Olivier Harotzarene. Aho Zakil Konekxion taldeko gitarrista

«Harrabotsa egiten dugu kristoren bihotzarekin»

Aho Zakil Konekxion taldeak 'Kisulabe' diskoa karrikaratu berri du. Duela hogei urteko gazteen eta oraingoen arranguren tifoia da. Badu umoretik ere zapalkuntzak eta espekulazioak eragin hisiaren bozak.

JAGOBA MANTEROLA/FOKU.
Ainize Madariaga
Amaiur
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Aho Zakil Konekxion taldeak lehen diskoa atera berri du labetik: Kisulabe. Kexua erraietatik orroka irradiatzeaz gain —gazteak herrian ezin biziak eragina, bertzeak bertze—, lagunen arteko gozamena ere kutsatzen du, punk giroan. Uztaritzeko (Lapurdi) Tribal Studion grabatu dute Olivier Harotzarenek eta haren kideek, eta gaur Hendaiako (Lapurdi) gaztetxean ariko dira, 19:00etatik aitzina.

Noiz konektatu zen ahoa zakilarekin?

Konfinamendua aitzin, Sarako [Lapurdi] gaztetxeak 30. urtebetetzearen karietara antolatu zuen egun pasan. Gure kantaria, Mattin [Oronoz], gaztetxearen kide izan zen, eta egun horretarako kantu batzuen bertsioak prestatzen hasi ginen, Arno semea, Mattin eta hirurok. Banekien polita izanen zela. Desafio bat izan zen.

Geroztik, ahotik ezin utzia.

Hazparnetik [Lapurdi] deitu gintuzten, Su Ta Gar aitzin aritzeko. Hor ere berotu ginen. Kakeriarekin joan ginen! [kur-kur]. Luzea eta bikaina izan zen aldi hartakoa. Gerora, eskatu ziguten Kaleko Urdangak aitzin aritzeko Saran [Lapurdi]. Berdin: berotu eta aski ongi pasatu zen!

Aita-semeak agertokian zaudete.

Bitxia da, baina gozatzen dut ikaragarri Arno semearekin. Izan musikan, pilotan edo lanean.

Baduzu iragan musikalik?

Gazte denboran ari nintzen pixka bat gitarran. Ez genekizkien hiru akorde baizik, eta horrekin taldea muntatu genuen Senperen [Lapurdi]: Eskalapoi. Gero, Laino Beltza.

Haurrak sortzean utzi nuen. Eta, duela hamar bat urte Zugarramurdirat [Nafarroa] mugitu nintzelarik, talde bat bazen jada herrian: Tumatxa. Baxu jolea behar zutela. Ez nintzen sekula aritu, baina hasi nintzen. Edozein alorretan bezala, honetan ere topera ikasten aritu nintzen. Bertsioak egiten genituen. Utzi genuen. Semea hasi zen bateria jotzen, aski ongi. Hola hasi zen gure desafioa, hiruren artean. Baxu jolea edo gitarrista bilatzen genituen. Ez zenez heldu, berriz gitarrari lotu nintzaion.

Arnok makila utzi eta sokari heldu zion orduan?

Bai, laugarren kide hori jin gabe eta baxuan hasteko gogoa sartu baitzitzaion. Hala atzeman genuen bateria jolea: Mikel [Inda], Azkainen [Lapurdi].

Bertsioak baztertu eta zuhaurenak egiten noiz hasi zineten?

Bertsioak egitea lana denez, sortzekotan, guhaurenak nahi genituen. Gure kontzertuak ongi edo gaizki pasatu dira, zail edo ez; baina motibatuak ginen, eta ikusten genuen parekoekin zerbait gertatzen zela: ez baitziren ostaturat abian, baizik eta gurekin egoten.

Zein da zuen kontzeptua?

Gure hitzak nahi genituen: zer pentsatzen dugun adierazteko. Bestondo kantua, adibidez, ti-tau egin genuen, aski kontent! Geurea genuen egin nahi.

Eta zein da zuen hori?

Astopunk erraten diogu: harrabotsa egiten dugu kristoren bihotzarekin. Errepiketan kontzertuetan bezala ari gara, saltoka, garagardoak edaten. Maite dugu.

Dena ematea?

Dena.

Euskal Herria salgai ikusteak pizten dizuen kolera gorriak ematen dio kolorea diskoari.

