Egilea: Merce Rodoreda.
Itzultzailea: Antton Olano.
Argitaletxeak: Alberdania, Erein eta Igela.
XX. mendeko eta, bereziki, Gerraosteko idazle katalan handietakoa da Merce Rodoreda (1908-1983). Poesia eta antzerkia idatzi bazuen ere, nagusiki nobelagile gisa pasatu da historiara, eta Mirall trencat nobela du lan ezagunenetakoa. Erbestealditik Herrialde Katalanetara itzuli ondoren amaitu zuen —1974an—, eta aurten argitaratu dute euskaraz, Antton Olanoren itzulpen ederrean. Rodoredaren bi liburu genituen orain arte: Ipuin hautatuak (Elkar, 1984) eta Diamantearen plaza goraipatua (Elkar, 1994), biak ala biak Maite Gonzalez Esnalek itzuliak.
Ispilua da giza-kondizioan sakontzeko hamaika aldiz baliaturiko sinboloa. Michel Foucault, Helene Cixous, Umberto Eco eta beste hainbat pentsalarik izan du aztergai ispilua identitatearen eraikuntzarako elementu gisa. Eta ez da motibo gastatua: hor duzue, esaterako, Black Mirror telesaila. Ispilua da, halaber, literaturaren eta errealitatearen arteko erlazioa definitzeko mila bider erabilitako sinboloa. Ispilu ezagunenen artean daude Stendhalek kalean aurrera aldarrikatu zuena, Txekhoven ispilu okerra, Valle-Inclan-n konkaboa edo, gurean, Atxagak T. S. Elioten bidetik ekarritako irudi «mila ispilutan multiplikatua».
Rodoredarena ispilu hautsia da, Antton Olanok hitzaurrean dioen bezala, «errealitatea, Rodoredarentzat, ez baitzen bakarra, ugaria baizik, errealitate zati desberdinez osatua». Baina ugaria ez ezik, atzemanezina ere gertatzen zaio errealitatea: «Ispilu pusketa haiek, elkarren desberdinak denak, ziren bezala islatzen al zituzten gauzak?» (303.or.). Eta erreala harrapatu nahi eta ezin horri lotuta, fokalizazioa oso anitza da. Hau da, familia baten hiru belaunaldiren historia kontatzeko, gertaerak bere konplexutasun osoan islatu nahirik, pertsonaia askoren istorioak kontatzen ditu narratzaileak. Labur esanda, errealismo modernoaren lerroan kokatzen da nobela: pertsonaia asko izateaz gain, narrazioa kronologikoa da, ez dago anakronia edo denbora salto apartekorik —elipsi, laburpen eta flash back-ak bai, noski—, deskribapen aberatsak daude, eta abar.
Inork esan lezake gaurko irakurlearentzat ez dagoela dagoeneko berritasunik literatura honetan, nobela (garaikide) klasiko bat dela. Alabaina, eta apika hala izanik ere, garrantzitsuena da parametro horietan modu zoragarrian mugitzen dela nobela. Mundu sinesgarri eta oso bat sortzen du Ispilu hautsia-k. Apurka abiatzen diren hari guztiak —edo, badaezpada esango dut, ia guztiak— lotu egiten dira testuan aurrera egin ahala, eta zertzelada guztiek betetzen dute funtzioren bat istorioaren baitan. Gainera, hainbat errekurtso baliatzeko modua bikaina da. Horietako bat da zehar estilo librea: narratzaileak ia oharkabean eramango du irakurlea kontakizunetik pertsonaien pentsamenduetara eta barne-bakarrizketara.
Gai aldetik, nobelak islatzen duena goi klasearen bizimodua da, haren legeekin, moralarekin —bikoitza, jakina—, formalismoekin, eta abarrekin. Beharbada hor badago muga bat. Izan ere, nekez sentitzen da gaurko irakurlea XX. mende hasierako jauntxo-familia batekin identifikatua. Halere, esan behar da protagonismo handia dutela kasu honetan neskameek.
Beste gai nagusia denbora da: pertsonek bizi dutena, eta pertsonengan pasatzen dena. Belaunaldi bat baino gehiago agertzeak denboraren iragaitea —eta dekadentzia— nabarmentzen du, eta T. S. Elioten aipua ere hor dago: «But time past is a time forgotten». Halaxe, nobela honetan, espazioak zahartuz doaz, eta haietan bizi diren pertsonak hilez: bakoitza bere bizimoduarekin, bere poz eta tristurekin eta, batez ere, bakoitza bere sekretu eta mamuekin.
Hitz batean eta denok ulertzeko moduan: Ispilu hautsia nobelatzar bat da.
Literatura. 'ISPILU HAUTSIA'
Hasieran bazen Nobela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu