Harrien tragikotasun arina

Miguel Etxauriren sekula erakutsi gabeko lanak jarri dituzte ikusgai Iruñean, hari eskainitako fundazioan

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Harrien pintorea». Ongi irabazia du ezizena Miguel Etxauri margolariak (1927, Iruñea). Lurraren kolore ñabardura guztiak hartzen ditu haren paletak, eta basamortu paisaia idor eta biluziak dira nagusi haren koadroetan. Abandonatutako etxe eta inguruak. Harea zaporea dute, kasik. Pertsonarik ez da ageri; harriak. Harri pilo bat. Hondakinetan diren etxeak eta hutsik diruditen herriak. Artistaren hitzek ongi deskribatzen dute haren margolanek irudikatzen duten giroa. «Ez dakit zer neurritaraino den soila nire pintura, baina bada serioa, eta arinki tragikoa». Aurrez sekula erakutsi gabeko haren lanak jarri dituzte orain ikusgai Iruñean, Miguel Etxauri Fundazioan, eta urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik erakusketa.

85 urte ditu artistak egun, eta lehen baino gutxiago bada ere, margotzen jarraitzen du oraindik. Iruñeko San Anton kaleko 6. zenbakian ditu etxea eta estudioa, bere fundazioaren gaineko solairuetan, hain justu. Bertan sortzen ditu irudi idor horiek. Pertsianak itxita, eta argi artifizialez, beti. 18 urterekin Kuban familiaren negozioak gidatzen aritu ondoren, Uruguain emandako urteetan hasi zen hala margotzen. Pintura eskolak ematen zituen egunez, eta gauez sortzen zituen bere lanak. Argi artifiziala erabili behar, beraz, ezinbestean. Eta mantendu egin du geroztik joera hori. Hortik datoz koadroetako argiztapen efektista eta dramatikoa. Barroko garaiko argi indartsu eta zuzenen modukoa. Caravaggio, Zurbaran eta Daliren eragina igartzen dio, adibidez, Edorta Kortadi arte historialariak Etxauriren argiari.

Javier Ziga margolariarekin hasi zituen ikasketak, baina Uruguain egin zen pintore. Sorterrira itzuli zenean, «kolpe bat» izan ziren Etxauriren piezak garai hartako Iruñeko arte zaleentzat, Emilio Quintanilla fundazioko zuzendari teknikoak azaltzen duenez. «Gauza guztiz klasikoetara ohituta zeuden hemen, eta Etxauriren margolanak apurtzaileak izan ez arren, deigarri egin zitzaizkien harriz betetako bodegoi horiek. Interes handia piztu zuen. Berehala izan zuen arrakasta, eta oso kritika onak jaso zituen».

Luzea da, ordea, Etxauriren ibilbidea. Berrogei urtez aritu da lanean, eta garai guztietako lanak bildu dituzte erakusketan. Informalismoak tentatu zuen Etxauri gaztea 1960ko hamarkadan, baina abangoardiaren orpotik zoraturik joan gabe egin zuen bere ibilbidea. Antonio Tapies eta garai hartako beste artista askoren eragina igar daiteke koadro horietan. «Kiskalitako lurren garaia» deitzen du Quintanillak, eta inguru lehor bat irudikatzen duten bi triptiko aipatzen ditu frogatzat.

Lur koloreak eta paisaia idorrak dira nagusi garai horretako margolanetan ere, eta ez da figuraziotik aldentzen, baina garrantzi berezia ematen dio materiari. Agerikoak dira pintzelaren arrastoak mihisean, baita espatularenak ere. Baretuz joango da gero haren margokera urteekin. Koloreak indarra galdu, eta lerroa gailenduko da berriz ere. Zehaztasuna irabaziko dute haren irudiek horrekin, eta pisu handiagoa hartuko dute harriek koadroetan. Xehetasun gehiago.

Oroitzapen egiten den bizitza

Trantsizio horretan sortu zituen bere lehen harri bodegoiak, eta bere sinadura dira egun. Garai hartatik datorkio ezizena, Quintanillak azaltzen duenez: «Harrien pintorea». Izan ere, denboraren joana da Etxauriren margolanaren konstante nagusia, arte adituaren hitzetan. «Obsesioa», dio hark. «Desagertu egiten den mundu bat irudikatzen du. Badoan denbora. Eta ikuslea da, gero, horri emozioa jartzen diona. Hor daude abandonatuta diruditen herri zaharrak, esaterako, eta haien ondoan haiek baino are zaharragoak diren harriak. Pasatu egiten dira gizakiak, eta harriak dira irauten dutenak». Bildumako koadroak biltzen dituen katalogoan, Maria Luz Arlaban poetaren bertso lerro batek deskribatzen du sentsazio hori: «Oroitzapen egiten da bizitza».

Bilduma pribatuetan izan dira orain arte erakusketako koadro guztiak, eta orain erakutsi dituzte publikoki lehenengoz.

Erakusketari buruzko bideoa ikusteko, bisitatu BERRIAren webgunea:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.