Harreman bereziak

Xose Manuel Martinez Oca (Estrada, 1942) narratibako Pedron de Ouro sariaren lehen aldietako ipuin finalistak argitaratuz plazaratu zen literaturaren munduan. 1979an eta 1982an, irabazlea izan zen, ordurako sariak Modesto R. Figueiredo izena hartua zuela. 1981ean, Las Palmasko Casa de Galicia saria irabazi zuen, Os lóstregos e a carballeira lanarekin (Xerais argitaletxea), eta 1983an, berriz, Blanco Amor saria, Beiramar obrarekin (Xerais). Besteak beste, Os Chapurros (Edicios do Castro, 1983) eta Detrás do silencio (Sotelo Blanco argitaletxea, 1986) kontakizun liburuen egilea da, baita As florestas do Mañuema eleberriarena ere (Xerais, 1988): eleberri horretan, Afrika erdialdera egindako espedizio bat kontatzen du, Livingstone doktorearen bila egindakoa. O vicio nefando (Baia argitaletxea, 2009) eta Tres en raia ere (Baia, 2022) argitaratu ditu. Galizierazko Idazleen Elkarteak (AELG) omendu du aurten, Escritor na súa Terra ospakizunean.

Abrazo. ALEX ROZADOS.
Xose Manuel Martinez Oca.
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Egun hartan, nire ohiko lan-ibilbidearen barruan, iparraldeko hiri bateko jatetxe batera sartu nintzenean bazkaltzera, iruditu zitzaidan jangelako atzealdeko mahaian zegoen emakumea Zaragozako kosmetiko-etxe bateko komertziala zela, behiala nirekin harreman berezia edukitakoa bera. Baziren urte batzuk gure bideak bananduak zirela, eta denboraren joanak, nahi eta nahi ez, aztarnaren bat utzia zuen haren eitean, nigan bezala seguruenik. Baina, egia esanda, ez nik bera ez ezagutzeko moduan. Ez berak ni ez ezagutzeko moduan.

Gure arteko harremana Bartzelonan hasi zen, ni enpresaren konbentzio batean nengoela eta bera bere bisita eta negozio-bidaia haietako batean. Lankide batzuekin tabernan nengoen bera hurbiltzen ikusi nuelarik. Hura gorputz puska, aizue! Markaz fuerakoa! Haren aurpegia... egia esanda, aurpegia ez zen haren zerarik onena, sudurra hola baitzuen... kakotua edo. Eta gainera makillaje koxka ederra ibiltzen zuen, arraioa, zertarako eta kokotseko koxkor bat disimulatzeko, garitza antzeko bat, ez oso ikusgarria. Niri erotikoa ere iruditzen zitzaidan; baina hari ez gustatzen hura nabarmentzea. Eta gainera kosmetikoak dohainik zituenez, nasaiki erabiltzen zituen. Orduko hartan, hura ikusiaz batera, lankideen aurrean harrokeriaz jardun behar eta (badakizu), harengana inguratu nintzen, eta ondo atera zen kontua.

Egun hartatik aurrera, edo hobeto esanda gau hartatik aurrera, noizbehinkako harreman bat hasi zen, maiztxo zertua halere zenbait urtez. Zeozer informala edo. Han eta hemen elkartzen ginen bi edo hiru asterik behin; inoiz, ondoz ondoko bi astetan; bakoitza bere ibilbidea egiten ari zela, egun bat, bi edo asko jota hiru elkarrekin pasatzeko aprobetxatzen genuen. Zeozer atsegina izaten zen, lasaia eta konpromiso handirik gabekoa. Bera dibortziatua zen, eta ni..., tira, ni neure kasa ibiltzen nintzen. Beraz, dena txatxi bederatzi.

Halaxe joan ziren hiru bat urte. Gero, tipust-tapast, halako batean, utzi egin nuen. Ez nuen burua askorik nekatu kolpea aurrena neronek jo aurretik, susmoa hartzen hasita bainengoen bera niri despedida ematekotan zebilela. Antza hartzen zaie halako gauzei. Esan gabe ere, usaina hartzen zaie halakoei, eta norbera aurrea hartzen saiatzen da, galduan ez ateratzeko.

Lana gehienean errepidean egiten dugunok, hiriz hiri, gaur hemen, bihar han, zailtasunak edukitzen ditugu harreman egonkor bat zertzeko. Eta Zaragozakoari eta bioi gero eta gehiago kostatzen zitzaigun elkartzea. Hots egiten nion: «Bihar halako tokitan egongo naiz. Han gertatuko gara?» Hasieran, ziztuan azaltzen zen, nik gonbita iradoki bezain laster, eta logela bat hartzen genuen hotel batean, tokian bertan; baina azkenaldian aitzaki-maitzakitan hasten zitzaidan gero eta nabarmenago. Harremana dagoeneko ez zen lehengoa, eta ni ordurako ez nengoen jo eta zanpa aritzeko ere. Pizgarri berriak beharko nituen, auskalo, aukera sorta zabalxeago bat, edo holako zeozer.

