Euskal kulturaren transmisioa. Mahai ingurua

HARIAK, ETENAK, KORAPILOAK

Hauskorra izaten da euskal kultura transmititzeko haria. Nola hala iraun du denboran, eta badirau, besteak beste herrigintzaren ahaleginari esker. Haria eten edo korapiloetan itotzeko arriskua, ordea, etengabea da. Gaiari buruz gogoetan aritu dira Olatz Osa, Lore Erriondo eta Alberto Barandiaran.

BERRIA.
Ander Perez Argote
Andoain
2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ez diegu datozen belaunaldiei gure kultur sorkuntzaren historia erakusten». Sendoa da Jalgi jardunaldien abiapuntua. Bihartik aurrera osatuko dute euskal kulturaren plaza ibiltaria Aiaraldean, eta, astebetez, kultur munduko sortzaile, profesional eta hartzaileentzako topagune izango, euskal kulturgintzaren transmisioa eta komunikazioa ardatz. Gai horren bueltan elkartu ditu BERRIAk Olatz Osa, Lore Erriondo eta Alberto Barandiaran, besteak beste transmisio bideen eraldaketaz, gabeziez eta ardurez mintzatzeko. Gai potoloa da transmisioarena, helduleku askokoa. Hargatik, definizioarena izan da askatu beharreko lehen korapiloa.

Zer duzue transmisiotzat?

LORE ERRIONDO: Orokorrean, eta ñabardura guztiak alde batera utzita, zer izan garen, zer garen eta zer izan nahi dugunaren berbalizazioa da transmisioa. Eta zer izan garen horretan, zer izateko aukerarik ez dugun izan ere bai.

ALBERTO BARANDIARAN: Oso gauza poliedrikoa da transmisioa, iturri askokoa: jaso dut transmisio zehatz bat etxean, transmisio zehatz bat kalean, transmisio zehatz bat nire lanean... oso iturri diferenteak dira, baina oso osagarriak. Uste dut, gainera, horrela pentsatu behar dela, ez dela bide bakarra, ez dela iturri bakarra: inguratze gaituen gauza bat da, iturri asko eta emari asko dauzkana.

OLATZ OSA: Nik nabarmenduko nuke transmisioa ez dela bakarrik iragana gaur egunera ekarri eta ezagutzera ematea; transmisioa egunerokotasunean egiten dugu. Kulturgintzan ari garenok, egunero egiten eta ekoizten dugun horrekin, eta ekoizten dugun horren nolakotasunarekin ere transmititzen ari gara, etengabe. Eta ez dakit horren nahikoa kontziente garen, nahikoa presente dugun eguneroko horrek ere arrastoa uzten duela, historia bat egiten ari garela, eta historia hori transmititzen dugula.

L.E.: Kulturak, bizirik badago, gure aurrekoentzako baliagarria izan zen hori guri ematen digu, eta gureganatzen dugu, molde berrietara egokituz. Guk, egoera berriei erantzuteko, sortzen dugu, eta, beraz, dagoeneko ez da zena, eguneratua da, egokitua. Era berean, guk hurrengoei ematen diegu, eta haientzat hainbat elementu baliagarriak izango dira, eta beste hainbat ez. Etengabean ari gara hautatzen, egokitzen, osatzen eta sortzen.

A.B.: Ideia horrekin lotuta, Eduardo Apodakak Identitatea eta anomalia liburuan oso gauza interesgarria esaten du. Esaten du transmisioa ez dela transferentzia hutsa, eta gainera transmisioa galdu egiten dela. Asko galtzen da bidean, eta ur lohia da, nahasketa bat, beharbada zerikusi gutxi duena aurrekoarekin, baina azken finean ura dena, badatorrena. Transmisioa ez da tradizioa; transmisioak askotan hautsi egiten du tradizioa, eta are, hautsi egin beharra dago transmisioa egoteko. Adibidez, Mikel Laboa guretzako oso inportantea da, baina beharbada 20 edo 30 urte barru ez da asko izango, edo gutxi izango da, aurrekoentzat Iparragirre asko izan zen bezala.

