Harritik eratorritako melodiak

Oreka Tx taldeak 'Silex' diskoa aurkeztu du, Kalakan hirukotearen eta Xabier Zeberioren parte hartzearekin

Oreka Tx taldekoak, Silex diskoa aurkezten, atzo, Donostiako San Telmo museoan, Kalakanekoekin eta Xabier Zeberiorekin batera. J. C. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Duela 28.000 urte harriari kolpeka aritzen ziren gure arbasoak. Soinurik ez zen faltako! Guk ez dugu asko aurreratu, harriari kolpeka jarraitzen baitugu, baina beste helburu batekin», adierazi du txantxetan Mikel Ugarte txalapartariak. Musika sortzeko helburuarekin aritu dira harriari kolpeka, hain justu. Izan ere, disko berria kaleratu du Oreka Tx taldeak, harrizko txalapartatik abiatuz sortu dituzten melodiekin. Silex (Txalapart) diskoa osatzeko, gainera, Kalakan hirukotearen eta Alosquartet laukoteko Xabier Zeberioren parte hartzea izan dute, beste hainbat lagunekin batera.

Oreka Tx taldearen hirugarren lana da Silex, eta, Harkaitz Martinez de San Vicente txalapartariaren esanetan, taldearen izaera eta soinua ongien islatzen dituena da, aurreko bi lanak —Quercus Endorphina eta Nomadak Tx— proiektu zabalagoetara lotuta baitzeuden. «Azken urteetan, musikaren lanketaren bitartez, lortu dugu nolabait Oreka Tx-ren soinu hori, gurea propioa sentitzen duguna, eta hori jasotzen du disko honek».

Esperimentazioaren bidetik dator disko hau ere. Taldeko kideek azaldu dutenez, material askorekin lan egin dute orain arte: egurra, toberak, eta baita harria ere. Harriak afinatzen hasi, eta 27 harri dituen litofono erraldoi bat sortu dute oraingo honetan. Taldekideen esanetan, melodiak lantzen jarraitzeko aukera eman die instrumentu berriak. «Lanean hasi ginenean menderatzen ez genuen tresna berri baten aurrean ginela sentitu genuen, baina sei hilabeteko prozesu baten ondoren, lortu dugu tamaina hartzea txalaparta honi ere, eta horrek musika konposatzeko aukerak ugaritu dizkigu», esan du Ugartek.

Berrikuntza gehiago ere baditu Silex lanak; izan ere, makilen ordez kanaberak erabiltzen hasi dira, eta horiek ere afinatu egin dituztela kontatu dute bi txalapartariek. «Harriaren eta kanaberaren artean soinu berri bat sortu dugu, oso bitxia eta Oreka Tx-en soinu propio bilakatu dena».

'Herritmo' ikuskizuna

Martinez de San Vicente eta Ugarte txalapartariez gain, Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariek osatzen dute Oreka Tx. Horiez gain, beste hainbat lagunek ere hartu dute parte Silex diskoan. Besteak beste, Alosquartet laukoteko Xabier Zeberiok lan egin du diskoan, eta baita Kalakan hirukotea osatzen duten Thierry Biskarik, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk. Bereauk esan duenez, plazera eta ohorea da Oreka Tx-ekin lanean aritzea; izan ere, talde horretakoak izan ziren Kalakan proiektuan sinistu zuten lehenetarikoak.

Diskoko abestiak Jon Maiaren, Uxue Alberdiren, Ernest Alkhateren eta Luis Mari Mujikaren hitzekin osatu dituzte. Abesti guztiak orekaren, indarraren eta erronkaren kontzeptuak lantzen dituztela azaldu dute taldekideek, horiexek baitira disko honekin jorratu nahi izan dituzten gaiak.

Bestalde, Silex diskoak abenduaren 11n Bilboko Arria- ga antzokian estreinatzekoak diren Herritmo ikuskizuneko abesti gehienak batzen dituela jakinarazi dute. Oreka Tx-k musika jarriko dio ikuskizun horri, Kalakanek, berriz, kantua, eta Kukai konpainiak dantzaz jantziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.