Harremanen pozez eta zauriez

Pertsonaien enkontruez eta urruntzeez idatzi du Oihane Amantegik 'Cayo Hueso' nobela berria

Oihane Amantegi idazlea, Cayo Hueso bere liburu berria esku artean duela, Donostian. GORKA RUBIO/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ozeano Atlantikoa eta Mexikoko golkoa batzen ditu 22 cayo-ko errenkada luze batek. Ilara luze horretan dingilizka geratutako azken uhartea da Key West. Floridako iparraldetik 180 bat kilometroko errepideari jarraituta irits daiteke egun. Cayo Hueso deitu zioten konkistatzaile espainiarrek azken irla horri, giza hezurrak aurkitu zituztelako bertan. Hain justu, irla horren izena jarri dio Oihane Amantegik (Zornotza, Bizkaia, 1985) Elkarrekin argitaratu berri duen liburuari. Joseba Sarrionandiak egin du lanaren hitzaurrea.

Abuztu hasieran hasten da otarrain sasoia Cayo Hueson, eta orduan ateratzen da arrantzara kapitain zaharra, liburuko narratzailea. Udan hasi eta martxo bukaerara arte, kasik egunero atera ohi da beharrera; nasak hartu eta otarrainak banan-banan harrapatzera.

6,4 kilometroko luzera du irlak, eta 1,6 kilometrokoa, berriz, zabalera. Espazio horretan egiten dute topo istorioko protagonistek. «Pertsonaia kuriosoak daude liburuan», aurreratu du egileak. Virgil eta Maudey dira horietako bi. Musika kritikaria da Virgil, eta jazz banda bateko abeslaria, berriz, Maudey. Pertsonaien arteko enkontruez eta urruntzeez mintzo da istorioa, oro har. Hala definitu du Sarrionandiak hitzaurrean: «Jendeak topo egiten du Cayo Hueson, eta aurresan ezineko moduan urruntzen da, bizitza diferenteen arteko enkontru erlazio nahasi amaigabean».

Otarrainekin alderatzen ditu harremanok egileak. Ornogabeak dira animalia horiek, eta exoeskeleto babesgarri gogor bat dute. Muda egin behar dute hazteko, eta zaurgarri egiten ditu prozesu horrek; dauden tokitik ihesi joateraino. Pintzak dituzte esku banatan, eta gorteatzeko zein erasotzeko erabiltzen dituzte horiek. Gizakiekin antzeko zerbait gertatzen dela erakusteko baliatu du otarrainen metafora: «Pertsonak maitemintzen direnean hazi egiten dira, baina zaurgarri ere bihur daitezke, min emateraino». Hala gorpuztu ditu, beraz, eleberriko pertsonaiak ere.

Eleberriaren musika

«Liburu honek usainik izango balu, alkohol eta tabako usaina izango luke», adierazi du umore puntu batez Amantegik. «Giro horretan gertatzen da istorioa». Musikak ere berebiziko garrantzia duela gaineratu du. Kontatu duenez, bi kantu hartu ditu lanaren musika banda gisa: Los Tres Reyes taldearen Amor, no fumes en la cama, eta Ruper Ordorikaren Kontserba fabrikaren aurrean. «Doinu horien gainean sortu da liburua».

«Liburuek liburu denda edo liburutegi batean irakurleen arreta piz dezaten, idazlearen estilo propioa behar dute. Horixe dute Amantegiren liburuek». Hala mintzo da Elkarreko editore Xabier Mendiguren egilearen idazteko moduaz.

Bigarren liburua du Amantegik Cayo Hueso. Elkarrek atera zuen aurrekoa ere: Ibaiertzeko ipuina (2020). «Lehen lanak zeresana eman bazuen, bigarren honek berretsi eta areagotuko du irakurlearen erreakzio hori», ziurtatu du editoreak. Haren ustez, aurreko lanean erakutsitako «nortasuna eta dotorezia» nabarmenak dira berrian ere. «Maitemin istorio betikoaren bariazio jolasak, film zahar bateko dekoratua dirudien jokalekua, belarrian gozo sartu eta bertan itsasten den musikaren oihartzuna... Bere laburrean gehiagoren gosez uzten gaituen testu perfektu bat da Cayo Hueso».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.