Hasi dira orpoen tok-tok hotsak Flamenco on Fire jaialdian

Gaur hasi eta irailaren 1era arte hainbat ikuskizun izango dira, Vianan, Tuteran eta Iruñean. ‘Planta-tacón’ lelopean, dantza izango da nagusi hamaikagarren aldian.

Fernanda Peña flamenko kantaria iaz egindako kontzertuan, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Fernanda Peña flamenko kantaria iaz egindako kontzertuan, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Garazi Karrera
2024ko abuztuaren 23a
14:00
Entzun

«Zer da flamenkoa?» galdetu zuten Flamenco on Fire jaialdiko partaideek 2021ean, eta, ordutik, Arturo Fernandez jaialdiko zuzendariaren hitzetan, modu «dibulgatzailean» saiatu dira azaltzen flamenkoa «kantua, gitarra eta dantza» dela. Horiek horrela, azken hiru urteetan Andaluziako (Espainia) musika eta dantza sostengatzen duten hiru oinarriak izan dituzte jaialdiaren hizpide. Lirika eta gitarra gailendu dira azken bi aldietan, eta zikloa amaitzeko antolatu duten jaialdiaren 11. edizioan, mugimendua eta adierazkortasuna erdigunean jarri nahi izan dituztela aitortu du Fernandezek.

Horren arduradun izango dira egitarauaren parte diren flamenko dantzariak, hala nola Manuela Carrasco, Andaluziako ballet flamenkoko dantza konpainia, Jose Maya, Gema Moneo, Alba Heredia eta Aurora Vargas. Halaber, dantzarien erritmoarekin bat egingo dute beste zenbait musikarik; horien arten dira Raimundo Amador, Gerardo Nuñez, Josemi Carmona, Diego del Morao, Rycardo Moreno, Dani de Morun, Israel Fernandez eta Jesus Mendez. Horiek guztiak, ziklo hauetan bilduko dira: Kontzertu Handiak, Gauekoa, XXI. mendeko oholtza zein Kaleak, Balkoiak eta Patioak. Bestelako ekitaldiak ere antolatuko dituzte; esaterako, Sabicas gitarrista iruindarraren inguruko topaketak egingo dituzte, abuztuaren 29tik irailaren 1era —Agustin Castellon Campos Sabicas (1912-1990, Iruñea), flamenko gitarrista izan zen—.

Nafarroako hiriburuan ez ezik, bada zer entzun Vianan eta Tuteran, eta hori, «herrikotasun printzipioa» betetzeko helburuarekin izan da. «Proiektu kulturala da, eta pentsatu genuen beste herri batzuek ere flamenkoaz gozatzeko eskubidea zutela», adierazi du Fernandezek.

«Hunkitzeko ateak»

Flamenco on Fire jaialdiaren helburua ikusleria «hunkitzea» da: «Emozio hori ate ezberdinetatik sortzen da, eta ate horiek artista bakoitzak bere nortasunarekin eta flamenkoa ulertzeko duten moduarekin irekitzen dira», azaldu du zuzendariak. Horiek horrela, publiko zabalarengana heltzeko xedez, jaialdi «plurala» antolatzen dute, era askotariko artistek osatzen baitute programa, entzule bakoitzak flamenkoan sartzeko atea aurki dezan.

Horren adibide jarri ditu aurtengo bi berritasunak. Batetik, Sabicas oholtza da, gitarrarentzat bereziki sortutako agertokia. Bost gitarra-jotzaile bakarlarik kontzertuak emango dituzte. Alvaro Martinetek emango dio hasiera zikloari asteazkenean; Dani de Moronek, berriz, amaiera, igandean. Bestetik, Duguna dantza taldeari omenaldia egingo diote Iruñeko Udaletxe plazan, hilaren 28an. Aurten 75 urte bete ditu taldeak, eta, urteurrena baliatuta, Josemi Carmonak musikatuko ditu Iruñeko taldearen dantzak. «Proposamen ezberdinak egotea ezinbestekoa da guretzat, norbanako bakoitzak flamenkoan sartzeko atea aurki dezan».

Hain zuzen, horixe bera azpimarratu die Fernandezek jaialdira joateko asmotan direnei: «Utz diezagutela barruan daramatzaten emozioen ateak zabaltzen, oso esperientzia aberasgarria izango baita, flamenkora inoiz gerturatu ez badira ere». Beste kultura ikuspegi bat jasoko dutela ere aipatu du zuzendariak, eta gaineratu «oso aberasgarria» dela edonorentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.