Hasierak

Mikel Ayllonen (Laudio, Araba, 1980) lehenengo liburua Gerezi gorrien garaia izan zen (Txalaparta, 2005), Paul Asensiorekin lau eskutara idatzi eta Haika gazte erakundearen kontrako operazioa kontatzen zuena —Ayllon bera espetxeratuta izan zen—. 2015ean, Ez tiro egin anbulantziei nobela argitaratu zuen (Elkar), eta, 2020an, berriz, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin liburua (Elkar) —Donostia Hiriko Kutxa saria irabazi zuen—. Antzerki lanak ere idatzi eta zuzendu ditu.

EXPRAI.
Mikel Ayllon
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
—Joan zaitez popatik hartzera!

—Joango nintzateke gustura, bai. Zure zakil melenga horrekin ez baitago nork gozatu!

Plantxa belarri ondotik hegaka pasa zaio Aierti. Ziztua nabaritu du, eta burdinaren hotza. Kristalezko xake-taula baten gainean lur hartu du. Zati txikitan apurtu eta zorua peoi, dorre eta erregina puskez bete da. Kristal hautsiei begira geratu dira biak istant batez. Menia labur bat. Dolu une bat hildako soldadu guztiengatik. Albo-kalteak. Eta sua eta lokatza berriro.

—Dena errazagoa izango zen normal egingo bagenu, beti gorputza bihurritzen eta akrobaziak egiten ibili beharrean. Nirekin baino etorkizun gehiago izango duzu zirkuan.

—Lehen gustatzen zitzaizun, ba!

—Lehen maite ninduzun, ba!

—Orain ere bai, baina jasanezina zara.

—Hurrengoan ez dut hutsik egingo, Aiert. Kopetaren erdi-erdian emango dizut.

Arasaren gainean topatu duen lehenengo gauza hartu du. Argazki bat, egurrezko markoarekin. Hondartza bat, eta bereizi ezin daitezkeen zerua eta itsasoa. Eta haiek biak, alkandora hawaiiarrekin.

—Beti berdin. Argudiorik gabe geratzen zarenean, jo eta burua ireki nahi didazu.

—Ikusteko zer hutsik dagoen —hartutako lekuan utzi du atzera argazkia.

—Ez al dakizu irainik gabe hitz egiten?

—Zer uste duzu? Oihurik egin gabe hitz egiten duzulako ez didatela zure hitzek minik egiten? Gaixorik zaude!

—Eta ekin...

—Ostia! Egon isilik behingoz, e. Ezin dut gehiago.

—Ez dakit zergatik atera nintzen gau hartan tabernatik zurekin.

—Hanka-sartze izugarria izan zen, argi dago. Normala ematen zenuen, eta interesgarria. Horregatik hurbildu nintzen ni. Eta begira orain.

—Orain, zer?

—Anormal totala zarela.

—Nik ere badakit iraintzen, e, maritxu urdanga hori! Zer nahi duzu, horrela hastea?

—Hara! Piztu da gure piztitxoa.

—Utzi bakean.

Sofan eseri da Aiert. Eskuen artera abaildu zaio burua. Negarrez ari da. Isilean.

—Orduan, ez didazu erantzungo, ezta? etenik egin gabe ebaki ditu silaba guztiak, negarra disimulatuz.

—Erantzun, zeri?

—Ahaztu zaizu zergatik hasi den xextra hau guztia, ezta?

—Ahaztu? Baita zera ere! Nazkagarri hutsa zarelako. Maite nauzula esaten duzulako, baina ez da egia. Ez da sekula egia izan.

—Hori ere ahaztu duzu, orduan. Sofa honetan nire gainean eserita zeunden egun hura. Begietara begira biok. Eta nola denbora gelditu genuen. Nola ez zegoen beste ezer munduan. Nola...

—Utzi tragikomediak, mesedez.

Sofatik altxatu da Aiert eta sukaldera alde egin du, suminduta. Orain, derrigor segi beharko dute oihuka.

—Ezin dut gehiago, Aiert. Ezin dut. Ez didazu onik egiten. Ez gara zoriontsuak. Ez gara sekula izango.

