"Duela 28.000 urte harriari kolpeka aritzen ziren gure arbasoak. Soinurik ez zen faltako! Guk ez dugu asko aurreratu, harriari kolpeka jarraitzen baitugu, baina beste helburu batekin", adierazi du txantxetan Mikel Ugarte txalapartariak. Musika sortzeko helburuarekin aritu dira harriari kolpeka, hain justu. Izan ere, disko berria kaleratu du Oreka Tx taldeak, harrizko txalapartatik abiatuz sortu dituzten melodiekin. Silex (Txalaparta) diskoa osatzeko, gainera, Kalakan hirukotearen eta Alosquartet laukoteko Xabier Zeberioren parte hartzea izan dute, beste hainbat lagunekin batera.
Oreka Tx taldearen hirugarren lana da Silex, eta, Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartariaren esanetan, taldearen izaera eta soinua ongien islatzen dituena da, aurreko bi lanak —Quercus Endorphina eta Nomadak Tx— proiektu zabalagoetara lotuta baitzeuden. "Azken urteetan, musikaren lanketaren bitartez, lortu dugu nolabait Oreka Tx-ren soinu hori, gurea propioa sentitzen duguna, eta hori jasotzen du disko honek".
Esperimentazioaren bidetik dator disko hau ere. Taldeko kideek azaldu dutenez, material askorekin lan egin dute orain arte: egurra, toberak, eta baita harria ere. Harriak afinatzen hasi, eta 27 harri dituen litofono erraldoi bat sortu dute oraingo honetan. Taldekideen esanetan, melodiak lantzen jarraitzeko aukera eman die instrumentu berriak. «Lanean hasi ginenean menderatzen ez genuen tresna berri baten aurrean ginela sentitu genuen, baina sei hilabeteko prozesu baten ondoren, lortu dugu tamaina hartzea txalaparta honi ere, eta horrek musika konposatzeko aukerak ugaritu dizkigu», esan du Ugartek.
Berrikuntza gehiago ere baditu Silex lanak; izan ere, makilen ordez kanaberak erabiltzen hasi dira, eta horiek ere afinatu egin dituztela kontatu dute bi txalapartariek. "Harriaren eta kanaberaren artean soinu berri bat sortu dugu, oso bitxia eta Oreka Tx-en soinu propio bilakatu dena".
'Herritmo' ikuskizuna
Martinez de San Vicente eta Ugarte txalapartariek ez ezik, Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariek osatzen dute Oreka Tx. Eta beste hainbat lagunek ere hartu dute parte Silex diskoan. Besteak beste, Alosquartet laukoteko Xabier Zeberiok lan egin du diskoan, baita Kalakan hirukotea osatzen duten Thierry Biskarik, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk ere. Bereauk esan duenez, plazera eta ohorea da Oreka Tx-rekin lanean aritzea; izan ere, talde horretakoak izan ziren Kalakan proiektuan sinistu zuten lehenetarikoak.
Diskoko abestiak Jon Maiaren, Uxue Alberdiren, Ernest Alkhateren eta Luis Mari Mujikaren hitzekin osatu dituzte. Abesti guztiek orekaren, indarraren eta erronkaren kontzeptuak lantzen dituztela azaldu dute taldekideek, horiexek baitira disko honekin jorratu nahi izan dituzten gaiak.
Bestalde, abenduaren 11n Herritmo ikuskizuna estreinatzekoak dira, Bilboko Arriaga antzokian, eta jakinarazi dute ikuskizun horretako abesti gehienak batzen dituela Silex diskoak. Oreka Tx-k musika jarriko dio ikuskizun horri; Kalakan-ek, berriz, kantua, eta Kukai konpainiak dantzaz jantziko du.