L.E.: Biziberritzen ez dena folklore bihurtzen da. Belaunaldi bakoitzak hautatu egiten du aurrekotik baliagarri zaiona, baina horrek esan nahi du transmisio horrek existitu behar duela, hautatu ahal izateko. Bestela ez dago transmisiorik, egon daiteke ordezkapena, egon daiteke kolonizazioa. Eta hor ez dago hauturik.

A.B.: Nolanahi ere ,nik uste dut transmisioa beti existitzen dela, baita hausten denean ere; halakoetan, beharbada, hautsi beharra transmititzen da.Adibidez, gure inguruan, Altsasun, kuadrillan hamabi lagun izan bagara, hamar edo hamaikaren aitona-amonakeuskaldunak ziren, eta hamar edo hamaikaren gurasoak erdaldunak. Sekulako haustura izan zen. Hor transmisioa eten zen? Ez, beste modu batez eman zen transmisio hori.

L.E.: Ez, ordezkatu egin zen.

A.B.: Bai, ados, baina hor ere bada transmisiorik. Hor transmititu zena zen hautsi behar izan zela garai hartan euskararekin. Badago balio batzuen transmisioa.

L.E.: Hor dagoena da oinazetik babestu nahi izatea, eta horretarako erabakitzen da ez transmititzea, ezkutatzea. Erabakitzen da ordezkapen prozesu bat, beste zerbait transmititzea, ez norberarena. Hori ez da transmisioa; hori kolonizazioaren estrategiaren elementu eraginkorretako bat da, norberarena oinazearekin, lotsarekin, beldurrarekin lotzea.

A.B.: Ados nago zurekin, kontua da haustura gertatzen denean ere transmititzen dela zerbait. Gazte jendeak beti egiten du haustura bat aurrekoarekiko, eta hori sanoa da, behar da. Hausturetan ere badago transmisio fluxu bat. Norberak hausten duenean orduan egiten du bere atzean uzten ari dena eta hartzen ari dena, eta hori da hark transmitituko duena. Ez baduzu hausten, ez daukazu zer transmititu, ez delako zurea.

Ahozkotasunari eta gertuko komunitateari lotutako transmisioa izan da euskal kulturarena. Zer modutan eraldatu da transmisioa, bide horiek eraldatu diren heinean?

O.O.: Azken urteetan hedabideek pisu handia hartu dute gure gizartean. Kontua da hedabide askotan euskal kultura ikusezina dela, eta alde horretatik, uste dut transmisioan ahultze bat izan dela. Komunikabideen bidez beste kulturak — urrutiago gertatzen direnak ere bai— gure etxeetan sartu dira, sukalderaino. Eta gainera, horiek kontsumitzen ditugu neurri handi batean. Testuinguru horretan, gurearen transmisioa ahuldu da. Hautu bat izaten da, euskaldunok egin behar izaten duguna, besteetatik edota guretik edan, eta besteak zenbat eta gehiago sartu gure etxeetan, euskal kultura agerian uztea gero eta zailago gertatzen ari da.

Etena egon da, beraz?

L.E.: Nik, etena baino gehiago, esango nuke etenen continuum-a dela. Transmisioarena makineria oso bat da, sistema oso bat, eta baditu alderdi formalak eta informalak. Formaletan badira instituzioak, eskolak, erlijioak... Gureak ez du hori guztia, horretarako burujabetza behar baita. Guk ez daukagu, eta horregatik saiatzen gara ahal dugun moduan. Zergatik genuen ahozko transmisioa? Ez genuelako alfabetorik, botererik, eskolarik... Ziurtatzen zaigun transmisioa auzo kulturetakoa da, espainola eta frantsesarena. Bere osotasunean ziurtatua ez dugun kultura bakarra gurea da. Zein da giltzarria? Gure erabakiak hartzeko aukera izatea.

