PANDA BEAR
'Sinister Grift'
Diskoetxea: Domino.
Animal Collective banda lisergikoko Noah Lennox musikariaren bakarkako egitasmoa da Panda Bear, eta Sinister Grift hau da estatubatuarrak azken bost urteotan plantigradoaren izengoitiaren markarekin plazaratu duen lehen lana, aurretik Buoys (2019) kaleratu baitzuen. Tartean, baina, Reset (2022) zoragarria argitaratu zuen Sonic Boom (Spacemen 3) musikari britainiarrarekin elkarlan estuan, zeina 50eko eta 60ko urteetako pop melodia klasikoetan errotuta dagoen, besteak beste grabazioan jasotako The Everly Brothers-en eta Eddie Cochran-en sampleak tarteko.
Bada, Panda Hartzaren ahalegin berriak Reset bikain hark zabaldutako bidean sakontzen du; izan ere, Reset-en itzala hain izan da luzea, diskoaren beste bi bertsio ere azaleratu baitira, lehenengoa dub bertsioa eta beste mariatxi kutsukoa.
Sinister Grift, hain zuzen ere, dub oihartzunetan lehertzen den Praise kantuarekin abiatzen da, gero Beach Boys eta Beatles klasikoetatik edaten duten harmoniez koloreztatzeko. Antzeko margoz jantzita ageri da bigarren doinua, Anywhere but Here, zeinetan Lennoxen alabak portugaleraz idatzi eta errezitatutako olerki bat entzuten den —estatubatuarra, egun, Lisboan bizi da, eta bertan eraiki duen estudioan grabatu du lan berri hau, Animal Collectiveko taldekide eta lagun Josh Dibbekin lankidetzan—.
Dibb lagun minaren eragina ere nabarmena da diskoan —bi musikariak arduratu dira ekoizpenaz—, Lennoxen aurreko ahaleginekin alderatuta, grabazio hau askoz argitsuagoa eta askotarikoagoa baita; hitz bitan esanda, aurreko diskoak baino askoz popzaleagoa da. Halere, poparekiko jarrera hori bestelako sonoritate beroagoekin janzten ere jakin du bikoteak; esaterako, Ends Meet eta Just as Well abestiek reggae eta latin izpi bizi-biziak haizatzen dituzte. Bigarrenean entzuten den gitarra riff sinple bezain eraginkorrak ore dantzagarria osatzen du, ahotsek ore horretan jolas daitezen. Bi horien ondotik datorren Ferry Lady-k ere Kariberako bidea hartzen du.
Diskoaren bigarren zatiari dagokionez, ilunago, geldoago eta lirikoago hondoratzen da, obrari beste alde sakonago bat eransteko, Venom's In eta Left in the Cold psikodelikoak dira aldaketa horren adierazle. Bigarren zati itzaltsu horretan, halaber, agertzen da Elegy for Noah Lou akustikoa, minimala eta goibela. Eta hor obrak gailurra zapaltzen du, areago Defense izenburuko azken hatsari lotuta dagoenean, zeinetan 2024an Diamond Jubilee lan hirukoitz monumentala grabatu duen Cindy Lee musikariaren gitarrak entzuten diren, bai eta iruzkin honen sarreran aipatutako Reset-en oihartzunak ere. Horiek horrela, musikari estatubatuarrak zizelkatutako ibilbidearen azken etapan egindako urrats koherente eta sendoa da Sinister Grift, bere izaera melodiko eta kaleidoskopikoa tarteko.
Musikariaren bestelako nortasuna osatu duten ezaugarri berritzaile horiek, nahiz eta iraganean sustraituta dauden, Sonic Boomekin landutako kantuetan erakutsi zituen Lennoxek. Ondorioz, lan honek Panda Bear-en azken obra biribiltzen du. Ez hori bakarrik, 2025eko lehenengo hiruhilekoan plazaratutako lan interesgarrienetarikoa da, behintzat pop eremuari dagokionez. Azkenik, nabarmentzekoa da oso musikariaren neska-lagun Rivka Ravedek azalerako egindako margolana. Ahaztu baino lehen, Panda Bear Bilboko Kafe Antzokian izango da martxoaren 23an.