—Ba al dakizu zer izango garen hemendik aurrera? Hala-moduzko pertsona grisak, sekula berriro maiteminduko ez direnak.

—Zazpi hilabete besterik ez ditugu eman elkarrekin, motel. Egon lasai, maiteko duzu beste inor bihar, edo etzi.

—Badakit ezetz.

—Kito. Nire etxetik joan behar duzu.

—Orain?

—Bai, orain.

—Baina gauerdia da. Goiz jaiki behar dut bihar lanerako.

—Ospa.

Egongelara itzuli da Aiert. Aurrez aurre daude biak berriro. Lubakirik gabeko bi soldadu patetiko dira.

—Jon, arren. Ez al ginen elkarrekin bizi behar? Esadazu zer nahi duzun...

—Zuk hanka egitea. Orain. Eta hartu zure gauzak.

—Baina ez daukat ezer hemen. Ez zenuen nahi...

—Hartu laneko orgatxoa eta segi. Amaitu da, Aiert.

—Seguru ez...

Ez du esaldia amaitu. Jon jiratu eta leihora hurbildu da, eta, pertsiana jaitsita duen arren, kanpora begiratzeko imintzioa egin du.

Ez dio bizkar bati erreguka hasi nahi. Hondoa jo eta xake-taula baino zati txikiagoetan haustea izango zen. Aiert ere jiratu da, aterantz, eta alde egin du, orgatxoa hartuta, atzerantz behin, bitan so eginez, Jonen begiekin berriro topo egiteko esperantza nahiko antzuaz.

Danbateko batez itxi du atea, ahal izan duen zartako bortitzenaz. Azken granada bat. Gero, eskuak jarri ditu ate gainean, eta egurra laztandu, eskaileretan behera desagertu aurretik.

Ataritik atera bezain laster oles egin dio udak. Zaplazteko baten modukoa izan da hego-haize zakarra. Gau betea den arren, bekainak erre beharrean sentitu ditu Aiertek. Arnasa sakon hartu behar izan du oinez hasi aurretik, eta parez pare daukan itsasadarraren zikin guztia sudur-zuloetatik gora igo zaio, burmuineraino, pentsamenduak areago lausotuz.

Nora joan ez dakizunean, hiriak erabakitzen du nora eraman nahi zaituen. Ez dizu argi esango. Menturaz, galduta zabiltzan irudipena izango duzu tarte batez, ohi baino dorpeago mugitzen dituzula oinak, bideak ez duela helmuga jakinik. Irudipenak, besterik ez. Hiria prezisio doiz engranatutako labirinto bat da, barrura sartzen den inurri bakoitzarentzat norabide desberdin bat daukana, sekula irtetea lortuko ez duzun arren.

Beste hasiera bat.

—Polit hori, seguru eramango duzula hor gutunen bat guretzat.

Lau neska gazte dira, edalontzi bana eskutan, orekari eusteko lanari emanak, inguruko tabernaren batetik atera berriak. Aiertek arrastaka daraman Correoseko orgatxo horia seinalatzen ari da haietako bat.

—Esadazu mutil-lagunak idatzi didala, barkamena eskatzeko. Zikin putrea! Haren zakil bigun hori berriro ahora sartu aurretik, haren aitarekin ere egingo nuke larrutan!

Barre-algarekin saritu du koruak desmasia. Luzeenari, deskuiduan, eskutik ihes egin dio edalontziak, eta lurraren kontra hautsi da. Algara algararen gainean. Orgatxoari tira egin dio Aiertek, zer esan asmatu ezinda, esan nahian bezala ez dagoela gaur haren mutil-lagunaren gutunik.

—Esaiozu urde horri ez diodala barkatzen.

Hiriak hasiera bat dauka beti.

—Eta ez naizela sekula aldatuko!

Nahi ez baduzu ere.

Ilun dago erribera. Orgatxoari ipurditik heldu dio Aiertek eta buruz behera jarri du itsasadarraren gainean. Gutun-maluta zuriak erori dira ur uherrera. Denbora gelditu nahiko luke berriro. Amaiera bat, arnasa hartzeko.

Baina ekialdetik zerua urratzen hasi dira lehen argi-printzak, ia oharkabean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.