A.B.: Ados nago, baina uste dut arazo hori beti izan dugula, gutxienez azken 500 urteetan. Ez dugu izan ez legerik ez tresnarik transmisioa modu eraginkorrean ziurtatzeko. Eta halere hemen gaude, transmititu da, jarioa egon da, eta badago. Eta nahiz eta paradoxikoa izan, uste dut gaur egun, globalizazioak eta hizkuntza handiek gero eta indar handiagoa duten honetan, beste garai batzuetan baino aukera hobeak ditugula hainbat gauza transmititzeko. Nik ez dut gaur egun Euskal Herria Bonaparteren hizkuntz maparen arabera ulertzen: Euskaldunak Gipuzkoan ez dakit zer koloretan, Bizkaian ez dakit zer beste koloretan... Ni Iruñean bizi naiz, eta hor badut nire sarea, eta Bonaparteren koloreen arabera margotuko bagenu, grisa litzateke, ez urdina eta ez gorria. Eta, halere, nik badut nire sarea. Gaur egun, kolore zehatzak baino, puntu asko daude, eta loturak. Alde horretatik, uste dut sare horiek errazago egiten dutela transmisioa. Aurrekoan, uste dut Ruper Ordorikari irakurri niola, berak badakiela Shakirarekin ezin dela lehiatu, baina Sabiñanigoko ez dakit zer jazz jaialditik deituko dutela, eta gero Durangon egongo dela, eta bere espazioak horiek direla. Uste dut espazio horiek indartsuak direla. Alde horretatik, baikorra naiz.

O.O.: Nik uste dut oraindik ere zailtasun handiak dauzkagula egiten dugun hori hartzailearengana iristeko. Teorikoki, beharbada, aukera gehiago daude, badaudelako beste bitarteko eta tresna batzuk, teknologia berriak-eta, baina ez dut uste une honetan horiengatik hobeto gaudenik. Gero eta zailagoa gertatzen ari zaigu euskaldunarengana iristea, ez soilik euskal kultura ezagutzen ez duenarengana. Baliabideak mugatuak dirasorkuntzan eta ekoizpenean ari garenontzat.

Baina egia da ere gero eta zabalagoa dela euskal kulturaren ekoizpena. Kantitateak, agian, zabalpena mugatu lezake?

L.E.: Orain, bide gehiago ditugu, garraiobide gehiago ere bai, baina abiadura, gure gizarte eta bizitzaren abiadura, askoz handiagoa da, eta aldaketak azkarrago gertatzen dira. Fenomenoen iraupena laburragoa da. Lehia horretan ere egon behar dugu.

O.O.: Zorionez, euskal kultur eskaintza zabaldu egin da, eta gainera kalitatean galdu gabe. Hori da gure indarguneetako bat. Egia da hori guztiaren berri eman beharko genukeela agian, eta egia da kantitate horretan ezin dugula guztian sakondu, eta ezin dugula guztia modu berean tratatu komunikazio ikuspegi batetik. Baina arazoa ez da ekoizpena handitu izana, arazoa da hori iristeko ditugun baliabideak oso mugatuak direla. Eta beharbada guk ere horretan badugu zer ikasia. Urte asko pasa ditugu egiten eta egiten, baina gehiegi erreparatu gabe hartzaileak zer nahi duen, nola jasotzen duen informazio hori, eta nola egin genezakeen baliabideak mugatuak izanik hura jabetu dadin egiten dugunaz.

Pertzepzioarekin du lotura horrek. Zein da, zuen ustez, jendarteak euskal kulturarekiko duen pertzepzioa?

A.B.: Pertzepzioa, batez ere guri iristen zaiguna, erdal pertzepzioa da askotan, nola ikusten gaituzten. Euskal kultura edo produkzioa kontsumitzen duen jendeak ezagutzen du dagoena, eta estimatzen du edo ez, baina badaki zer dagoen. Noski, euskaldunon artean ere, ikusi beharko genuke zenbatek kontsumitzen duen eta zenbat dabiltzan nik nukleo gogorra esaten diodan horretan, zer tamaina duen horrek. Pertzepzioak askotan ezjakintasunetik sortzen dira, eta ez kontsumotik.

