Hatortxu Rock jaialdiaren azken aldiak Bulego, Nogen, Tatxers eta Skabidean bilduko ditu, besteak beste

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen aldeko elkartasun jaialdiak azken aldia izango du datorren urtekoa, eta antolatzaileek inoizko aldirik sonatuena iragarri dute, behin betiko agur esateko.

Bulego taldeak Hatortxu Rock-en azken aldian joko du. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bulego taldeak Hatortxu Rock-en azken aldian joko du. MONIKA DEL VALLE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko abenduaren 30a
20:31
Entzun

Hatortxu Rock jaialdiak bere 30. eta azken aldia izango du datorren urtekoa. Uztailaren 24tik 27ra egingo dute, Lakuntzan (Nafarroa). Azken agurra «erraldoia» izango dela aurreratu berri dute antolatzaileek, eta parte hartuko duen talde zerrendaren lagin bat ere eman dute dagoeneko: besteak beste, Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri arituko dira. Azken honek Hatortxuren 20. aldian eman zuen azken kontzertua, Lakuntzan bertan, baina oholtzara itzuli dira berriro, eta zenbait kontzertu ere emanak dituzte dagoeneko.

Antolatzaileek eskaintza berezia egin dute uztaileko jaialdirako: urtarrilaren 13ra bitartean, sarrerak 94 euroan jarri dituzte salgai, www.hatortxurock.eus webgunean.

Asteburu honetan izan da 2024ko Hatortxu Rock. 900 boluntario ibili dira lanean, eta antolatzaileek auzolana goretsi dute: «Urte luze hauetan jaso eta elikatu duen ondarea izan da auzolana, eta auzolan hori bera izango da etorkizunean helduko diren elkartasun molde berrien giltza». Alta, albiste txarrik ere izan da Hatortxu Rocken 29. aldian: bi eraso matxista salatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.