Harrespila, gutizia husteko

L'Alakran antzerki konpainiak 'Harrespila' ikuskizun performatiboa eskainiko du gaur eta bihar Altzuzako Oteiza museoan. Cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ane Eslava.
Uharte
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Oso zirkulu intimoa, oso txikia, bi eta bost metro arteko diametroa duen eta barruan ezer ez duen harri multzo bat». Hitz horiekin definitzen zuen Jorge Oteizak harrespilaren irudia. Hala irakurrita, sinplea dirudi, baina Oteizak lanketa sakonak egin zituen nozio edo kontzeptu horren gainean. L'Alakran antzerki konpainiako Oscar Gomez Mata eta Esperanza Lopez artistek inspirazio iturri gisa baliatu dute Oteizak Quousque tandem...!eta Gogo-jardunak tunelean: nortasun galdua bilatzen eta aurkitzen liburuetan cromlechari buruz egin zituen interpretazioak, Harrespila (psikodrama 4) ikuskizun performatiboa sortzeko.

«Lantegi psikodramatiko» gisa landu dute, eta ikus-entzuleen parte hartze aktiboa du oinarri. Gomez eta Lopez Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) lanean aritu dira astebetez, hautatutako sei performerrekin batera, eta gaur eta bihar Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) eskainiko eta partekatuko dute, hainbat saiotan. Bi arte zentroek elkarlanean garatu duten Ondarea eta sorkuntza garaikidea. Imajinario berriak Jorge Oteizaren inguruan (Hazitegia 3) programaren barruan antolatu dute proiektua.

Psikodrama izeneko seriearen barruan sortu dute obra. Gomezek duela hamar urte abiatu zuen proiektu hori, eta hainbat serie sortu ditu, performance erakoak guztiak; bakoitzari forma jakin bat eman dio, hura sortzeko tokia abiapuntutzat hartuta. Lehena galeria batean egin zuen; bigarrena, ospitale psikiatriko batean; hirugarrena, antzoki batean; eta, azkenik, laugarrena —hain zuzen ere, Harrespila, orain Altzuzara eraman dutena— Lopezekin batera diseinatu zuen, 2013an Bilboko Alhondigatik abiatuta, eta ondoren beste toki batzuetan garatu zuten. Baina Oteizaren teorietatik abiatu zirenez, haren leku «naturala» Altzuzako museoa dela ulertu zuten; hortaz, han eskaintzeak «esanahi handia» du haientzat, Lopezek adierazi duenez: «Santutegira joatea bezala da».

«Proiektuaren oinarria zera da: parte hartzaile bakoitzari arazo edo gai bat proposatuko diogu, eta ekintzen bitartez konponduz joango da; alegia, parte hartzaileak irtenbidea aurkituko du», azaldu du Gomezek. Harrespila «lehen hutsune estetiko» gisa ulertuta eta ideia horretan oinarrituta, lasto zirkulu bat hustuko dute, Erdi Aroan lastoa «gutiziaren sinboloa» zelako, Gomezek zehaztu duen moduan: «Jeronimo Boschen Belar gurdia koadroaz ari gara, zehazki. Koadro horretan, mundu guztia tiraka ageri da, eta gutizia irudikatzen du, gure gizartearen ezaugarrietako bat». Performancearen ekintza sinbolikoaren bidez, beraz, gutizia modu kolektiboan «hustu» nahi dute.

Museoaren beheko pisuko bi geletan egingo dute obra, aldi baterako erakusketetarako aretoetan. Horietako batean, parte hartzaileak mahaietan eseriko dira, eta performerrak haiengana gerturatuko dira. Zuzendariek diseinatu duten «protokolo» batean oinarrituz, performerrek eduki jakin batzuk proposatuko dizkiete parte hartzaileei, «arazo» gisa planteatuta. «Eduki pertsonalak edo kolektiboak izan daitezke: kezkatzen gaituzten kontuak; izan daitezke lurraldeari lotutakoak, gizateria osoaren ingurukoak…», zehaztu du Lopezek.

Era berean, han harriak egongo dira, eta parte hartzaile bakoitzari bat emango diote. Ordu erdiz, proposatutako auzien inguruan solasean arituko dira, lanketa egin bitartean harria «edukiz betetzen». Honela laburbildu du Gomezek: «Hara heltzean, norbaitekin topatuko zara, eta hark berea den arazo bati buruz hitz egingo dizu; arazoa biena bihurtuko da, eta elkarrekin soluzio bat bilatzen saiatuko zarete, harriaren bitartez; harriak anonimoak dira, baina zuk horietako bat zeure bihurtuko duzu; zeure edukiz, pentsamenduz, bizipenez beteko duzu, eta cromlechera eramango duzu».

Beraz, obraren nukleoa da nola bi pertsona ezezagun gai izan daitezkeen gatazka bat elkarrekin konpontzeko. «Azken finean, gizakiok partekatzeko, hitz egiteko eta era naturalean soluzioak topatzeko dugun gaitasunean konfiantza izatean datza».

Erritual kutsuko amaiera

Atal hori amaitzean, beste aretoan sartzen hasiko dira, banan-banan, eta landutako harriekin harrespila osatuko dute, era kolektiboan. Atal horrek «erritual» kutsua du, Gomezen hitzetan: «Aretoan sartzean, zeuk erabakiko duzu non eta nola jarri zeure bihurtutako harria». Espazioaren eszenografia oso soila izango da: harriak egongo dira, lastoarekin betetako zoruaren gainean, eta hondoan musika hari fin bat jarriko dute; besterik ez. «Eta pentsa, hara iritsiko zara ordu erdiren ondoren, gauza askotan pentsatu ondoren, eta espazio horretan bakarrik egongo zara, arnasten, hausnartzen…», nabarmendu du Lopezek.

Performancea osatzeko, zazpi kide izan dituzte aldamenean: Elena Albert, Patricia Etxegarai, Peio Lekunberri, Raul Marcos, Aitziber Urtasun, Roberto Romero eta Ghislaine Verano. Deialdi ireki bat egin zuten, eta ia hogei eskaera jaso zituzten. Aukeraketa eginda, elkarrekin lanean aritu dira bost egunez zuzendariak eta artistak, eta emaitza jendearekin partekatuko dute orain.

Hamabi txanda antolatu dituzte, eta bakoitzean zortzi pertsonak hartuko dute parte. Izena emateko aukera zabalik dago oraindik, [email protected] helbide elektronikora idatzita edota 948-332074 telefonora dei eginda. Bihar eguerdian burutuko dute prozesua, eta asteburuan osatzen aritutako harrespila, emaitza, han utziko dute, museoaren beheko solairuan, ekainaren 6ra arte. Informazioarekin osatuko dute, asteburuan bertaratzeko aukerarik ez dutenek uler dezaten zein izan den obraren funtsa. «Ekintzaren amaiera ikusiko dute, baina ulertuko dute horren aurretik beste zerbait gertatu dela».

Egitasmoaren bidea ez da hor bukatuko, gainera: Aitziber Urtasun museoaren jarduera pedagogikoen arduradunak beste talde batzuekin partekatuko du L'Alakraneko kideek diseinatutako prozesua, performancea aktibatzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.