Haren kutuna ez denari

Enrique Urbizuren 'No habrá paz para lo malvados'-entzat sei Goya sari; tartean, film eta zuzendari onenarena

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bere filmografian No habrá paz para los malvados baino gehiago maite ditu Enrique Urbizuk beste film batzuk. La vida mancha da zuzendari bilbotarraren kutuna. Baina kritikak eta publikoak aurrenekoari esker bat egin dute, eta herenegun Goya sarien 26. aldian, sei sari irabazi zituen; tartean, zuzendari eta film onenarena. Euskal herritarrei dagokienez, Michel Gaztanbideri eta Urbizuri berari jatorrizko gidoi onenarena eman zieten; Alberto Iglesiasi jatorrizko musika onenarena eta Karmele Solerri makillajearena (La piel que habito); Pedro Riverori animazioko film labur onenarena (Birdboy), eta Juan Antonio Ruiz Antxia eta Clara Bilbao argazki onenagatik eta jantziengatik saritu zituzten, hurrenez hurren (Blackthorn).

Pedro Almodovarrek zuzendutako La piel que habito-k Urbizurenak baino hautagaitza gehiago zituen. 16 batak, 14 besteak. Azkenean, ordea, bilbotarrarenak sei sari bildu zituen, eta espainiarrarenak, aldiz, lau. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen No habrá paz para los malvados thrillerra. Geroztik ia 700.000 ikusle bildu ditu zinema aretoetara. Santos Trinidad (Jose Coronado) da filmeko protagonista: polizia alkoholiko bat, amorala itxuraz, eta ia-ia nahigabe gertakizun susmagarri batean bere burua murgilduta ikusiko duena. Coronadoz beraz hitz egin zuen Urbizuk, saria jaso eta gero: «Harekin hiru aldiz lan egin dut[La Caja 507 eta La vida Mancha-n ere bai],eta berriro lan egingo dut. Harekin lan egitea, eta berriro lan egitea gustatuko litzaidake». Coronadori berari eman zioten, hain zuzen ere, aktore onenaren saria. Beharbada, Urbizuren hurrengo filmean lan egingo dute elkarrekin berriro. Halere, herenegun ez zuen horri buruz hitz egin nahi izan: «Orain arte ez dut horretan pentsatzeko denborarik eduki».

Anonymus taldeak, berriz, Goya sarien gala baliatu zuen Sinde legeagatik protesta egiteko. Hiru kide agertokira igotzen saiatu ziren. Gainera, Espainiako Zinema Akademiaren web orrialdea blokeatu zuten, eta, besteak beste, Penelope Cruz eta Belen Rueda aktoreen datu pertsonalak hedatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.