Harkaitz Cano eta Juanjo Olasagarre saritu ditu Espainiako kritikak

'Fakirraren ahotsa' eleberriagatik eta 'Ia hemen' olerki bildumagatik jaso dute aitortza bi idazleek

Harkaitz Cano idazlea, iazko abenduan, Fakirraren ahotsa eleberria aurkeztu eta hilabetera, Donostian. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Kritikaren Saria irabazi dute Harkaitz Cano eta Juanjo Olasagarre idazleek. Fakirraren ahotsa (Susa) eleberriagatik jaso du saria lehenak, eta Ia hemen (Pamiela) poesia liburuagatik bigarrenak. Nor bere generoan, bi lanok iazko euskarazko libururik onenak direla ebatzi du Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak (AECL), eta atzo jakinarazi zuten erabakia.

Lehendik ere beste bitan jasoa du Canok Espainiako kritikarien aitortza: Neguko zirkua (Susa, 2005) narrazio liburuagatik saritu zuten aurrena, eta Twist (Susa, 2011) nobelagatik ondoren. Hura idatzi eta zazpi urtera, iaz plazaratu zuen Fakirraren ahotsa, Imanol Larzabal kantaria zenaren bizitzan oinarritutako fikziozko kontakizuna. Liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, motibazio bikoitza izan zuen haren bizitza oinarri hartzeko. Batetik, musikariaren alderdi ustez ezagunagoan «motibazioak, ñabardurak eta gezurtatzeak» bilatzen saiatu zela esan zuen, eta haren alderdi ezezagunagoan «gertaeretan edo kronikan gehiago sakontzen». Motibazio «sentimental» bat ere aipatu zuen, Larzabalen kantuek beste poeta batzuengana eraman zutela gogora ekarrita.

Olasagarrek, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete poesia saria irabazi zuen 2017an Ia hemen poesia liburuarekin. Iaz plazaratu zuen lana, Pamielarekin, aurreko olerki bilduma —Puskak biziz (Susa, 2000)— kaleratu eta hemezortziurtera. Tarte horretan guztian ez ziola idazteari utzi azaldu zuen orduan, eta poemak idaztearen bidez «egunari zentzu bat ematen» saiatu ohi dela.

Iazko lanik onenak

Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak 1956tik banatzen ditu bere sariak, eta aurreko urtean narratiban eta poesian gehien nabarmendu diren gaztelerazko, euskarazko, galegozko eta katalanezko lanei aitortza egiten die haien bidez. Aurten, gaztelerazko literaturan, Antonio Soler —Sur eleberriagatik— eta Raquel Lanseros —Matria olerki bildumagatik— nabarmendu ditu.

Galegoz idatzitako iazko lan onenak, berriz, Antonio Loporen Extraodinario nobela eta Pilar Pallaresen Tempo fósil poesia liburua izan dira, kritikarien elkartearen ustez. Eta katalanezko letretan, azkenik, Sergi Pamiesentzat izan da aitortza narratiban, L'art de portar gavardina eleberriagatik, eta Enric Casassesentzat poesian, El nus desnudo/La Flor lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.