Eman eta hartu. Hartu eta eman. Bi hitz horiek sortzen duten sinergia izan dute ardatz aurtengo Durangoko Azokako leloa sortzeko: Hartzea ematea DA! «Kultura jasotzea gizarteari bueltan emateko bide bat da», azaldu du Beñat Gaztelurrutia azokako koordinatzaileak. Haren esanetan, kultura jasotzeko eta haren alde egiteko modu bat da Durangoko Azokan egotea; «irakurtzea bestela idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea...». Leloaz gain, aurtengo kartela ere aurkeztu dute gaur. Udatxo eta Balu artistek egin dute, biek batera, zenbait teknika baliatuz. 59. azoka izango da aurtengoa, eta abenduaren 5etik 8ra egingo dute.
Euskarazko sorkariek duten publikoaz ere mintzatu da Gaztelurrutia: «Badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian». Hori dela eta, Durangoko Azokak behar horri erantzuteko «ahalegina» egingo duela gehitu du, Durangora (Bizkaia) bertaratzea kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako.
Kartel «berritzailea»
Bi artistak egin dute aurtengo azokako kartela; Udatxo eta Baluk, hain zuzen. Berezia da kartela, eta, antolatzaileen esanetan, berezia izan da hura sortzeko prozesua ere. Hainbat geruzaz osatutako artelan bat da kartelaren muina. Geruza horiek collage eran sortuta daude, euskal kulturaren «erreferentzia» diren irudiekin —besteak beste, Hertzainak taldearen Hertzainak diskoaren eta Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren azalen zatiak daude—, eta azokako aurreko urteetako karteletako batzuen zatiekin. Aurkezpenean prozesuaren muntaketa irudikatu dute bi marrazkilariek, collagearen irudia mihise batean jarri eta kartel osoaren emaitza ikusi zedin. Leloa collagean integratuta dago, baita bi esku ere. Esku horiek garrantzi berezia dute egileentzat. Udatxo: «Eskulana da guretzat garrantzitsuena, eskuak baitira gure eguneroko tresna».
«Kasualitatez nabaritu genuen kartelaren forma bihotz batena zela, eta solastatzen hasi ginen bihotzak ere hartu-eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatuz»
BALUArtista
Sorkuntza prozesua nolakoa izan zen oroitu du Baluk. Kontatu duenez, euren lana pixkanaka joan zen «forma berezia» hartuz: «Kasualitatez nabaritu genuen kartelaren forma bihotz batena zela, eta solastatzen hasi ginen bihotzak ere hartu-eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatuz».
Diziplina anitzeko artista bat da Balu; Ormaiztegin jaio zen (Gipuzkoa), baina duela urte batzuetatik Bartzelonan bizi da. Grafitiekin hasi zen artearen munduan, eta arte urbanorako duen zaletasunak oraindik ere bere horretan jarraitzen du artistarengan. 2021ean, Canal Gallery galeria ireki zuen Bartzelonan. Bertan, bestelako galeriek duten salerosketa dinamika alde batera utzi, eta artistengan jartzen du begirada, eurek nahi duten hori transmititzen laguntzeko. Gainera, galeria izateaz gain, «gune kultural» gisa ere definitzen du artistak.
Udatxo obra handiagoak egitera ohituta dago, muralista eta margolaria baita izatez. Euskal Herrian eta Espainian muralak egindakoa da. Arte Ederretako gradua ikasi zuen Bilbon, eta Parisen egonaldi bat ere egin zuen. Haren lanetan —batez ere muraletan— eguneroko eszenak margotzea gustuko du. Arte urbanoaren jarraitzaile sutsua da Udatxo ere.
Lanean jarraitu
Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikaren ustez, azoka «indartsu» dago, eta «pozik» dago horregatik: «Hasierako ametsak marraztuz joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun». Hala ere, lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du: «Euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik».
Halaber, Mujikak Jon Irazabal izan du gogoan aurkezpenean, abuztuan zendu baitzen. Gerediaga elkarteko kudeatzaile eta Durangoko Azokako zuzendari izan zen, eta historialari eta idazle ere bai. «Ondare itzela utzi digu», esan du.
«Euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik»
NEREA MUJIKAGerediaga elkarteko presidentea
Azokako antolatzaileak egitaraua osatzen ari dira gaur-gaurkoz. Sortzaileek euren proposamenak bidaltzeko aukera izan dute, eta, orain, gune bakoitzeko arduradunen esku dago egitarauak ontzea. Lau egunez, Landako guneko salmenta postuez gain, nobedadeen aurkezpenak, solasaldiak eta tailerrak ere egongo dira, besteak beste. Aurten, azokaren lehen egunean egingo dute ikasleen goiza, eta haientzako tailerrak egingo dituzte guneetan. Publiko orokorrak ere bertaratzeko aukera izango du egun horretan. Irekiera 10:30ean izango da.
Azokaren aurretik, ordea, DA Pro! egitasmoa egingo dute. Kultur sortzaileen eta programatzaileen arteko harremana sortzea du helburu proiektuak. Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko dituzte euren proposamenak, lagin txikien bitartez. Horrela, proiektu berriei aukerak ematen zaizkie Euskal Herriko herrietan plazak izateko. Bi sail egongo dira: familia ikuskizunak eta musika. Sortzaileek ostiral honetara arte izango dute izena emateko aukera, Durangoko Azokaren webgunean. Programatzaileen txanda azaroaren 11tik aurrera izango da. Topaketak azaroaren 26an eta 27an izango dira. Lehenengo egunean, familia ikuskizunen txanda izango da, Bizenta Mogel liburutegian. Hurrengo egunean, ordea, Plateruenan aurkeztuko dituzte musika proposamenak.