Kritika. Musika

Hari luze baten segida

Besaide, 'Hirusta'
Andoni Tolosa.
2025eko martxoaren 30a
04:40
Entzun 00:00:0000:00:00

HIRUSTA

'Besaide'

Diskoetxea: 8490111RecordsDK.

Azken urteak gozoak gertatzen ari dira errodun folk musikarentzat penintsula iparraldean. Kataluniatik Galiziara, artean Aragoi, Asturias eta Kantabria pasatuta, ugariak eta interesgarriak dira hainbat musikarik proposatzen dituzten lekuan lekuko herri-musiken gaineko irakurketak. Ausartak zein fidelak, arreta topikoetatik harantzago jartzeko ahalegina egiten dute denek, eta edozein bide hartuta, ikuspuntu garaikidea gehitzeko anbizioarekin jokatzen dute. Alde horretatik, uste zitekeen gure musikagintza atzean geratzen ari zela, eta hala zirudien; ez dugu mota horretako egitasmo askoren berri jaso azken garaiotan, eta inguruan ugaltzen ari ziren, etengabe.

Horrek ez du esan nahi, noski, gurean horretan inor ari ez denik, ezta gutxiagorik ere. Ziurrenik, beste genero batzuek duten arrakastaren eta oihartzunaren itzalean bizi behar izanaren ondorio baino ez da musikari hauen lanak oin-puntetan pasa izana gure musikaren ekosistematik. Baina badira horretan ari direnak, eta Besaide taldearen Hirusta hau lekuko ezin hobea da, besteak beste, hasieran aipatutako bi ezaugarri nagusiak betetzen dituelako: topikoei bizkar ematea eta ikuspuntu garaikidea gehitzea. Entzun bestela Aita San Antonio hewlergoa, diskoko azken-aurrekoa, eta esango didazue.

Ez da harritzekoa Besaide izena jartzea Gorka Bravok, Teresa Jareñok eta Aritz Mugartegik osatzen duten hirukoari; bata gasteiztarra da, bestea mañariarra eta azkena donostiarra. Talde gaztea da, nahiz eta eskarmentudun hiru musikari bildu bertara, eta Hirusta da haien lehenengo lan luzea. Horrelako diskoetan ohikoa den moduan, kantu eta doinu tradizionalak zein haiek sortutakoak uztartzen dituzte, baina denetan bada intentzio bera, alegia, nolabaiteko esentzialismoa melodia, hitz eta tonalitateetan (adabakietan galdu gabe, mamira joateko joera)

Musika-tresnei dagokienez, giro akustikoa da nagusi; gaita, alboka, zarrabetea eta bouzoukia nabarmentzen dira, baina badira sekula enbarazuan gertatzen ez diren ukitu elektronikoak eta, jakina, kantuetan Mugartegi eta Jareñoren ahotsak azpimarratu behar, bata zein bestea espantu handirik gabe dagokion istorioa haizatzen. Badira fandangoak (Orereta), badira kalejirak (Arroztaperrako kalejira), badira baladak (Gure amatxo), Baxenabarreko kantuen oihartzunak (Bortian ahuzki) etaberreraikitakoporrusaldak (Mañari´ttik hasita).

Eta bukatzeko, aipagarria da disko hau egiteko bildu duten musikari zerrenda: Arkaitz Miner, Iraide Ansorena, Otxo bikotea, Carlos Sagi... Eta jakina, ez da kasualitatea Juan Mari Beltranek ere parte hartu izana. Hari luze baten segida da disko hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.