibilbideari, eta egin dute salto azpiegitura handietara, jendetza biltzeraino. Azpimarratu dute, dena dela, «auzolanaren indarrak» ardaztutako festibala izan dela sorreratik, eta «eredugarria» antolakuntzari dagokionez. Diotenez, badute zer ospatua, eta horixe eginen dute falta dituzten bi hitzorduetan.