Berdin du belaunaldia, berdin du zer bazterretan, badago euskal musikaren bizkarrezurra gorpuztu duen talde sorta bat. Hala ere, horietako gutxi dira euskal musika garaikidean ibilbide egonkor eta luzea izan dutenak. Leihotikan-en musika hainbat formatutan entzun da: kasetean, MP3an… baina ia beti gazteen aurikularretan barrena. Euskal gazteria manugaitzaren belaunaldi bat baino gehiago musikatu du Iruñeko punk rock talde horrek. Agian inoiz ez delako bertako ohiko punk-rock taldea izan. Husker Du eta Adolescents erreferente melodikoagotzat datoz burura, eta baita Bad Religionen idazteko era hitzak ere.
Taldeak musika bizimodu du. Berdin du Gor-en babes garrantzitsua galtzea, industriaren denborak aldatzea, euskal eszenako soinu berriak agertzea… Abestiak egiten dakite, eta, gainera, Gorka Urbizuren ekoizpenarekin, arrakasta ziurtatu dute. Hala, ibilbide luze batean metatuz joaten diren hainbat inertziarekin apurtu eta lan borobila argitaratu dute, Etorkizuna ginenean, zigilu propioa estreinatuz, gainera (Txorimalo Records). Gorka Armendariz abeslariak erantzun die galderei.
Zerk bultzatzen du talde bat, hainbeste urteren ondoren, musika eta disko berri bat egitera?
Azkenean, taldea eta musika zure bizitzeko modua bihurtzen dira, eta beti duzu motibazio berri bat. Oraingoan nabarmena, Gorkarekin [Urbizu] elkarlanean aritzea. Hasiberriak bagina bezala ibili gara, ilusio handiz, eta momentu guztietan gozatzen eta ikasten.
Zer puntutan zaudete orain?
Abiapuntua argi genuen hasieran: musika azkarra egin nahi genuen, ahots melodikoarekin eta euskaraz. 30 urteren ondoren, oinarria mantentzen dugu, baina, hasieran, hitzez eta musika oinarriaz taldekide bakar bat arduratzen zen, eta denborarekin aldatuz joan da, hitza eta oinarriak beste taldekideetara ere zabaldu baitira. Gaur egun, edozein taldekidek egiten ditu, nahiz eta elkarlana beti mantendu dugun.
Eszena musikala ere aldatu da. Zelan ikusten duzue? Non kokatzen duzue zeuen burua gaur egun?
Egia esan, izugarri zabaldu da euskaraz egiten den musika. Estilo guztietara eta, batez ere, joera berrietara. Gure ibilbidean gaztetxeak eta txosnak izan dira jotzeko toki nagusiak. Gorabeherak egon badira ere, toki horiek mantentzen dira, baina egia da azkenaldian edozein estilotako musika taldeekin egokitu zaigula oholtza banatzea; sarritan elektronikoa, eta hori, orain dela urte batzuk, pentsaezina zen. Arraroa egiten zaigu bateriarik edo tresnarik erabiltzen ez duten taldeekin jotzea. Baina musika eta estilo aniztasun hori positibotzat jotzen dugu. Gainera, gazte asko oso prestaturik daude, eta, gauza berriak egiten badituzte ere, hemen egin den aurreko musikari beti begirune handia erakutsi diote. Guk geuk horrela sentitu dugu.
2018tik ez duzue musika berririk argitaratu, eta disko honek orduko Non zaude? hark baino lasaiagoa, goxoagoa dirudi.
Ez dut uste lasaiagoa denik; agian singleak lasaiagoak dira, baina diskoa osorik entzunda, Gorkaren eskua nabaritu arren, oraindik ere %100 Leihotikan dela esango nuke. Ez dakit, ea zer harrera daukan eta ea zaleek zer dioten.
Normalean argitaratzen dituzuenak baino motzagoa bada ere, badago intentziorik edo hausnarketarik formatuari edo narratibari dagokionez?
Azkenaldian, abestiak banaka ateratzen dituzte artista askok, batzuetan digitalean soilik. Guk, aldiz, azkeneko diskoarekin kontrakoa egin genuen: disko bikoitza da, eta ez genuen abestirik aurreratu. Baina berehala konturatu ginen formatu hori ez zela hain erakargarria, hau da, hainbeste abesti batera ateratzea. Beraz, azkeneko lan hau arinagoa izatea nahi genuen, eta zaleei ere gutxinaka eskaintzea.
Zelakoa izan da Gorka Urbizurekin eta Eñaut Gaztañagarekin diskoa grabatzea?
Izugarrizko esperientzia izan da guretzat. Musikari apartak dira, eta buru-belarri aritu dira lanean, baina beti hurbiltasun handiz. Ikaragarri ikasi eta disfrutatu dugu. Haiekiko konexioa primerakoa izan da, eta haien artekoa ere, nabarmena. Hasieratik lokalean Gorkarekin aritu gara, abestiei forma ematen, eta, esan bezala, oso gustura. Gainera, ohitura batzuk hartzen dituzu disko berri baten aurrean, eta Gorka Urbizuk konfort zona horretatik irtenarazi nahi gintuen. Adibidez, Eñautekin Gaztain estudiora [Zestoa, Gipuzkoa] joatea. Disko guztiak Iruñean edo Iruñerrian grabatuak genituen.
Zer da Txorimalo Records? Zelakoa izan da Gor-ekin izan duzuen harremana eta zer ekarri du haien itxierak?
Gor eta Leihotikan familia ginen, eta utzi zutenean pena izugarria izan zen. Harreman handia genuen eremu pertsonalean ere. Baina, egia esan, lehen diskoetxeak eskaintzen zizkizun gauzak guk egiten ditugu orain. Horretarako sortu genuen Txorimalo Records. Gor desagertu ondoren, taldekideok hartu dugu ardura guztia.
Etorkizunerako zer plan du taldeak? Birarik egongo da?
Etorkizunerako planak: lana modu egoki batean aurkeztea; eskarmentu handia dugu, baina oholtzara igo aurretik barruan oraindik kili-kiliak sentitzea; eta jotzen hasi eta kristoren adrenalina igoera izatea. Aurreko diskoekin ez genuen aurkezpen birarik egin. Ateratzen ziren kontzertuak aprobetxatzen genituen diskoa aurkezteko. Oraingoan honi eutsi diogu, eta aurkezpen kontzertuak prestatzen eta programatzen gabiltza. Ez dira oso ugariak izango, baina Euskal Herriko toki ezberdinetan egon nahi dugu. Hiriburuetan ziur, eta Madril eta Bartzelonan ere egon nahi dugu.