Bai. Gazteek sentitzen duten hori; ezin etxean bizi, ezin etxerik eros... Mattinek idatzi du letra, eta beharra bagenuen hori salatzeko eta botatzeko.

«Nolaz gure herri librea koloniza dezakezu? Zu zure sosaldi disgustagarri horrekin!». Gazteen koleraren garrasia zaretea?

Gurekin batera oihukatzen dute. Parean direnak hunkituak dira, sartzen dira gure kantuan, bat eginez gure hitzekin.

«Herritarrak babestu beharrean/gure kontra jotzen duk ta!/ Hire ikusteak barnetik pizten nau/ errabiaz irakitan!».

Gaia interesgarria zitzaigun, Euskal Herrian ere bai baitago polizien errepresioa, eta aspertuak gaude! Erresuma Batuko mugimenduari jarraikiz idatzi duguA.C.A.B kantua.

«Zenbat jende pobre behar da aberats baten egiteko?», idatzi du Joxe Arburuak. Auzolanean idatzitako hitzak dira.

Bai, aberatsek ez baitute sekula aski, beti gehiago behar kapitalismo honetan. Hori dio Euli beltzak kantuak. Mendiko antxeta batek ere parte hartu du.

Kataluniaraino ere joan zarete hitz eske.

Nuriak [Garriga] igorri zigun Urquinaona kantua. Kale borrokaz mintzo da, gurea bezalako historiaz: herriaren haserreaz.

Errabia bai, baina irria galdu gabe: Zerri patt!

Besta bat egin genuen, beti berdin, eta zerri pata aski onak jan. Berotu ginen horren inguruan. Ondoko asterako Mattinek hitzak jateko prest ekarri zituen. Kanturik arrakastatsuena da kasik!

Dena salatu gabe, baina koreografia zerbait badu kantuak, ez dea hala?

Bai, antzerki ederra badu prestik Mattinek. Xantza dugu badugula fan klub txiki bat, eta haiekin gozatzeko parada. Haiekin partekatu nahi dugu, bat egin; ahal bagenu haiekin oraindik gehiago sartu, eginen genuke.

Zugarramurdiko Kisulabe elkarteak baditu engoitik kantua eta diskoa.

Hortik hasi zen dena. Euskal Irratietan antolatzen duten desafioan parte hartu genuen: ortziralean gai bat eman, 20:00etan hasi, eta igandean, tenore berean, bukatu beharra duzu kantua. Gaia hauxe zen: zure gustuko ostatu bati amodiozko kantua egitea. Kisulabe orgia bat izan da guretzat.

«Gure gazteria egosi zuen labea, musika ta alkohola, drogak eta sexua, ke eta izerdien arteko harremanak!/ Zu gabe ez ginen izanen gaur garena».

Laborategia izan zen. Zugarramurdiko gure adineko gazteei [kur-kur] igorri genien parte hartzeko deia: bihotzetik idaztea zer izan den Kisulabe haientzat. Hori guziarekin josi du kantua Helena Xuriok. Hortik hasi da Aho Zakil Konekxion serioski. Diskoan nahi genuen Kisulabe irudikatu; horregatik eskatu genion Asiskori marraz zezan: ostatua hutsa eta Kisulabe sutan. Herriko gazteen karikaturak sartu ditu. Diskoa erostean norberak bere burua bilatzen du, zinez irrigarria da. Bertze konexio bat izan da.

Ahoa eta zakila konektatzera deitu zenituzten, zergatik?

Mattin eta biok Londresko hotel ikaragarri handi bateko ezkaratzean jarri ginen sofa batean. Hortik atera zen taldearen izena. Kasu, ez da konexion, baizik eta konekxion, ingeles azentuarekin.

Elurre Iriarteren Luze gabe kantuak dioen gisako laguntasun istorioa dea zuena?

Talde bat gara, baina bitxia da, zeren eta iruditzen baitzaigu ez garela bakarrik, ezin dut definitu hori zer den. Ikaragarriko xantza dugu, alde guzietatik kristoren laguntza ukan baitugu diskoa grabatzeko.

Bihartik landa, data gehiagorik?

Herri Urratsen: Nafarroa gunean, 11:00etan. Elizondon [Nafaroa], ekainaren 3an. Instagramen, aho zakil konekxion kontuan denak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.