Hinrich Sachs artistaren eskutik jaso zuen Maddi Barberrek Museo Bikoitza programan parte hartzeko gonbidapena —Donostiako San Telmo museoko egitasmo bat da, urtebetez museoari lotutako proiektu bat garatzeko artista gonbidatu bat hartzen duena—. «Erabat irekita» iritsi zen zinemagilea, aurretiazko ideiarik gabe, kontzeptu baten inguruan hasi zitzaizkion arte lehen ideiak hazten: desplazamendua. Sei hilabete eman zituen ikertzen, proposamen bat aurkeztu zuen eta hura ontzen eman ditu ondorengo hilabeteak. Emaitza Harria eta poltsa izeneko instalazioa da, pelikula batek eta pantaila batek osatzen dutena, eta urtebetez egongo da orain ikusgai museoan —museoko elizan, zehazki—.
Lan egitera ohituta dagoen eremutik kanpo kokatu beharrak ekarri zion desplazamenduaren lehen ideia Barberri (Artzibar, Nafarroa, 1988), bere filmak sorterri inguruan kokatu izan baititu orain arte (Paraiso, Gorria, Urpean Lurra, 592 metroz goiti). Museoko disko formako harrien artean, Orontzeko (Nafarroa) bat topatu zuen gero —hangoak ditu aitaren aldeko senideak—, eta hura ere «lekuz aldatuta» zegoela sentitu zuen. «Pentsarazi zidan nola museo orok dakarren, azkenean, objektuen desplazamendua. Neure buruari galdetu nion: zer esan nahi du hau hemen egoteak eta ez bere sorlekuan?».
«Irudi bat egitea ez al da erreala den hori desplazatzeko modu bat? Zer mugitzen da nik irudiak egiten ditudanean? Zer motatako desplazamendua sortzen dut?»
MADDI BARBERZinemagilea
Hortik abiatu zuen ikerketa, eta, modu paraleloan, arkeologiako argazki batzuk topatu zituen, XX. mende hasierakoak, museoan eginak. Orduan jabetu zen, halaber, San Telmo lehendabizi arkeologia museo bat izan zela, eta Pedro Manuel de Soraluze lehen zuzendariak Euskal Herrian egindako lehen indusketak sustatu zituela, Aizpitarte haitzuloko indusketak, tartean. Eta horra berriz lekualdatzearen ideia: «Ohartu nintzen arkeologiak ere objektuen desplazamendua ekartzen duela».
Ikerketarekin aurrera, Susana Soto museoko zuzendariak haitzuloetan aurkitutako labar pinturen kalkoak erakutsi zizkion Barberri, eta beste geruza bat irabazi zuen horrekin proiektuak. «Oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan, ze hor ez dago objektuaren desplazamendua: ezin duzu labar artea desplazatu. Kopia bat egiten da. Eta zer da irudi bat egitea hori ez bada? Ez al da erreala den hori desplazatzeko modu bat? Zer mugitzen da nik irudiak egiten ditudanean, zinemagile modura? Zer motatako desplazamendua sortzen dut?».
Pantaila filmetik bereizten
Adarkatuz joandako galdera horiek izan ziren proiektuaren abiapuntua Barberrentzat, baina une batetik aurrera, pantaila filmetik bereizten hasi zen. «Konturatu ginen pantailarik gabe ez dagoela irudirik, eta galdera aldatu egin zen: ja ez zen zer desplazatzen den, baizik eta nola den posible irudi bat desplazatzea». Hortik aurrera, filma eta pantaila, pieza eta tresna aldi berean joan zen lantzen, eta hortik datorkio izena instalazioari ere. «Elkarren menpekoak diren elementuak dira; uste dut harreman hori proposatzen duela proiektuak».
Horra iristeko beste elementu garrantzitsu bat Ursula K. Le Guinen Fikzioaren garraio poltsaren teoria (1986) testua izan zela ere kontatu du zinemagileak. «Museoa bera ere edukiontzi bat dela pentsatzea ahalbidetu zidan, eta filma ere hala pentsatu dut, ontzi moduan, non elementu ezberdinak sartu, eta elkarbizitza bat izan dezaketen».
«Arkeologoekin lanean konturatu nintzen askotan eskuekin nabaritzen zirela ñabardurak, ez begiekin. Filma muntatzerakoan faltan izan nuen hori»MADDI BABERZinemagilea
Filma, bada, askotariko irudiekin osatzen dute. Udan bi aste egin zituen Aranzadi elkartekoekin San Adriango indusketetan lanean eta filmatzen, eta, besteak beste, orduko irudiak zein Euskadiko Filmategiko artxiboetan topatutakoak elkartu ditu.
Irudietan, eskua da nabarmentzen den elementuetako bat. «Arkeologoekin lanean konturatu nintzen askotan eskuekin nabaritzen zirela ñabardurak, ez begiekin. Filma muntatzerakoan faltan izan nuen hori, nola aukeratu irudiak ukimenaren zera sentsorial hori gabe».
Barberren oharrak ere eskura
Bai filma egiteko eta bai hura oraingoz hartuko duen pantaila diseinatu eta eraikitzeko ere, hainbat lagunekin aritu da lanean Barber azken urtean; horien artean, Jonander Agirre, Fran Fraca, Mirari Etxebarri, Maite Redondo, Gerard Ortin, Xabier Erkizia, Ione Atenea, Armando Llanos Ortiz de Landaluze eta Maite Zabaleta. Zinemagileak aurreratu duenez, bisitariak oraingoz lotuta ikusiko ditu pantaila eta filma, baina, udaberritik aurrera, pantaila beste proiekzio batzuetarako ere erabiltzea da asmoa, baita filma beste leku batzuetan erakustea ere.
Instalazioaren bi elementu horiez gain, Barberren sormen prozesuaren berri ematen duen zabalgarri bat ere prestatu dute, irudiak, oharrak eta egilearen gogoetak biltzen dituena.
Museo Bikoitza programan parte hartu duen seigarren artista izan da Barber, Asier Mendizabal artistaren ekimenez martxan jarri zenetik 2018an. Ibon Aranberri, Erlea Maneros, Jose Mari Zabala, Iratxe Jaio & Klaas Van Gorkum eta Hinrich Sachs izan dira aurrez parte hartu duten artistak, eta Barberren lekukoa jaso dute berriki Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta artistek.