O.O: Bai, eta oso estereotipatua egoten da ezagutzen ez den hori. Gure kasuan komunitate oso bat dago euskal kultura ezagutzen ez duena, eta horren pertzepzioa oso estereotipatua eta mugatua da. Ni kezkatzen nau transmisioa etxetik edo hedabideetatik jasotzen ez duen horrek, eta horietako asko euskaldunak ere badira. Hau da, hautua egin dezakeen eta egiten ez duen hori. Ez du ezagutzen, ez du beharbada etxetik transmisiorik jaso, ez du euskarazko hedabiderik kontsumitzen. Horrek euskal kulturaz zer daki? Ezer gutxi, eta gainera, uste du euskal kulturak ez duela nahikotasun edo kalitaterik. Hor dugu erronka: nola erakartzen ditugu horiek?

L.E.: Badago mito bat: sasiberdintasunaren eta sasianiztasunaren izenean esaten da euskal komunitate bat existitzen dela, euskaldunok eta erdaldunek osatua. Ez da egia, mundu diferenteak dira, eta euskaldunak elebidunak eta kulturbidunak garen heinean erdal munduarena ere jasotzen dugu, baina erdal munduak ez du euskaldunena jasotzen. Erdal munduak, estereotipoen bitartez, euskal mundua planeta gisa etiketatzen du, ez unibertso gisa. Eta askotan guk geuk pentsatzen dugu ez garela unibertso, planeta garela, eta behar ditugula besteak norbait izateko.

Baina beti izan da horrela? Ruper Ordorikak Durangoko Azokan zioen ezingo liratekeela hainbat euskal musikari—Itoiz edo Mikel Laboa, adibidez— garai bateko erdaldunen babesik gabe imajinatu. Eta bada dioenik orain zailagoa dela hori, zubiak apurtu eta bi mundu horiek gehiago bereizi balira bezala.

A.B.: Nik ez dut horrela ikusten. Gaur egun, Iruñean adibidez, jendea euskal kulturara erakartzeko tresna indartsuenetako bat da musika. Berri Txarrak-en edo Ken 7ren kontzertu batean badaude erdaldunak; hor ez da eten handiegirik sortu. Uste dut hor konplizitate batzuk sortzen direla. Iruñean, euskarazko institututik atera eta inguru erabat erdalduna duen gazte batentzat, euskal kulturarekin lotuta jarraitzeko modu indartsuenetako bat da musika.

L.E.: Hizkuntzaren bitartez erakarri behar ditugu besteak, baina ez ditugu hizkuntzara soilik bideratu behar, iritsi behar dugu haien premietara, nahietara. Musika da bat, komikia da bestea, bideo jokoak, artea... ez euskaratik, baizik eta horiek euskaraz eginez. Garai bateko Dragoi Bola euskaraz eta katalanez existitzen zen. Eta ume askok ikusten zuten Dragoi Bola garai hartan sekulakoa zelako, eta hori ez zegoen gazteleraz.

Norena da transmisioaren ardura? Ukaezina da herrigintzak egindako lana, baina bada kezka ere, goia jo ote duen, edo jasangarria ote den herri ekimenetik eraikitako hezurdura.

O.O.: Bakoitzak baditu bere ardurak. Administrazioak arautzeko, egituratzeko eta baliabideak ebazteko ardura du. Herrigintza, zorionez,transmisioaren motorra izan da gurean. Oraindik ere hala da, eta hala izan beharko luke, gizarte batean ez baitago gauza aberasgarriagorik komunitate bizi eta aktibo bat baino. Hori badugu, eta motorra izan beharko luke. Instituzioei dagokie motor hori babestea eta baliabideak ematea, motorra izaten jarraitu eta transmisioa egin dezan, sor dezan.

