Goia jo jabe aritu dira gaur sei bertsolariak Gasteizeko saioan. Izan dira kantuan erorikoak, baina utzi dituzte ariketa bakoitzeko ale politak ere. Atzoko saioan baino puntu gutxiago izan dira gaur. Haritz Mujika izan da gailen, hark lortu baitu puntu gehien: 695,5, –Nerea Elustondok Getxon lortu zituenak baino puntu erdi gehiago–. Hala, zuzenean eskuratu du finalaurrekotarako pasea. Aise nagusitu da; Miren Artetxek harengandik 25,5 puntura egin baitu bigarren, 670 punturekin. Iban Urdangarin izan da hirugarrena, 660 puntu eskuratuta. Xabat Galletebeitiak, berriz, 655,5 puntu bilduta egin du laugarren, eta atzetik izan du bosgarren Amaia Iturriotz, 648 punturekin. Manex Agirre, azkenik, seigarren geratu da, orain arteko puntuaketa baxuenarekin: 573,5 punturekin.
Puntuaketa horrela, beraz, Donibane Garazin (Behe Nafarroa) kantatuko du Mujikak urriaren 29an. Amets Arzallusekin eta beste lau sailkatuekin batera arituko da bertan. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.
Bertsolariek oro har ez dute lortu saioa lehertzerik, baina txalo gogotik jo duten 650 entzule batu dira Gasteizko Europa biltzar jauregian. Hasiera-hasieratik hartu dio Mujikak tamaina oholtzari, eta, saioa amaitu bitartean, erori gabe eutsi dio olatuari. Gainontzeko lau bertsolariek ere izan dituzte ateraldi politak, itxuraz oholtzan ziurtasun osoz aritu ez diren arren. Gaiei etorri moduan erantzun diete sei bertsolariek, baina goitik aritu da nabarmen Mujika.
Ariketa guztiak balekoak egin ditu irabazleak, baina ganbarako lanean nagusitu da gehienbat. Hau zuten hiruna bertso kantatzeko gaia: «Diru kantitate handia eskaini dizute. Onartu egin duzu». Bistan denez, gaiari erantzuna emateko bidea nahiko zabalik utzi die gai emaileak. Eta, hala, nork bere sormena lantzea izan du helburu. Hiri bateko alkate gisa aurkeztu du bere burua Mujikak jendaurrean, eta udal lurrak Mercedes auto konpainiari oparitu izana kontatu du kantuz. Martxan jarri ditu horretarako lanak; eskabadora zein bestelako «trasteak». «Nahiz garbi-garbia ezten/ ekintza honen ostea/ beltzean eman didate/ lur zati baten kostea/ opari bat egin diet/ beraiek niri bestea». Horrela amaitu du, publikoaren txalo artean, hirugarren eta azken bertsoa:
Ta nire kontra kanpainan
asko dabiltza gustura
igual ez naiz iritsiko
berriz nagoen postura
baino alemanek dena
jarri didate eskura
eta kontratu batean
zehaztu degu joskura
alkate hautatze ezpanaute
zer egingo diogu ba
lana emango didate
jefe de planta modura.
Gaurko saioa amaituta, hau da, oraingoz, sailkapen orokorra:
SAILKAPEN OROKORRA (beltzez, zuzenean sailkatu direnak)
1. Alaia Martin 738 puntu
2. Nerea Ibarzabal 738 puntu
3. Oihana Iguaran 737,5 pt.
4. Haritz Mujika 695,5 pt.
5. Nerea Elustondo 695 pt
6. Ane Labaka 694,5 pt.
7. Julio Soto 691 pt.
8. Agin Laburu 685 pt
9. Joanes Illarregi 678 pt.
10. Saioa Alkaiza 673 pt.
11. Miren Artetxe 670 pt.
12. Iñaki Apalategi 664 pt.
13. Iban Urdangarin 660 pt.
14. Xabat Illarregi Marzol 659 pt.
15. Xabat Galletebeitia 655,5 pt.
16. Oihana Bartra 653,5 pt.
17. Eneko Lazkoz 649,5 pt.
18. Amaia Iturriotz 648 pt.
19. Miren Amuriza 646,5 pt.
20. Unai Mendizabal 635 pt.
21. Peru Abarrategi 627 pt.
22. Gorka Pagonabarraga 616 pt.
23. Patxi Iriart 604,5 pt.
24. Manex Agirre 547,5
Azken bi final-laurdenak
Datorren asteburuan ere kanporaketa bikoitza izango du txapelketak: larunbatean Donostian, eta igandean, berriz, Lizarran (Nafarroan). Hauek dira Donostian kantatuko duten sei bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita. Igandean, berriz, Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi arituko dira Lizarran.
Ikusi gehiago:Nerea Ibarzabal nagusitu da hirugarren final-laurdenean