Sadar futbol zelaia eta hari itsatsita dagoen Nafarroa Arenaren kanpoaldea milaka zale tximaluzez beteta ikusteak Iruñeak izandako garai hobe batzuk dakarzkigu gogora. Arena guztiz bete ez bazen ere, jende andana bildu zen bertan arratsaldeko zazpietatik aurrera, hard eta heavy metalari gorazarre egiteko. Uriah Heep, beteranoenak izanagatik (1969an hasi ziren), lehenak izan ziren jotzen. Mick Box lider eta gitarra joleak gidatuta, kantu berriak zein klasikoak jo zituzten. Berrien artean, akaso Hurricane izan zen jendearekin konexiorik handiena lortu zuena. Gero, hamar minutuko July morning gogoangarri eta epikoak txalo zartada beroak jaso zituen. Easy livin’ gogor bezain bizkorarrekin esan ziguten agur. Denbora gehiago merezi zuten, baina hemen minutuak oso ondo neurtuta egon ziren hasieratik bukaerara. Gainera, hard-rockaren talderik maitatuenetakoa ikusteko aukera paregabea izan zen, Euskal Herrian azken aldiz noiz jo zuten ere ez baitugu gogoratzen.
Gazteagoa da Saxon taldea, nahiz eta laster mende erdia beteko duten. 80etako klasiko andana jo zuten, baita azken diskoko bi pieza ere: Hell, fire and damnation lehenik, eta, beranduxeago, Madame Guillotine. Kantu duinak baino gehiago, leienda bere horretan mantentzen duten pieza gustagarriak dira gutxienez. Biff Byffordek momentu oro ikusleak animatu eta probokatu zituen, betiere metalaren kodeak eta tribuaren senidetasuna errespetatuz noski, eta beti jai giroa bultzatuz. NWOBHMaren historian urrezko hitzez idatzita gelditu diren ereserki sorta ederra jo zuten, hala nola Motorcycle man, Heavy Metal Thunder eta Power and the glory birrintzaileak. Dena den, Crusader eta Denim and leather ereserkietan lortzen duten erabatekotasuna gainditzea benetan zaila da. Ukabilak gora, saltoak eta oihuak; hau hobetuko duenik nekez topatuko dugu. Wheels of steel eta And the bands played on-en ere Byfford zeremoniaren nagusi izan zen, baina berriz ere 747 (Strangers in the night) eta Princess of the night-en nagusitasuna ezin aproposagoak dira emanaldiari amaiera emateko. Ikuskizuna kantuek berak, Biff Byforden lidergoak eta gitarra joleen poseek eman zuten, bestelako artifizioren beharrik gabe. Kontzertu motza baina oso gihartsua izan zen, dudarik gabe jaialdiko onena.
[Saxon taldeak] 80etako klasiko andana jo zuen, baita azken diskoko bi pieza ere: Hell, fire and damnation lehenik, eta, beranduxeago, Madame Guillotine. Kantu duinak baino gehiago leienda bere horretan mantentzen duten pieza gustagarriak dira gutxienez.
Sei urteren ostean itzuli da Judas PriestEuskal Herrira. Orduan (BECen) disko berri mardula (Firepower) aurkeztera etorri ziren, eta oraingoan gutxienez hura bezain borobila den Invincible Shield da nobedadea. Horrela ekin zioten, Panick attack himno oldarkor eta bizkorrarekin. Disko berriko beste bi bakarrik jo zitutzen, zoritxarrez, baina aukeraketa ez da batere erraza, estudioko hemeretzi disko dauzkan talde batentzat!
Gero, Breaking the law izan zen beste txispa bat piztu zuena. Judasen bi gitarra jole mitikoak (K.K. Downig eta Glenn Tipton) jada ez daudenez batzuek «hau ez da Judas» ere esan dezaketen arren, Rob eta Ian Hill hor daude, eta Scott Travis bateria joleak 35 urte daramatza taldean, alajaina! Egia esan, Richie Faulkner eta Andy Sneap ordezko onak dira, mugimenduetan ere ikuskizuna ematen duten horietakoak, eta produkzio lanetan lehena eta konposaketan bigarrena, gaur egun nahitaezko partaide bihurtu dira.
Judasen bi gitarra jole mitikoak (K.K. Downing eta Glenn Tipton) jada ez daudenez batzuek «hau ez da Judas» ere esan dezaketen arren, Rob eta Ian Hill hor daude, eta Scott Travis bateria joleak 35 urte daramatza taldean, alajaina!
Devil’s child ozen eta bitaminadunaren ondoren etorri zen Saints in Hell harribitxi zahar zitala. Crowns of horns kantu berriakentitate berezia erakutsi zuen, baita set listean luze irauteko moduko kalitatea ere. Sinner-ek,ia mende erdiko beste eraso garaiezinak, Turbo lover arrakastatsuari pasatu zion testigua. Invincible Shield berria bereziki mardula eta osatua gelditu zitzaien. Gero, Victim of Changes epiko eta zapaltzailea, Fleetwood Mac-en The Green Manalishi eta erretiratu baino lehen Painkiller hiltzailea, askoren kuttunena. Berriz irten ziren Electric Eye sinplearekin jendea bete-betean jartzeko. Hell Bent for Leather kantuan Rob Halford Harley Davidsonarekin taularatu zen, eta motor gainean zegoela kantatu zuen. Eta orain bai, agurra goiaren goian egiteko, Living After Midnight ezin aproposagoa. Musika eta jarrera. Hemen ez da Rammstein-en parafernalia eta zirkurik behar metal lezioa emateko.