Harria jaialdiaren bosgarren aldia hasiko da gaur, Hendaian

Musika, antzerkia, zirkua eta kabareta bilduko ditu egitarauak, besteak beste. Igandera arte egingo dute, Borderline Fabrikan eta kalean

Iban Urizar Amorante musikaria, lan berria iragartzeko argazki batean. JON GARATE.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun

«Harriak batzen aritu gara urte hauetan guztietan, eta, aurten, bosgarrenera iritsi gara». Bosgarren aldiz, Harria jaialdia antolatu du Hendaiako (Lapurdi) Borderline Fabrikak, eta, Ander Fernandez festibaleko arduradunak nabarmendu duenez, «gogoz eta ilusioz» ekingo diote jaialdiari beste urte batez: «Ez diogu aparteko garrantzirik eman urteurren biribilari; ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den: ez dugu harrien pisua bizkar gainean jarri nahi». Bazkari-aurkezpen batekin hasiko dute jaialdia, gaur arratsaldean, eta, igandera bitarte, musikaz, antzerkiaz, zirkuaz eta queer kabaretaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste.

Musika izango da ostiralean nagusi. Baionako Lurodei taldea 20:30ean igoko da Borderline Fabrikako oholtza gainera. Haren ondotik, Iban Urizar Amorante musikariak Harri herri har disko berria aurkeztuko du. «Kontzertu intimoa, berezia eta ederra izango da», aurreratu du Fernandezek.

Larunbata, berriz, «kaleak hartzeko eguna» izango da, Fernandezen arabera: «Askotariko ikuskizunak egongo dira herriko hainbat puntutan». Antzerkia, performancea eta zirkua izango dira eguneko protagonistak, besteak beste. Les Ribbines konpainiak, esaterako, Cha o emanaldi ibiltaria eskainiko du, frantsesez: «Bretainiako bi artista zenbait astez egon dira Hendaian jendearekin hitz egiten, istorioak biltzen... bitan eskainiko dute ikuskizuna: larunbatean eta igandean». Ostean, Imanol Espinazo aktoreak Madeleine ikuskizuna emango du, eta Mauvais Coton konpainiak, berriz, Culbuto zirku emanaldia.

Ekitaldi gehienak kalean izango badira ere, arratsaldean zabalik egongo da Borderline Fabrika: La Grande Illusion liburu dendak liburuak eta jolasak jarriko ditu salgai. Bestalde, 21:30ean, Altxalili Show euskal queer kabareta emango dute. «Sarrera librea izango da, baina edukiera mugatua da», aurreratu du Fernandezek. Emanaldiaren ondoren, Aloe Vera eta Rosa Duchesse DJak izango dira.

Jaialdia biribiltzeko, bazkaria egingo dute azken egunean, fabrikan bertan: «Nork bere etxetik ekarritako jakiak partekatuko ditugu». Era berean, auzoaren inguruan hausnartzeko ere baliatuko dute otordua.

Elkargune kulturala

Borderline Fabrika gunearen lanak martxan jarri zirenean antolatu zuten lehenengoz Harria jaialdia, duela sei urte: «Lehenengo harria jartzearen ekintza sinboliko gisa antolatu genuen». Urterik urtera, «harriak batuz» joan dira: «Artisten eta publikoaren elkargunea da Borderline Fabrika, eta jaialdi honek jendea eta hainbat diziplina ezagutzeko aukera ematen digu».

Jaialdira joateko asmoa duten herritarrei izena aurrez emateko gomendioa egin diete antolatzaileek. Era berean, ikuskizun batzuk ordainpekoak izango direla jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.