Hatortxu Rock festibalak hiru «itzulera» iragarriko ditu bihar

Hainbat urtez jo gabe izan diren eta azken jaialdian oholtzara bueltatuko diren hiru talde jakinaraziko dituzte: 08:00etan lehena, 12:00etan bigarrena eta 16:00etan azkena. Lakuntzan eginen dute festibala, uztailaren 24tik 27ra bitartean.

2024ko abenduaren 28an egin zuten 29. Hatortxu Rock, azken aurrekoa. IÑIGO URIZ / FOKU
2024ko abenduaren 28an egin zuten 29. Hatortxu Rock, azken aurrekoa. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko otsailaren 3a
17:00
Entzun

Hatortxu Rock jaialdiko antolatzaileek Itzulera eguna izendatu dute biharko eguna, otsailaren 4a, eta jakinarazi dute uztaileko festibalari buruzko informazio esanguratsua ematekoak direla egunean zehar, hiru kolpetan. «Itzulera» banaren berri emanen dute 8:00etan, 12:05ean eta 16:00etan. Izan ere, iragarri dute hainbat urtez jo gabe egondako taldeak direla eta jaialdirako propio bueltatuko direla.

Iazko ekainean aditzera eman zuten festibalak 2025ean izanen zuela akabera. Zehazki, jakinarazi zuten bi alditan esanen zutela agur: aurrena, Atarrabian (Nafarroa) eta «ohiko moldean», egun bakarreko egitarau batekin —abenduaren 28an egin zuten hori—; ondotik, Lakuntzan. Eta, datak iragartzeaz gain, nabarmendu zuten Lakuntzakoa «jaialdi historikoa» izanen zela; «erraldoia». Uztailaren 24tik 27ra eginen dute.

Datak iragarri bai, baina artean ez dute jakinarazi zehazki zenbat talde ariko diren festibalean. Dena dela, abenduaren hondarrean plazaratu zuten parte hartuko duten taldeen zerrendaren lagin bat. Gaur-gaurkoz, kontzertu hauek daude iragarrita: Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri. Bihar beste hiru izen emango dituzte: jaialdirako espresuki itzuliko direnenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.