Supermerkatuko zozketa batean Dominikar Errepublikarako bidaia bat irabazi du Aitziberrek, eta Olatz bikotekidea ez ezik, biek lagun duten beste bikote bat ere gonbidatu dute. «Bikoteen bidaia bat» izan behar zuen, baina Ilargik beste batekin harrapatu berri du mutil laguna, eta, azkenean, eskolako betiko laguna eramango du berarekin: Ekaitz. Alkohol, festa, reggaeton doinu eta hondartza artean doaz egunak eta gauak, eta, luze gabe, talka egiten hasiko dira pertsonaiek maitasun harremanak ulertzeko dituzten moduak. Talka horiek izango dira Bihar arte soilik antzezlanaren muina, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Erre Produkzioak konpainiarena da lana, David Caiñak idatzi du testua, eta Gorka Minguezek zuzendu Lorea Intxausti, Nerea Elizalde, Albar Zirarda eta Mikele Arizkorretak osatutako lau aktoreko taldea.
Sexualitateari, gaztaroari eta harreman irekiei buruzko lan bat dela onartu dute konpainiako kideek, baina baita komedia bat dela zehaztu ere berehala. «Harremanen gaia lantzen du, baina paternalismorik gabe», zehaztu du Caiñak.
Erre Produkzioak taldeak 2021ean Arriagan bertan estreinatutako Fake, begiari tranpa antzezlana da oraingo obraren hazia. Caiñak idatzi zuen lan haren gidoia ere, Minguez izan zen zuzendaria, eta Intxausti ere aritu zen aktore lanetan. Minguezek Intxaustiri azaldu zion elkarrekin lanean jarraitzeko gogoz zegoela, eta hark proposatuta hasi ziren harreman irekien gaia lantzen eta aktore taldea osatzen.
Zintzotasun bila
Intxaustik gomendatuta bildu zuten Elizalde lantaldera, eta biekin izandako solasaldiak oinarri hartuta sortu du testua Caiñak. Izan ere, «zintzotasuna» izaten du iparrorratz nagusia testuak idazteko orduan. «Hamabost urte daramatzat bikote harreman erabat monogamo batean, eta sentitzen nuen gaia ez nuela nahikoa kontrolatzen», azaldu du. Hizketaldi horiek izan ostean, ordea, berehala ohartu zen harreman batzuk eta besteak ez daudela berak hasieran uste bezain urrun elkarrengandik. Eta, hain justu, mugak dira elementu komun hori, dioenez. «Besterik gabe, muga ezberdinak dituzte».
Ilargi da antzezlaneko pertsonaiarik komikoena, lantaldeak onartu duenez. Hala deskribatu du haren rola jokatzen duenak, Mikele Arizkorretak. «Saiatuko da bikotekidearekin duen harremana hautsi izanaren dolua saihesten, eta horretarako baliatuko ditu alkohola edo parranda; egunero saiatuko da eguna erabat okupatuta edukitzen, eta ahaztu egingo zaio komunikazioaren garrantzia».
«Polita izan da gazte ikuspegitik idaztea. Askotan saiatzen gara gazteak antzerkira gerturatzen, baina garrantzitsua da guri interesatzen zaizkigun gaiak taularatzea hori gerta dadin».
LOREA INTXAUSTI Aktorea
Bitartean, pixkanaka korapilatuz joango dira beste hiru pertsonaien arteko harremanak. Intxaustik azaldu duenez, Aitziberrek, esaterako, «Disneyren pelikuletan bezala» bizi dituelako erlazioak, eta Olatzek argi duelako harreman irekiak nahi dituela, baina gero ez dituelako hain erraz onartzen. Eta Ekaitz hor ibiliko da, denen lagun egin nahian hasieran, eta Olatzek harekiko interesik baduen edo ez duen asmatzen saiatzen berehala.
Gazteentzat pentsatutako antzerkia egiteari buruzko aldarria ere egin du Intxaustik. «Polita izan da gazte ikuspegitik idaztea. Askotan saiatzen gara gazteak antzerkira gerturatzen, baina garrantzitsua da guri interesatzen zaizkigun gaiak taularatzea hori gerta dadin».
Caiñak gazteleraz idatzi du jatorrizko testua, eta Kepa Errastik euskaratu du gero. Biharko euskarazko estreinaldiaren ostean egingo dute gaztelerazko bertsioaren estreinaldia, etzi.