A.B.: Herrigintzak, baliagarria eta eraginkorra izateko, administrazioarekin bat egin beharko luke. Ez alderdiekin, baizik eta administrazioarekin. Herri honen administrazioa oso politizatua dago, politizatuegia, gure herria egon den bezala. Oraindik ez da desberdintzen zein den administrazioaren papera eta zein den alderdiarena; joaten zara administraziora eta hitz egiten dizute haien dirua balitz bezala. Harrigarria da. Kultura da herri bezala eman eta ziurtatu dezakegun gauza bat. EHU-k zer eman diezaioke nazioarteari euskara aztertzea, babestea eta zaintzea baino? Bai, noski, ingeniaritza saila izan beharko luke, baina ingeniaritza saila leku guztietan dago, eta euskara saila hemen bakarrik. Hemen ardatzean torlojua jarri da. Bai, ardurak denok dauzkagu, baina uste dut administrazioari etengabe exijitu behar zaiola, kulturak beste tratamendu bat izan dezan.

L.E.: Herrigintza ez da existitu sistema honen eredua parte hartzailea delako, baizik eta gabezia batzuk zeudelako. Herrigintza biziraupenez aktibatu da hemen, eta aktibatu izan ez balitz, gu ez ginateke existituko. Instituzioek ez dute eredu parte hartzaile bat sustatu, eta ez dira herrigintzarekin kolaborazioan aritu.

Herrigintzak lortu du iraupenari begira transmisioa garatzea, baina zaila dirudi bizirik irautetik harago joatea.

O.O: Horrek epe luzerako estrategia eta bisioa adostea eskatzen du, ardura maila ezberdinak dituztenen artean. Aurretik bakoitzak argi eduki beharko lituzke bere funtzioak, eta uste dut horretan nahasmendu handia egon dela urteetan. Baina abiapuntu hori argituta, eta ulertuko bagenu funtzio horiek osagarri direla, uste dut guztionardura dela epe luzerako bisioa konpartitzea, eta ondarearen oinarriak zeintzuk behar diren adostea. Eta ez legealdiko tenpusetan. Hemen oso bisio laburrean jokatzen dugu; gurea bezalako kultura batek biziraupenetik harago egingo du baldin eta oso epe luzera pentsatzen badu, eta horretan instituzioak sartzen badira, eta ez alderdiak.

Durangoko Azokan egindako gogoetak jaso ditu Jakin-ek azken alean. Komunikazioari dagokionez, bada esaldi esanguratsu bat: «Euskal hedabideak sortu zirenetik, erdal hedabideek euskal kultura abandonatu dute, euskarazkoen erreserbara abandonatu». Hala uste duzue?

A.B..: Euskarazko prentsak, eta konkretuki euskarazko prentsa idatziak, lan handia egin du euskarazko produkzioa mahai gainean jarri eta garrantzia emateko. Gogoratzen naiz Egunkaria-ren lehen urteetan erabaki zela euskarazko liburu ia guztiek izan behar zutela aipamen bat, gero bati emango zitzaizkion bi orri, beste bati orri bat eta beste bati hiru zutabe, baina denek izan behar zuten tokia. Hori sistematizatu egin zen, Argia-k ere egin zuen eta gero beste hedabide batzuk ere bai. Egunkaria-n edo BERRIAn kirolarien adinako presentzia edo handiagoa izan dute idazleek eta musikariek. Nik uste dut horrek behartu zuela erdal prentsa gauza batzuk egitera, eta etorri izan ziren gehigarri batzuk gai hau jorratzera. Gaur egun, erdarazko prentsa batean euskal produkzioa ere ateratzen da, ez segur aski nahiko genuke bezala, baina ateratzen da. Ez dut uste baztertu edo zokoratu dutenik, kontrakoa uste dut, neurri batean euskal prentsak behartu dituela batzuk jarraipen minimoa egitera.

O.O.: Erdal hedabideetan euskal kulturari eman zaion espazioa testimoniala izan da, eta oso momentu jakinetan bakarrik. Durangoko Azokan aterako dute zerbait, baina gero, urte guztian zehar, desertua izaten da.

Euskal hedabideei, bestalde, nolabaiteko protekzionismoa leporatu izan zaie. Euskal kultur guztiari tokia eman, eta hierarkizaziorik eta kritikarik egingo ez balu bezala. Zer deritzozue?

