Harri bat botatzea ur gainera eta gainazalean jauzi eginez ibaiaren zati bat igarotzen duela ikustea. Arga ibaiarena. Hori izan zen Enrique Villarreal Drogas-ek (Iruñea, 1959) magia sentitu zuen lehen aldia. Umetan gertatu zitzaion, eta antzeko sentsazio bat izan zuen urte batzuk geroago, lehen aldiz abesti bat idatzi zuenean: «Lehen txipi-txapa egin nuenean bezalakoa izan zen: zerbait apurtu zen neure baitan». Hala, uretan dantzan dabilen harri bat bezala, bere burua mugiarazten duen horretara eramaten utziz igaro du bizitza osoa Drogasek, harentzat bizia den ibaiaren gainazaletik jauzika. Mugimendu hori jaso eta pantailara eraman du orain Natxo Leuzak (Iruñea, 1977), bihar Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatuko duen dokumentalean: El Drogas.
Ibai baten geruzak bailira bezala, Villarrealen bizitzaren hainbat alderditan arakatu du Leuzak haren opera prima-n, arlo pertsonalean zein profesionalean, Drogas pertsonaiaren atzean nor dagoen erakusteko. Halabeharrez Barricada taldeari lotutako pertsonaia bat da, baina ez hori bakarrik; askoz gauza gehiago: aita, senarra, laguna, poeta, aktibista, borrokalaria... Ezaugarri guztiak biltzen saiatzen den pieza ugariko puzzle batekin, Drogasen bizitza pertsonal eta musikala zeharkatu du 80 minutuko lanean.
Filmeko irudiek Arga ibaira eramaten dute berehala ikuslea. Drogasek maitasun bereziz gordetzen du ibaiertzera hurbildu zen lehen aldien oroitzapena, aitak txipi-txapa egiten irakatsi zionekoa. Iruñean izan zen, bere auzoan, Txantrean, zeinarekin oso lotuta egon baita beti. Bizitzan sortu duen guztiak, nolabait, Txantrean izan baitu hazia. «Nire aberria auzoa eta Arga ibaiaren ertza dira», dio musikariak pelikulan.
Haren proiektu profesionalik garrantzitsuena izango zenaren hazia, hala ere, auzotik urrun erein zuen: soldadutzan. Han erabaki zuen Barricada izeneko talde bat sortuko zuela. Gauza asko batu ziren, izan ere, une hartan: Francoren heriotza, auzoko barrikadak, John Lennonen heriotza, Sex Pistols eta Motorheaden gisako taldeen eragina... Hala, Javier Hernandez Boni-rekin eta Mikel Astrainekin elkartu, eta taldea osatu zuen. «Oso bizia izan zen hura», gogoratu du taldearen amaieratik bederatzi urtera. 1970eko hamarkadan jaio zen, eta 30 urtez luzatu. Nafarroako talde garrantzitsuenetako bat izan zen, proiekzio handikoa.
Istorio horrek amaiera gogorra izan zuen dokumentaleko protagonistarentzat, eta hori ere azaltzen du lanak: taldeko abeslari ohiak erakusten du Barricadaren amaierak harentzat esan nahi zuen guztia, baina argi utzita zauri hori sendatua duela, edo, behintzat, ez diola garai bateko mina ematen. Hori bera azpimarratu du zuzendariak: «Denbora luzea igaro da, eta Enrique iraganarekiko beste jarrera batekin zegoela ikusten genuen: askoz lasaiago». Leuzak ez dio gehiegizko pisua eman nahi izan lanean haustura horri, eta taldeak bere garaian izan zuen indarra islatu nahi izan du. Hori bera eskertu du protagonistak: «Garai bateko txinparta hori jaso du, Mikel eta Bonirekin batera izan nuena garai jakin horretan, mota guztietako adierazpenen eztanda betean, zeinetan Barricada oso ondo kokatu baitzen». Gogorra izan arren, Barricadaren amaiera ez zen Villarrealen musika ibilbidearen amaiera izan, eta sortzen eta oholtzara igotzen jarraitzen du oraindik. «Beti esaten dut ez dudala amets honetatik esnatu nahi, batzuetan amesgaiztoa bada ere; gustuko dudana egitea luxu bat da», aitortu du.
Musika ibilbidearekin batera, Drogasen bizitza pertsonala ezagutu daiteke pelikula ikusita; haren alde positiboekin zein negatiboekin: beste artista batzuekin zein senideekin duen harremana, edo musikak eman dion guztia, baina baita drogarekiko lotura edo galdu duen jendea ere. «Ez dut arazorik izan halakoak kontatzeko. Niretzat, bizitza krisiaren parekoa da: mugimendua; etenik gabeko eskola bat, aurrera egin nahi duenarentzat», adierazi du. Hori dena mikrofonoaren eta kameraren aurrean kontatzerakoan eroso sentitu da, gainera: «Luzea izan da, baina lantaldeak erraza egin du». Leuzak hartu du filmaren zuzendaritzaren eta muntaketaren ardura; gidoia Alex Garcia de Bikuñak sortu du; produkzio zuzendariak Maria Guzman eta Rosa G. Loire izan dira; eta Narm Films etxeak ekoitzi du.
Ibilbidean edo bizipenetan ez ezik, testuinguruan ere jarri du fokua Leuzak: Drogasek garai historiko jakin batzuekin izan duen loturan eta hainbat gai sozialekiko izan duen konpromisoan. Hori islatzea ezinbestekoa izan da harentzat: «Testuinguru historikoan kokatu nahi nuen, ulertarazteko zergatik den den modukoa».
Filmak orainaren eta iraganaren artean jauzi egiten du, musikariaren bizitza pertsonal eta profesionalaren artean, Drogas nor den erakusten duen puzzle bat sortuz. Pieza ugarikoa: protagonista andanarekin —haren senide eta lagunak, eta musikari mordoa: Rosendo Mercado, Gorka Urbizu, Kutxi Romero, Christina Rosevinge...—, eta baita artxiboko eta egungo irudiekin, abestiekin... Elementu guztiak jostea izan da zailena zuzendariarentzat.
Pertsonaia «berezia»
Leuzak dokumentalista baten begietatik sortu du lana, baina baita zale baten begietatik ere, ibilbide eta izaera «berezietako» pertsona bat ikusten zuena musikariarengan: «Oso pertsonaia erakargarria iruditzen zitzaidan pelikula baterako, eta harrigarria iruditzen zitzaidan haren inguruko lanik ez izatea; azken berrogei urteetako estatu mailako rockaren eragin handieneko musikarietako batena». Aitortu duenez, harritu zuen Villarrealek erraz onartu izana proposamena, musikariak berak azaldu duen moduan, ez baitu gogoko jendearen aurrean horren modu irekian agertzea: «Neure buruari galdetzen diot zergatik onartu dudan; konbentzitu ninduen». Emaitzarekin «oso pozik» dagoela ziurtatu du Drogasek, eta baita Leuzak ere, musikariaren eta haren bikotekide Mamen Irujoren onespenarengatik kontent. «Eta, gainera, Donostian estreinatzea izugarria izango da». Ostiralean iritsiko da zinema aretoetara.
Filmaren amaieran ibai bat ageri da, jakina: Arga. Eta Drogas, txipi-txapa egiten, hausnartzen: «Uraren gainean jauzika bizi gara, gelditu arte. Orduan, harri multzoaren parte bihurtzen gara, ibaiaren hondoan. Hori da bizia». Bidean, maite duena egiten jarraituko du Drogasek posible duen artean: musika.
Donostiako 68. Zinemaldia. Zinemira
Harri bat ur gainean bezala
Enrique Villarreal 'Drogas' Barricadako abeslari ohiaren erretratu bat egin du Natxo Leuzak gaur Zinemira sailean estreinatuko duen 'El Drogas' dokumentalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu