Harrikada Fest, barrikada izateko prest

Harrikada «tekno, queer eta feminista» festibalak ohiko musika jaialdi erraldoien aurkako formatu bat eskainiko du, ostiraletik igandera bitarte, Izarran. Ander Arze, Elena Barker, Nastia eta Adriana Lopez izango dira artistetako batzuk.

Harrikada Fest jaialdiko lehen aldia, Ozetan, 2018. urtean. KAULDI IRIONDO
Harrikada Fest jaialdiko lehen aldia, Ozetan, 2018. urtean. KAULDI IRIONDO
Garazi Karrera
Araba
2024ko uztailaren 24a
05:05
Entzun

Helburua: egungo jaialdi kapitalista, kontsumista, matxista eta bortitza suntsitzea. Nola? Zaintzaren bidez. «Hori da guretzat motibazioa; beste guztiek egiten dutena egiteko, ez dugu egingo», aldarrikatu du Galder Beramendi Harrika kolektiboko kideak. Pentsamendu horri helduta sortu dute Harrikada festibala: tekno musikarekin girotutako eta zaintzan eta inklusioan oinarritutako jaia. «Tekno, queer eta feminista» gisa definitzen dute jaialdia: «Emakume eta LGTBIQ+ kolektiboko artistak erdigunean jartzeko sortu genuen festibala. Egun, gauzak asko hobetu diren arren, festibaletako programazioetan gizon zisheteroak dira jaun eta jabe. Alternatiba bat eskaintzeko asmoz, protagonismoa eman nahi izan diegu eredu hegemonikotik kanpo geratzen direnei».

Harrikada jaialdia ostiraletik igandera bitarte izango da, Izarran (Araba). Egitarau plurala eskaintzen dute: tokikoak, nazioartekoak, artista ezagunak eta hasiberriak. Euskal Herritik, Ander Arze, Andreas Cuello, Celia Carrera, Elena Barker eta Bede Ben izango dira, besteak beste. Espazio ezberdinetako artistak biltzen saiatu direla esan du Beramendik, bertako uzta elektronikoaren erakusleiho izan nahi baitute.

Nazioartetik, berriz, Nastia eta Adriana Lopez nabarmendu ditu Harrika kolektiboko kideak: «Oso berezia da horrelako artista handiak festibal txiki honetara etortzea». Nastia Ukrainako DJ bat da, gerragatik erbestean bizi dena, eta hogei urteko ibilbidea du ekitaldi sustatzaile, ekoizle eta diskoetxeko buru gisa. Lopez Bogotan (Kolonbia) jaioa da, eta 2003an Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan zenean, mundu osoko bira bat abiatu zuen, goi mailako klub eta jaialdietako emanaldiak eskainiz.

Musikaz gain, tailerrak eta performanceak ere izango dira Harrikada festibalean. Adibidez, festa giroan komunikazio ez-bortitzez mugak nola jarri azalduko du Franzi Reutenberg psikologoak. Bestalde, Shibari tailerra ere egingo dute, TiraKa & Herensugearen eskutik, eta handpoke zein flash tattoo saioa emango du Nefer Olaizolak. Performanceei dagokionez, esaterako, Celeste Poliester ikusteko aukera izango da larunbatean, eta Andriginia igandean.

Topaleku

«Jaialdia baino gehiago, topaketa bat da, elkar ezagutzeko eta aukera berriak sortzeko», azaldu du Beramendik. 300 lagun inguru espero dituzte, baina eremua «zabala» dela aipatu du antolatzaileak, kanpalekuarekin eta igerilekuarekin. Jaialdia ahalik eta modurik jasangarrienean antolatzen saiatu direla ere esan du, hori izan baita Harrika kolektiboaren ardatz nagusia: «Zaintza oso garrantzitsua da bai jendearekiko, baina baita naturarekiko ere». Hain zuzen, naturarekin berriro konektatu nahi izan dutelako antolatu dute beste urte batez jaialdia.

Lehen aldia 2018an izan zen, Ozetan (Araba). Kolektiboak jaiak antolatzen jarraitu du, bi urtez, aretoetako dantzalekuetan, eta orain, «profesionalizatuagoak» sentitzen dira: «Lehen aldi horretan zuzenean jaialdi bat sortu genuen, eta hemen ez zegoen horrelako eszenatokirik. Egia da bertatik sortu zela Harrika komunitatea eta kolektiboa. Orduz geroztik, bi urte igaro ditugu jaiak egiten Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta orain badakigu nola egin behar diren gauzak. Alde horretatik, pozik gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.