'2023ko Arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntzak'
Artistak: Taxio Ardanaz, Elisa Arteta, Nagore Txibite Lizarraga, Ada Garrues, Amaia Gracia Azketa, Jaione Inda eta Leire Urbeltz, David Mutiloa eta Alba de la Portilla Castillo. Non: Baluarteko Harresi aretoan, Iruñean. Noiz arte: Otsailaren 9ra arte.
Erraza da erakusketa espazio batera gerturatzean eta piezen artean murgiltzean horien ehuntze prozesua ahaztea. Ikusle moduan, aurrean aurkezten zaiguna sormen prozesu luze baten emaitza materiala da; hala ere, prozesu hori bigarren planoan geratzen da gehienez ere. Izan ere, hori da erakusketa askoren helburua: azken emaitza material horren erakusleiho izatea. Helburu hori du, hain zuzen, 2023ko Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntzak erakusketak ere, nahiz eta tituluak irudimenari arrakala gutxi irekitzen dion. Baluarteko Harresi aretoan aurkezten den erakusketa honetan, sormen prozesuen emaitza materiala da ardatza.
Horrela, erakusketa ikusteko asmoz eraikin erraldoiaren espazioetan barneratzen gara. Mostraren kartela ikusi, atea zeharkatu, eta eskaileretan behera egiten dugu erakusketara hurbiltzeko. Espazioa bera arte garaikidea ardatz duten artelanak biltzeko aproposa bada ere, tamalez, ez dira bertan halako erakusketak askotan antolatzen. Horregatik, Uharte Zentroak Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean eskainitako zortzi ekoizpenetarako laguntzen emaitza ikusteko aukera berezia da. Erakusketak Taxio Ardanaz, Elisa Arteta, Nagore Txibite Lizarraga, Ada Garrues, Amaia Gracia Azketa, Jaione Inda eta Leire Urbeltz, David Mutiloa eta Alba de la Portilla Castilloren piezak biltzen ditu.
Behin eskaileretan behera egin eta aretoan sartuta, Ada Garrues artistaren Going Places instalazioa dugu aurrez aurre. Mihise handi batek espazioa hartzen du, eta koloreen trantsizioen bidez egituratzen den eszenografia berrantolatuak ikuslea harrapatzen du. Oihalak lurrean pausatzen dira, eta eskulturak, aldiz, hormetan eskegita ageri dira. Berrantolaketa horretan, konposizio figuratiboen eta abstrakzioen arteko talkak nabarmenak dira, baita material ezberdinen arteko elkarrizketak ere: ehuna, oihala, kautxua, loreak... Halaber, instalazioaren eta espazioaren artean sortutako elkarrizketak ikuslearen gorputz koreografia gidatzen du, eta esperientzia zentzu guztietan areagotzen du.
Erakusketan aurrera egin ahala, espazioak ahalbidetzen dituen aukera eta joko ugarien testigu gara. Zentzu horretan, oso baliagarria da Uharte Zentroko Hezkuntza Sailak eskainitako eskuorri didaktikoa. Eskuorri horretan, proiektu bakoitzean oinarritutako ariketa bat proposatzen zaio ikusleari, eta horrek erakusketa hainbat modutan bizitzeko eta dastatzeko aukera askotarikoak eskaintzen ditu.
Orria eskuen artean hartuta, hurrengo proiektuaren aurrean kokatzen gara. Taxio Ardanazen Irudi bakar bat da proiektua, eta, bertan, artistak bereganatu egiten ditu erakusketa espazioaren murruak, horien gainean konposizio piktoriko ezberdinak egituratzeko. Irudi horiek aitzinetik egindako beste batzuen oihartzunak dira: Gerra Zibileko grafitiak, zehazki. Datu hori jakin ondoren, artistak egindako ekintzaren dimentsio performatiboa bereziki deigarria egiten da, aurretik beste murru batzuetan margotutakoen reenactmenta izango balitz bezala.
Errekreazio horretatik aurrera, oroitzapenen eta memoria intimoen berreskuratzearekin egiten dugu topo, Alba de la Portillaren piezek ikuslea harrapatzen duten unean. Pieza eskultorikoak eta irudiak tartekatzen dira, eta, artistak uzten dituen pistei erreparatuz, irudi askotarikoen konstelazioak sortzen zaizkigu buruan.
Erakusketaren espazio estuetan barneratu eta aurreko proiektuak atzean utzita, beste erakusketa gune batean gaudela sumatzen dugu. Oraingo honetan, euskarri ezberdinetan zentratzen da sailkapena: Nagore Txibite eta Amaia Gracia Azketaren proiektu eskultorikoetan. Biek elkarrizketa interesgarria izan dezaketen arren, bakoitzak bere bidea duela antzematen da, eta espazio bereiziagoak izatea beharrezkoa litzateke. Eta antzeko zerbait sumatzen da David Mutiloa zein Leire Urbeltz eta Jaione Indaren proiektuen kasuan.
Artisten lanen kalitatea ukaezina da, bakoitzak ikuslea une batez harrapatzen baitu. Dena dela, proiektuen askotariko ildoek eta espazioaren erabilerak hainbat esperientzia ahalbidetu arren, erakusketaren batasuna zailtzen du diskurtso osoago baten faltak. Halere, proiektu hauen ibilbidea ez da erakusketa honekin amaituko.