Eta, bestalde, kalera elkarrekin irteten ginenean zehar-buelta bat egiteko, bat-batean botatzen zidan: «Ez pasatu besoa sorbaldatik. Irudi du ehizaki bat bezala ibili nahi nauzula». Ez nion, bada, lehenago besarkada gehiago ematen, eta berak tutik ez. Tira: ikusiak ikusita, berak ni utzi aurretik, neronek utzi nuen bera.

Udaberriko arratsalde batez Madrileko kafetxe batean geratu ginen, Gran Vian, Callaotik hurbil. Ni Segoviatik nentorren, eta hura Salamancatik. Eta solas-molas ari ginela, zerbitzariak alde egindakoan, brau bota nion, estilo handiarekin: «Hara, Luísa, ez gaitezen itzulinguruka has: gure artekoa onenak emanda dago, eta beraz iruditzen zait iritsia dela bukatzeko ordua».

Sor eta lor geratu zen, benetan. Edo halaxe iruditu zitzaidan niri, bederen. Malko batzuk ere isuri zituen, halako moldez non dena bere horretan uzteko gogoa eduki bainuen. Ez nuen halakorik egin, ordea, zeren, esan dudanez, berari ere ibiliko zitzaion buruan ni uzteko ideia, ia seguru; baina, noski, besteak aurrea hartzea, gutxiena espero duzunean, nahiko amorragarria da.

Han bertan esan genion adio elkarri, kafetxeko terrazan. Gizalege handiz. Pare bat musu emanda matrailetan, bera Callao plazan barna abiatu zen Puerta del Sol aldera. Duin-duin alde egiten ikusi nuen, astiro, eta nik Gran Vian behera segitu nuen lasai, Espainiako plazarantz, aurretik han hitzordua egina bainuen lagun batzuekin plazako terrazetako batean, Rosales aldean.

Eta orain, ustekabean, hantxe topo egin berarekin jatetxean. Harengana hurbiltzean pare bat musu emateko, kaixo zer moduz, aspaldiko!, atzera egiten du, eta hotz eta motz diost: «Barkatu, jauna, baina uste dut ez dugula elkar ezagutzen. Tronpatuko zinen». Holaxe izan zen! Bera! Luisa bera, irrits bera, gorputz bera (hura bai gorputza, jainko potzoloa!), pintura-koxka bera aurpegian, alde bakarra zimurtxo batzuk ezpain-izkinan. Ez nion erreparatu kokotseko koxkorrari, nahiz eta hura froga erabakigarria izango zen, ezin ukatuzkoa. Ahaztu zitzaidan, ordea. Gainera, bazitekeen kendu izana.

Zer eta ez dakiela nor naizen! Holaxe, lasai demonio. Nik: «Baina, Luisa, emakumea. Nolatan ez dugu elkar ezagutuko?» Hark, ordea, jaramonik ez, burua beste nonbait balu bezala. Bera ez zela Luisa, oker nengoela, sentitzen zuela, eta hau eta beste. Lasai arraio, hura larru gogorra hura.

Plantak hain ondo egiten zituen, azkenean benetan sinetsi nuen oker nengoela. Sumindu ere ez zen egiten eta. Bakarrik esaten zuen: «Hara, sentitzen dut asko, jauna; baina ni ez naiz uste duzun hori. Barkatu». Irribarre ere egiten zuen.

Bakean utzi nuen, baina, mahaira eseri nintzenean, barrandan hasi nintzaion urrutitik eta zalantza-izpi guztiak uxatu nituen. Huraxe zen, eta ez zuen onartu nahi. Pare bat aldiz harrapatu nuen betertzez begira, bestela bezala, eta harrapatu nuenean gorritu egin zen arean. Ez nuke lepoa egingo, baina, bai, esango nuke gorritu zela. Alajaina, haren mendekua zen. Edo berak hala pentsatuko zuen, beraren mendekua zela. Hain izorratua irten nintzen jatetxetik, orain zoro-zoro nabilkio atzetik, ume baten pare. Eta ematxar alaenak alegia deus ez; ikusten nauen bakoitzean, ikusezina naiz berarentzat. Kasu mikorik ez. Urrutitik ikusten nauenean, lekuak husten ditu berehala, deabruak hartuta bezala. Zer deritzozue? Ba al da dretxorik?

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.