Durangoko 59. Azoka

Hartzen eta ematen jarraitu nahi du Durangoko Azokak

Amaitu da 59. aldia, lau eguneko jardunaldiaren ostean. Kulturazaleentzat egiturazko gune gehiago behar direla ondorioztatu dute antolatzaileek.

Durangoko Azokako Landako gunea, kanpotik. ARITZ LOIOLA / FOKU
Durangoko Azokako Landako gunea, kanpotik. ARITZ LOIOLA / FOKU
Garazi Karrera
2024ko abenduaren 14a
19:30
Entzun

«Adios gaixo etxen dena, adios Xiberua» eta adios Durangoko 59. Azoka (Bizkaia). Musikari, bisitari eta erakusmahaietako kideek kantari eman zioten amaiera aurtengo azokari, Landako gunean: Etxahun Irurik idatzi eta Benito Lertxundik ezagutzera eman zuen Oi ama Eskual Herri kantua abestu zuten «beste urte batez euskal kulturaren erakusleiho handia» izan den azokaren amaieran, egitasmoaren antolatzaileen hitzetan. «Egiturazko espazioak ugaritu» nahi dituzte praktikara eramateko kulturazaleek egunotan erakutsi duten «nahia», euskal kulturgintzak «ohiko hartzaile gehiago» izan ditzan urte osoan.

Euskal kulturgintzak plaza publikoan «lekua hartu» duela nabarmendu dute, azokak duen «zabalkundeari esker». «Aterki horrek euskal kultura bizitzeko bidea ematen die zaleei, azokan parte hartzea balio positiboekin lotzen dutelako», gehitu dute antolatzaileek. Era berean kulturazaleen ardura azpimarratu dute: «Ezinbesteko katebegia dira kultur sistema osasuntsu bat izateko, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak argi utzi digu kulturazaleak prest daudela ardura hori hartzeko».

Horrez gain, adierazi dute aukera izan dutela euskal kulturgintza «bere ertz guztiekin erakusteko». «Azoka Landako gunean hasten den arren, hori baino gehiago da, eta aurten berriro berretsi egin da, guneetako aurkezpenak jendetsuak izan baitira».

Bisitariei eskerrak eman dizkiete; izan ere, Landakon ez ezik azokako beste guneetan ere ilarak egin behar izan dituzte segurtasuna dela-eta, gehieneko pertsona kopurua zaintzeko xedez. «Jakitun gara kulturazale askorentzat ez dela bisita erosoa izan, eta eskerrak eman behar dizkiegu izan duten jarreragatik». Hurrengo urteetan irtenbideak aurkitzen saiatuko direla adierazi dute.

Irati Bazeta ilustratzaileak jaso du Sormen Beka

Beka ebatzi duen epaimahaiak Harien isla izeneko proiektua aukeratu du. Euskara jendea gaia kontuan hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen aurtengo deialdiaren helburua, eta Irati Bazeta ilustratzaileak irabazi du. Datorren urtean aurkeztuko du emaitza, Durangoko 60. Azokan, hain zuzen ere.

Bazetak azaldu duenez, margolaritza umetatik landu izan du, eta, bekaren deialdiaren berri izan zuenean, aurkeztea erabaki zuen. Gaiaren gainean hainbatetan egin du gogoeta azkenaldian, eta hainbat galdera sortu zaizkio, azaldu duenez: «Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garen kontzientziarik? Baliabide berak al ditugu denok euskaraz bizi edo euskarara heltzeko? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa?». Galdera horiei tiraka landu du proposamena, haren bidez gogoeta horiek plazaratzeko asmoz. Eta, aurreratu duenez, asmoa du sormen prozesuan herritarren partaidetza eskatzeko.

Sortzaile gazteen lana sustatzeko asmoz antolatzen du Sormen Beka Gerediaga elkarteak, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta 15.000 euro ematen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.