Artea

Harria eta lurra, Txillidaren lehen planoan

'Harri, Lurra, Huts' erakusketa aurkeztu dute Txillida Lekun. Lehen aldiz, ez dute burdinazko piezarik hautatu, eta harrizko eta lurrezko 50 eskultura inguru bildu dituzte Zabalaga baserrian.

LUIS TXI
'Harri, Lurra, Huts' erakusketako lan bat. JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Hernani
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

«Lehenengo aldiz, albo batera utzi dugu burdina Txillida Lekun». Eduardo Txillida burdinarekin eta altzairuarekin lotu izan da betidanik, material horiekin eginak baitira haren eskulturarik famatuenak. Baina beste hainbat material ere probatu eta erabili zituen bere ibilbidean. Besteak beste, papera, baina baita harria eta lurra ere. Azken bi horiek oinarri hartuta, 50 obra inguruko erakusketa bat osatu dute, eta Txillida Lekun ikusgai jarri: Harri, Lurra, Huts. «Harriak eta lurrak merezi zuten protagonismoa  dute orain», esan du Estela Solana erakusketaren komisarioak.

Erakusketak Zabalaga baserria du babesleku. Eduardo Txillida fundazioko zuzendari eta eskultorearen seme Luis Txillidak ilusio handiz aurkeztu du erakusketa: «Hemen dauden obra batzuk Txillida Lekuko kanpoaldetik ekarri dituzte baserrira. Eskulturek inguruarekin harremanetan egon behar dute, hala esaten zuen aitak, eta uste dut lekualdaketa honek sortutako harremana oso interesgarria dela, lehenagotik ikusi gabea, baserri barruan burdinazko lanak egon ohi dira eta». Eskultorearen semeak gehitu du kokaleku aldaketak harriaren indarra areagotzeko balio duela, eta handiagoak diruditela, gainera. «Lanen beste ikuspegi bat lortu dugu: beste begi batzuekin begiratzen diegu orain». Beheko solairuan harrizko eskulturak jarri dituzte, handiak; goian, nahiz eta harrizkoak ere badiren, lurrarekin egindakoak nagusitzen dira, txikiagoak.

«Eskulturek inguruarekin harremanetan egon behar dute, hala esaten zuen aitak, eta uste dut lekualdaketa honek sortutako harremana oso interesgarria dela, lehenagotik ikusi gabea»

LUIS TXILLIDAEduardo Txillida fundazioko zuzendaria

Argiak ere garrantzi handia du Zabalaga baserriaren barruan. «Aita hona lehen aldiz sartu zenean, baserria oso gaizki zegoen. Teilatua erorita zeukan, zulo handi bat ere bazuen, eta, beraz, eguzki izpiak sartzen ziren. Hainbeste gustatu zitzaion argi hura, teilatua kristalezko zati batekin osatu baitzuen baserria berritzean», esan du Txillidak. Gaur egun ere, eguzki izpiak sartzen dira baserriko eremu zabalenean.

Solanak Txillidaren gaitasunak nabarmendu nahi izan ditu: «Eduardok oso ondo ezagutzen zituen material bakoitzaren bilakaera gaitasunak. Bazekien nola lan egin material bakoitzarekin, emaitza zein izango zen jakin gabe. Oso ezberdina da burdinarekin edo lurrarekin lan egitea, adibidez, baina Txillidak menperatzen zituen beharrezko teknikak». Erakusketaren nondik norakoak zehazteko, antolatzaileek aztergai izan dute eskultoreak nola erabili zuen harria. «Harriaren presentzia aldizkakoa da Txillidaren ibilbidean. Beheko solairuko harriak, handienak, 1990eko hamarkadan egindakoak dira, eta goikoak, berriz, harriarekin egindako lehenengo saiakerak dira».

