Harridura guztien ehizan

Marta Cardenas margolariaren atzera begirakoa antolatu du Bilboko Arte Ederren Museoak.Artistaren paper gaineko 295 obra eta 55 koaderno batzen ditu bildumak

Marta Cardenas margolariaren 295 obra eta 55 koaderno biltzen ditu Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Japoniar haikuen xalotasunez uztartzen ditu sakontasuna eta inozentzia Marta Cardenas artistak hizketan (Donostia, 1944). «Harridura eta miresmen handiz ohartu nintzen, bat-batean, eskuinetik ezkerrera argituta zegoela aurrean nuen harria, eskuinetik ezkerrera ilargia ere, eta eskuinetik ezkerrera ni neu. Harria, ilargia eta ni, hirurok argitzen gintuen eguzki berak. Sekulako emozioa izan zen. Eta listo». Aitak akuarela kutxa bat oparitu zioneko lehen sorpresa kontatuz hasi du kontakizuna Cardenasek, eta ilargipean harri hori topatu zueneko emozioarekin eten du haria. «Eta listo». Denbora balu, urratsez urrats, koadroz koadro, zertzeladaz zertzelada kontatuko luke bere ibilbidea. Izan, sorpresaz sorpresako ibilbide bat baita pintura Cardenasentzat. Eta harridura oro ehizatzeko saio hori da Bilboko Arte Ederren Museoan ikus daitekeena. Paperean egindako 295 obra eta 55 koaderno eman zizkion iaz artistak museoari, eta erakusketan jarri dituzte orain denak. Irailaren 7ra arte egongo da zabalik, eta atzera begirako zabala prestatzen ari dira datorren urterako Donostian ere.

Haize kontra irudikatu du Javier Viar Arte Ederren Museoko zuzendariak Cardenas. «Urte askotan, presentzia oso indartsua izan zuen abstrakzioak. Gustu burges eta frankistaren aurkako arma gisa ere erabili zen arte mota hori zenbaitetan, eta oso fruitu onak eman zituen Euskal Herrian. Hurrengo belaunaldia nagusiki figuratiboa izan zen, ordea, eta zail egin zitzaien sarbidea artista figuratibo horiei, eta etsaikeria handi xamar hartu zituzten maiz». Eta baietz Cardenasek azken esaldi horri. Vicente Ameztoi, Carlos Sanz eta Ramon Zuriarrainekin batera erakutsi zituen bere lanak sarri askotan, pintura figuratiboarekiko interesa partekatzen zuten beste pintore sorta garrantzitsu batekin batera, alegia. Eta, aldaketak aldaketa, figurazio horri eusten dio oraindik ere haren paletak.

Paisaiak, pintzel mugimendu bakarraz marraztutako ballet dantzariak, oheak irudikatzen dituzten margolan koloretsuak, erretratuak, zuri-beltzeko industriaguneak... Konpultsiboa da Cardenasen jarduna. «Beti daramat koaderno bat aldean». Aitak eman zion aholku hori ume zela, eta nagusituta ere zintzo betetzen du gomendioa. 61 urte ditu orain, eta hiru koaderno atera ditu poltsatik. Marraztekoak dira haietariko bi, eta idaztekoa bestea. Eta erreparo handirik ez du haiek ireki eta bertan marrazten hasteko. Apuntez betetako koaderno mordoa dago horregatik erakusketan. Harridura bakoitzak orri bat balu bezala.

Bidaiaz bidaiakoa ere bada Cardenasen ibilbidea, eta bidaia bakoitzak eragindako estilo aldaketa ere igar daitezke Bilbon dauden artelanetan. Izan da Berlinen, Stockholmen, Parisen, Milanen, AEBetan, eta baita Japonian eta Indian ere. Eta, hain zuzen ere, 1996an amaitzen da horregatik museoak eskainitako atzera begirakoa. Urte hartan Indiara egindako bidaiak margotzeko era erabat eraldatu ziolako berriz ere, eta eskura eduki nahi dituelako oraindik hango apunteak. «Gauzarik berrienak eskura izatea gustatzen zait, haiekin lanean jarraitu ahal izateko».

Zuhaitz sentitzea

«Marrazkian, ekonomiarik handiena; kolorean, oparotasunik handiena». Ez da teoria eta abstrakzio zalea Cardenas. Anekdota itsaso bat da horregatik haren jarduna, indartsua eta nahasia, baina tantaka-tantaka eskapatzen zaizkio pinturari buruzko gogoeta orokorragoak ere. «Van Goghek esaten zuen kolpe bakarrean margotzen duzuna beti dela bi kolpetan margotu behar duzuna baino hobea. Eta hori egia da». Artista japoniarrei aditutako bat ere bota du gero. «Pintoreak, zuhaitz bat pintatzen duenean, sentitu behar du bera dela zuhaitza. Ez du zuhaitza imitatu behar: zuhaitz sentitu behar du».

Lehen kolpekoak dira maiz Cardenasen margolanak ere, eta kolpe bat baino gehiago ekarri dio horrek. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskola du gogoan, adibidez. «Kurtsi batzuk ziren katedradunak eta suspenditu egin ninduten. Gerora barkamena eskatu zidaten, nire marrazketa libreegia zelako. Negar asko egin nuen. Uste nuen eskola hartan egotea liberazioa izango zela, baina ez, horrore bat zen. Hondamen hutsa. Pentsa, korridorean aritzen nintzen beti pasatzen zen jendea margotzen, eta katedradunek, pasatzen zirenean, begiratu ere ez zuten egiten! Ez zuten inolako interesik. Baina ni beti aritu naiz nire kontu».

Kasuan kasukoa izan da haren benetako ikasketa prozesua. Arazo jakin bakoitzari soluzioa topatuz egin dute aurrera haren margolanek, eta adibide sorta aipatu du azalpenetan. Txoriarena, esaterako. «Apur batzuk jatera joandako txori bat badut gogoan. Inoiz ez dut gauzak gogoan edukitzeko gaitasunik izan, eta horregatik beti izan behar ditut aurrean marrazten ditudan gauzak. Eta ez zegoen txoria begiratu eta aldi berean hura marrazteko modurik. Eta bat-batean paperari begiratu gabe soilik txoriari erreparatuz ere margotu nezakeela ohartu nintzen, eta sekulako deskubrimendua izan zen!». Aurkikuntzaz aurkikuntzakoa da Cardenasen jarduna. Harridura bakoitzean berri, eta, aldi berean, harridura guztien ehizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.