O.O.: Hierarkizazioa badago, ezinbestean: gaur egun dagoen kultur ekoizpenarekin ezinezkoa litzateke guztia berdin tratatzea. Euskal hedabideak, zer notiziatu edo zer ez erabakitzean transmisio bat egiten ari dira, historia bat. Eta horretan—ez hedabideek bakarrik baina baita ere— badute erantzukizun bat, euskal kulturan zeri eman lekua eta zeri ez. Transmititzen den horren nolakotasunari erreparatuko bagenio, uste dut oraindik ere gabezia handiak ditugula. Zer dakigu euskal dantza garaikideaz? Ezagutzen al dugu euskal dantza garaikidea egiten duen emakumerik? Transmititzen ari garen horri buruzko hausnarketa sakona behar da. Musika eta literatura aipatu dira, baina beste kultur adierazpen asko alboan geratzen dira, eta horietan emakumearen eta generoaren ikuspegitik oraindik badugu zer hobetu eta zer sakondu.

L.E.: Gu ez gara beste kulturekiko diferenteak, baditugu elementu diferente batzuk, baina partitzen ditugu beste batzuk, eta oraindik patriarkalak gara, gizarte matxista batean gaude eta klasistak gara. Hori agertzen da.

A.B.: Oso gai interesgarria da transmititzen denarena eta kanonena. Badaude: literatura maila batean dago, dantza bestean, eta literaturaren barruan ere badago kanona, genero ikuspegitik nabarmena. Horri buruzko gogoeta oso interesgarria da, zer transmititzen den,nola eta non egiten diren kanonak, zergatik egiten diren horrela, eta zer egin daitekeen horiek aldatzeko.

A.B.: Bai, eta transmisioan agente aktibo garenok gutxieneko batzuk adostuta beharko genituzke.

Inork ez du ukatzen hezkuntzak transmisio bide gisa eduki dezakeen rola. Euskarazko irakaskuntzak, ordea, ez omen du euskal kulturaren transmisiorik bermatzen. Zer egin?

L.E.:Euskal irakaskuntzak zer du txarra? Ez duela hezkuntza sistemarik, eta, beraz, ez duela bere hezkuntza eredu propioa eraikitzerik. Hortaz, biziraupenean dabil. Hezkuntza legeak Espainiakoak eta Frantziakoak dira, etahorien araberakoak, edota gizarteak egiten duen presioen araberakoak, izango dira ematen zaizkion margenak gure ezaugarritxoak, gure kaikuak, txapelak edo abarkak jartzeko.

Baina jar gaitezen egoera hipotetiko batean: %100ko eskumenak izanda ere, nola integratuko litzateke euskal kultura hezkuntza curriculumean?

L.E.: Ez dago integratu beharrik. Curriculuma, finean, zera da: zer transmititu behar zaio pertsona bati gizarte batean bizi eta etorkizunean nor izateko? Egun ez gaude gizarte entziklopedista batean, ez gara ariedukiez, baina edukiak ere transmitituko ditugu, eta edukiak transmititzea ondarea da, historia da, ezagutza. Egoera hipotetiko hori gauzatu ahal izateko falta dugun bakarra eskumenak dira. Ez dugu ez eduki falta, ez teknika falta, ez hizkuntza falta. Curriculumean egiten da hautu bat. Horrelakoak egin izan dira, baina falta da boterea, falta da indarra. Baina ez da egoera hipotetikoa, erreal izan daiteke.

O.O.: Kontua da une honetan hori irakasle eta, gehienez ere, ikastetxearen sentsibilitate, formazio eta arduraren baitan utzita dagoela, eta ez dagoela sistematizatua. Abiapuntua ez dago ikastetxean: transmisore izango diren irakasle horien formakuntza eta prestaketa unibertsitatetik bertatik nolakoa den, zer irakasten zaien, zer formazio duten. Hor dago kontua. Azpimarratu eta txalotu behar da profesional askoren ardura, baina hori beste aterki batekin egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.