Erakusketako goiko solairuko bi eskultura. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Erakusketako goiko solairuko bi eskultura. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Txamota deritzo eskultoreak obra batzuk osatzeko erabilitako lur motari. «Lur biguna da txamota, baina, hala ere, obrarik txikienak 30 kilo pisatzen ditu. Hortik hasi, eta 200 kilokoak ere badira. Halako garrantzirik ez zaio inoiz eman lurrari Txillida Lekun», adierazi du komisarioak. Erakusketak hiru parte argi izan arren (Harria, Lurra eta Hutsa), haien arteko lotura nabarmendu dute antolatzaileek. Hain zuzen, lurrez egindako hainbat obra harriz egindakoen antzekoak dira, eta, hala, «zirkulu bat» osatzen dute denen artean.

Solanaren ustez, Hutsa da hiru zatietatik zailena. Solana: «Materia adierazgarria da bere kabuz, baina Hutsa askoz pertsonalagoa da, misteriotsuagoa. Txillidaren ibilbideko material eta obra guztietan antzeman daiteke hutsa, baina, oraingo honetan, alabastroa nabarmendu nahi izan dugu». 1963. urtean, Greziara joan zen Txillida, eta, han, alabastroa ezagutu. Hasiera-hasieratik liluratu zuen material horrek, argiak ematen dion koloreagatik.

Alabastroaren bitartez, Txillidak lortu zuen arkitekturarekin berriro adiskidetzea. «Alabastroari esker, Txillidak errazago irudikatu ahal izan zituen hutsuneak. Horren adibide dira Kandinskiri omenaldia eta Mendi huts obrak». Azken horren jarraipena Tindayako proiektua izan zen, hutsunearen irudikatzeetan handiena izango zena, baina eskultoreak gauzatu ezin izan zuena.

Harremanak estutuz

Eskultura batzuk Txillida Lekuko zelai zabaletan zeuden, baina beste batzuk kanpotik ekarri dituzte. «Hemen genituen obrez gain, maileguak jaso ditugu beste leku batzuetatik. Reina Sofia museotik jaso ditugu lan batzuk, eta Iberdrolako eta Santander bankuko bildumetatik beste hainbat. Horrez gain, bilduma pribatuetako obra batzuk ere laga dizkigute», azaldu du Txillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguek. Inoiz erakutsi gabeko hamar bat eskultura daude ikusgai erakusketan.

«2024a, urteurrenaren urtea, oso trinkoa izan da, bizipenez beterikoa. Iaz 85.000 pertsona baino gehiago etorri ziren Txillida Lekura»

MIREIA MASSAGUETxillida Lekuko zuzendaria

Museoekin ez ezik beste hainbat erakunderekin ere harremanak estutzen jarraitzeko asmoa adierazi du Txillida Lekuko zuzendariak, eta Donostiako Musikene aipatu du, besteak beste. Horrez gain, Massaguek esan du Txillida Lekuko hezkuntza departamenduak hainbat ekitaldi antolatuko dituela. «Bisita gidatuez gain, beste hainbat gauza antolatuko ditugu natura eta artea elkartzen diren leku paregabe honetan».

Hain zuzen, Nausica Sanchez Txillida Lekuko hezkuntza arduradunak hitzaldi bat emango du martxoaren 13an, eta, martxoaren 22an, bestalde, meditazio klase bat emango dute Zabalaga baserrian. Azkenik, apirilaren 26an, zeramika tailer bat egingo dute. Elkarrizketan oinarritutako bisitak egingo dituzte egunero, 16:00etan.

Iazko balorazioa

Erakusketaren aurkezpenaz gain, 2024ko balorazio txiki bat ere egin nahi izan du Massaguek. «2024a, urteurrenaren urtea, oso trinkoa izan da, bizipenez beterikoa. Iaz 85.000 pertsona baino gehiago etorri ziren Txillida Lekura. 2019an berriro ireki zenetik bildutako daturik onenak dira. Horrez gain, urteurrenaren harira egindako ekinaldi guztiak kontuan hartuz, 500.000 parte hartzaile baino gehiago izan dira mundu zabalean». Oso ontzat jo du hori Txillida Lekuko lehendakariak, eta gehitu du eskultorearen lanetan sakonduko dutela aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.