Mojo Workin'. Guadalupe Plata eta The Tibbs
Non: Donostiako Dabadaban. Noiz: Martxoaren 8an.
Mojo Workin’ musika beltzaren festibala berriz ere hastera zihoala eta, ikusmina zen nagusi Dabadaba aretoko ingurumarietan, sarrera guztiak amaituta. Izan ere, lau urte paseak ziren azken aldiz Donostiak Atlantikoz bestaldeko rhythm and bluesaren beteranoak hartu zituenetik; osasun larrialdiak behartutako etenaldiagatik. Aurtengo edizioan, Gasteszenatik Dabadabarako bidea hartu du jaialdiak. Eta, formatuak ez bezala, musika beltzaren esentziak bere horretan dihardu. Hamabigarrena duen edizioak sorginkeria kutsuko musika programazioa aurreikusia zuen, bi jardunaldietako lehendabizikoari erreparatuz gero, bederen.
Hasteko eta behin, bide malkartsuetan zeharka eta abiada bizian murgildu eta bertan laketzeko deia aditu zitekeen Guadalupe Plata taldearen lehen doinuetan. Taularatze sinplea izanagatik ere, lur mortuetan hareazko ekaitzek berezko duten eran, halaxe eraman zituen Andaluziako hirukoteak ikus-entzuleak galopan. Txindata hotseko perkusio markatuak, marakak eta bestelako tresna trauskil baina erritmikoak, Pedro De Diosen slide gitarra-efektuak eta haren han-hemenkako ulu-kantaerak osatu zuten western iruditegiz jositako blues-rockik primitiboena. Hala, Guadalupe Platak zazpigarrena eta berriena duen izen bereko lan luzearen, La Cigüeña, Al infierno que vayas, eta boogiea ardatz duen En mi tumba kantuen bitartez ezarri zuen intentsitatearen neurria. Horrenbestez, ez zen gehiago lorerik haren hilkutxan.
Guadalupe Plataren une gorena bukaera aldera iritsi zen, noiz eta Joseba Irazokiren agerraldiarekin; inprobisazio ariketa oparoa eskaini zuten amaieran.
Etenaldirik ez andaluziarren lokatz arteko joan-etorrian. Psikodeliak aurre hartuta, arrapaladan ekin zion taldeak kantu bat hurrengoaren atzetik jotzeari, anartean hitz asperturik ere egin gabe. Arnasa hartzeko beta eskaini zuen El Condor pasa cumbia instrumentalak, baina berehalakoan itzuli ziren biko formatuan ohiko duten eldarniora. Garagea eta rhythm and bluesa uztartu zituen taldeak, eta bere diskografiako aldareetan nabarmendutako Tormenta eta Calle 24 kantu ilun bezain ezagunak interpretatu zituen. Andaluziarren esperimentazio une gorena bukaera aldera iritsi zen, noiz eta Joseba Irazoki euskal musikari gonbidatuaren agerraldiarekin. Hala, laukotearen gitarra riff amaigabeek, bai eta pandereta astinduek ere, inprobisazio ariketa oparoa eskaini zuten amaieran.
Ondoren, hegoaldeko hauts-ganduetatik musika beltzaren gotorlekuetara mugiarazi zituen bertaratutakoak The Tibbs taldeak. Amsterdamgo zortzikoteak soula eta funka zertu zituen, hasi eta buka. Are, reggae ukituak ere antzeman zitezkeen Another Shot Fired hastapeneko kantuan. Harizko eta haizezko musika-tresna sorta zabalean, organo soinu-efektudun teklatuetan, eta, bereziki, Roxanne Hartog abeslariaren belusezko ahotsean bezatu zen ikus-entzuleria, nahiz saioaren hasieran behar baino baxuago aditu izan zitzaion azken horri, arazo teknikoak tarteko. Big band formatuko taldeak iragan urtarrilean argitaratutako Keep It To Yourself izeneko azken diskoaren kantu ugari aurkezteko aukera baliatu zuen: tronpeta eta saxoen ekarpena ardatz duen Give Me A Reason, gospel tankerako In Orbit, Ain’t it Funny soul itsaskorra, eta ska estiloan interpretatutako Keep It to Yourself bera ere, besteak beste.
Aretoa dantzan mantentzeko nahikoa motibo zirela eta, aurtengo Mojo Workin’ festibalaren lehen jardunaldiak ez zituen, bada, ateak une hartantxe itxi. Gau osoak iraun bitarteko euskal DJen txanda heldu zen Guadalupe Plata eta The Tibbs taldeen zuzenekoen ondotik. Beren saioetan, jamaikar doinuak eta funk eta soul melodia biziak eskaini zituzten nagusiki lehenengo jardunaldian aurreikusita zeuden DJek.