Asier L.I. Musikaria

«Harriturik nago: orain, zenbait lekutatik jotzeko deitu ere egiten didate»

'Oro bat' diskoarekin aurreko lanekin baino oihartzun handiagoa lortu du Asier L.I. musikariak. Pop atmosferiko eta akustikoa landu du, nortasun biziko ahots etereoz eta piano soilez. Arreta bereganatzen ari da.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Hasi eta buka. Diskoa zuzenekoetan aurkezteko modua hori du:Baina lehen kantutik, Ñabardurak hamahirugarreneraino, diskoko orden berean. Ordubete eta bost minutuak pasatxo. «Badakit bai guretzat eta baita publikoarentzat exigentea dela proposamena, baina diskoak badu ildo narratibo bat, eta hura errespetatzea gustatzen zait. Diskoak badu nahiko pisu bere horretan islatzeko. Jendeak nire aurreko lanak ezagutuko balitu, akaso tartekatuko nukeen besteren bat, baina ez da kasua», azaldu du, barre artean, Asier Lopez Iraola musikariak (Beasain, Gipuzkoa, 1979).

Asier L.I. izen artistikoz sinatzen ditu lanak, eta, berak ondo esan bezala, aurrez baditu hainbat plazaratuak. Bere Bandcampen daude entzungai Errotik (2012) eta Entelekia (2013) aurreko bi diskoak ere. Lehenago, jazz eta musika klasikoko seikote batekin grabatu zuen, Donostiako Jazzaldiko tokian tokiko atalean jo ondoren, baina azken hirurek dute batasun estilistiko bat. Pianoa eta ahotsa dute ardatz lan horiek; akustikotasun biluzi bat, edo biluztasun akustiko bat.

Horregatik, «harrituta» dago iazko abenduan kaleraturiko Oro bat lanak, aurrekoek baino oihartzun handixeagoa izan duelako: «Aurrekoak bidali nituen leku berberetara bidali nuen azkenengo hau ere, hedabide eta kultur etxeetara. Kultur etxeetan aldaketa bat gertatu da, ez dakit belaunaldi kontua izan den edo zer... baina, orain behintzat, erantzun egiten didate. Ez hori bakarrik, zenbait lekutatik jotzeko deitu egiten didate orain». Esate baterako, Irungo Oiasso Museotik deitu zioten, eta bihar emango du han kontzertua. Hasi eta buka, Baina lehen kantutik, Ñabardurak hamahirugarreneraino.

Eta alboan izango ditu Fredi Pelaez (Hammond teklatua) eta Iñaki Telleria (perkusioa), diskoa grabatzean bezalaxe. Hain zuzen ere, Pelaezek Beasainen (Gipuzkoa) duen Pottoko estudioan grabatu zuen. Asier L.I.-k pianoa joko du, eta abestu egingo du, Antton Iturbe musika kritikariak Badok.eus-en egindako erreseinan azaldu bezala, Euskal Herrian oso ezohikoa den proposamena eginez. Asier L.I.-ri bere musikaren ezohikotasunaz galdetuta: «Musika asko entzuten dut, eta entzuten dudanarekin alderatuz, ez zait hain arraroa egiten. Arraroa da nik bakarrik egin dezakedan heinean, hau da, norberak egin dezakeena beste inork ezin duelako egin. Testuinguruan jarrita, ez zait hain ezohikoa iruditzen. Nire asmoa ez da ezohikoa izatea».

Prosodia zainduz

Ezohikoa izan ala ez, hasieratik atentzioa ematen duen lana da Asier L.I.ren Oro bat. Atentzioa ematen du pianoaren soiltasun eta sotiltasunez lagundurik, ahotsak nola egiten duen gora, airerantz, ingrabitate pultsu bat baleuka bezala: «Kantatzeko moduak eraman nazake horretara, airean sostengatua egotearen kontuagatik, eta baita tempo geldoagatik ere. Lurra gutxiagotan ukitzen dugula dirudi horrela». Ahotsa. Eta, harekin batera ahozkotasuna. Biak «funtsezkoak» izan baititu lan berrian. «Prosodia bera asko zaindu dut, hau da, azentua. Neuretzat euskarazko ahozkotasuna den hori zaintzen saiatu naiz, ez zait gustatzen gaztelaniazko prosodia inportatzea. Saiatu naiz esaldi musikalak egiterakoan ere hitzaren azentua mantentzen. Prosodia mantenduz narratibotasuna ez galtzea izan da erronka». Eta ahozkotasun hori pop atmosferiko batez bildu du, lirikotasun etereo batez. Ez ditu alferrik gustuko eta erreferentzia nabarmen ambient musika eta Brian Eno bera. «Ambient musikak, linealtasun bat planteatu beharrean, egoera bat planteatzen du, denboratasun dilatatu bat, eta, denboratasun horretan, elementu sonoroak daude. Nire erronketako bat izan da konposatzeko modu hori abestigintzara eramatea. Oroaroa kantuan, esaterako, estribilloak ematen dio melodikotasuna, baina ordura arteko pasarteak ambient ukitu bat dauka».

Ez dira hor amaitzen Asier L.I.-ren eraginak, ordea. Belarriak beti erne ditu, musika ikasketak behin 20 urteak beteta egin zituen musikariak. Filosofia ikasi zuen aurrena, eta ondoren Bartzelonara joan zen musikaren inguruko lehen ikasgai teorikoak jasotzera —«ordura arte, belarriz egiten nuen dena»—. Ondoren, konposizioa ikasi zuen bost urtez Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegian. «Ez naiz etnomusikologoa, baina denetarik entzuten dut». Musika elektronikoa maite du: «Gogoz geratu naiz, lan honetan elektronika pixka bat sartzeko, baina uste dut hurrengoan erabiliko dudala». Oro bat-en erabili duena hitz errezitatua (Psiko-Soma), sehaska kantu sofistikatuak (Bat-bat, Oroaroan), pastoraletako kantu erritmoak eta «doinu-kolore arabiarren» nahasketa (Oheko aztarna) ere biltzen ditu, besteak beste. Hasi eta buka entzutekoa da.

KONTZERTUA

Noiz: Bihar, 20:00etan.

Non: Oiasso museoan, Irunen (Gipuzkoa).

Elkarrizketa osoa irakurri nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500