Geruzen artean aurkitu dute esentzia. Zumaiako (Gipuzkoa) flyscharen hostopilean, hain zuzen. Harriaren memoria eta barnean gorde duena ikertu dute Charlotte Charbonnel eta Xabier Erkizia artistek, nork bere ikuspuntutik. Rocamnesia erakusketa apirilaren 3ra arte ikusgai izanen da Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa).
Uharteko zentroaren eta Co-op elkartearen artean mamitu zen abiapuntuko ideia, Zumaiako Geoparkearekin lankidetzan. Bi erakundeetako komisarioek, Nerea de Diegok eta Julien Laymondek hurrenez hurren, harrien memoria ikertu nahi zuten. Hala, Charbonnel eta Erkizia azterketa artistikoa egitera gonbidatu zituzten: kostaldeko herri horretara hurbildu, eta elkarrekin ondu zuten proiektua. Bi aurpegiko lana da emaitza, iridio metala eta denbora ardatz dituena. Bi obratan edo «gailutan» gorpuztu da lana, Charbonnelen hitzetan: Aura Loci landu du berak, eta Prooimion Erkiziak.
Mugimendu estatikoa
Artista plastikoa da Charbonnel, eta soinu artista Erkizia: bide ezberdinetatik abiatu arren, soinu hautemateari dagokion sentsibilitate antzekoa dute. Historialariaren ofiziotik urrun, harriaren haria edo kronologia hurbiletik segitu zuten Zumaian, eta iridioarekin egin zuten topo. Dinosauroen suntsipen masiboaren lekuko geologikoa da iridioa. Elementu kimiko oso bakana hori meteoritoen arrastoetan topatu dute. Eta haren bueltan egin dute lan bi artistek, eskuz esku, baina baita telematikoki ere. «Azken batean, pandemiak harrapatu gintuen, eta nor bere etxetik ere aritu ginen lanean. Sorpresa efektuaren logikarekin jorratu genuen lana bukaerara arte, eta sentsazio bera islatu nahi genuen ikusleengan», azaldu du Charbonnelek.
«Elkarrekin joan ginen behin Zumaiara, eta zientzialariek azaldu ziguten harri honen historia. Ulertu genuen nola iritsi zen iridioa, zein zen haren jatorria. Horrek liluratu ninduen», gaineratu du artistak. Ezezagunean barneratuz, leize bat topatu zuten, eta handik hasi zen ideia jasa. Izan ere, han topatu zuten iridioa, eta ikergai bihurtu zen berehala. Marea gora denean, ikusezin egiten da, baina berriz bistan agertzen da itsasbeheran. «Denboraren kontra jokatzen genuen».
Erakusketa gunean jarrera artistiko oso desberdinak eta denboraren handitasuna nagusi direla azaldu du Charbonnelek. Erkiziaren Prooimion lanak 6 metro luze den pergamino baten itxura hartu du, beira arasa batean aurkeztua, zentroak azaldu duenez, «neurrigabetasun aurkiezin eta irakurtezinaren metafora gisa eskaintzen dena». Charbonnel, berriz, espiritualtasunaren ideiatik abiatu zen Aura Loci sortzeko.
«Anitz jakin gabe iridioari buruz, irradiatzen duen zerbait imajinatzen dugu, distiratzen duena». Harriaren etimologia ikertzerakoan, Charbonnel ohartu zen Iris jainkosatik zetorrela hitza, ostadarraren pertsonifikazioa dena. «Oso logikoa zen, berez».
Aura Loci, tokiaren aura sortu du berak. «Pieza honek erranahi anitz har ditzake, baina armiarma baten forma eman nion. Mugimenduan pentsatzera eramaten gaitu, baina estatikoa da. Ideia zen tokiaren aura harrapatzea». Harrapatu, literalki: sentsore batzuekin, dimentsio fisikoa neurtzen du —datu klimatikoak, tenperatura...—, baina baita dimentsio esoterikoa ere —lekuaren «energia», haren hitzetan—.
Charbonnelek askotariko tokietako «erretratuak» egin nahi lituzke gailuarekin, eta Mexikora, Yucatango kraterrera eraman. Bitartean, bi obrak ikusgai izanen dira Uharteko zentroan, ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan.
Harriaren hariaren deklinazioak
Charlotte Charbonnel eta Xabier Erkizia artistek sortutako 'Rocamnesia' erakusketa ikusgai dago Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu