Hartza, historian barna

Historiaurretik gaur egunera hartzak Gipuzkoan izan duen presentzia aztertzen du Ekainberrin erakusketa batek. Herriz herri ibiliko da gero

Erredakzioa
Donostia
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Historiaurretik gaur egunera bitarte herrialdean presentzia izan zuten hartz espezieak ditu aztergai Hartza Gipuzkoan erakusketak. Hartz horien hainbat arrasto nahiz irudikapen bildu dituzte, eta Ekainberrin (Zestoa, Gipuzkoa) izango dira guztiak ikusgai, ekainaren 30era bitarte.

Hiru hartz espezie dira erakusketako protagonistak: Deninger hartza (Ursus deningeri), duela 250.000 urte bizi izan zena; haren bilakaera izan zen haitzuloetako hartza (Ursus spelaeus), duela 150.000 eta 25.000 urte artekoa; eta gaur egungo hartz arrea (Ursus arctos), duela 90.000 urte inguru iritsi zena Europara eta Gipuzkoan XVI. mendean desagertu zena. Herrialdeko hamasei aztarnategitan aurkitutako bi garezur, bi letagin eta bi femur jarri dituzte ikusgai. Horiekin batera, garaiko gizakiek eginiko hainbat irudikapen daude: Ekaingo leizeko (Gipuzkoa) labar margo baten erreplika, hartz arre eme bat eta haren kumea irudikatzen dituena jarri dute ikusgai, baita harrian landutako lau irudikapen txiki ere, Izturitze eta Otsozelaiko harpeetan (Nafarroa Beherea) aurkitutakoak. Piezarik esanguratsuena, dena den, Lezetxikiko kobazuloko (Arrasate, Gipuzkoa) duela 200.000 urteko garezurra da, halako bakarrenetakoa Europan.

Gordailuak bere funtsekin antolatu du erakusketa, Ekainberri eta Donostiako San Telmo museoarekin elkarlanean. Herriz herri eramango dute ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.