Harategiari darion sorkuntza

Erakusketak eta topaketak antolatuko dituen sormen lantegia zabaldu dute lau artistak Bilbon: Okela

Izaro Gonzalez Ieregi eta Irati Urrestarazu Zubizarreta artistak Okela sormen lantegian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Okela deitu dute proiektua, eta ez da debaldekoa erreferentzia. Izan ere, Bilboko San Frantzisko kaleko harategi izandakoa da orain sormen lantegi bilakatu dutena. Proiekzio areto bihurtu dute hozkailu zena, eta lantoki dute orain biltoki izandakoa. Lau artistak jarri dute martxan proiektua: Izaro Gonzalez Ieregik, Miren Jone Ernada Artzelusek, Nora Aurrekoetxea Etxebarriak eta Irati Urrestarazu Zubizarretak. EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasitakoak dira laurak, 30 urte baino gazteagoak, emakumeak eta euskaldunak. Orain laurak dira Okela. Baina laukote gisa zabaldutakoa ez dute laukotea bakarrik izatea nahi. Kalera zabalik utzi nahi dute atea. Euskal Herriko artisten sarea irudikatuko duen web orri bat egingo dute, erakusketak antolatuko dituzte, eta baita topaketak ere. Gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Urrestarazuk egin du diagnosia: «Bilbon badira museo eta galeriak, baina ez dago espazio askorik sortzaile gazteok gure lanak erakutsi ahal izateko. Lan asko dago, baina etxean ezkutatuta». Lanerako tailerrez gain, lanerako tailerrez baino gehiago ere eraiki nahi izan dute horregatik Okelan. Hutsunea ikusi ostean, hutsunea betetzen laguntzea izan dute erronka, Gonzalezek azaldu duenez: «Halako espazio handia edukitzeak aukera ematen digu kolektibora irekitzeko eta eskaintza bat egiteko». Erakusketak ere antolatuko dituzte, adibidez.

Inaugurazio ekitaldian bertan zabalduko dute lehena, eta hiru artistaren lanak erakutsiko dituzte: Amaia Graciarenak, Amaia Molinetenak eta Ibon Azpirozenak. Topaketak ere antolatuko dituzte sortzaileekin, ordea, eta Artisten Meeting Point deitu dute egitasmoa. Bihar egingo dute lehena, eta hautatua dute elkarrizketarako gaia ere: Lurraldetasuna. Lau artista izango dira lehen topagune horretan: Amaia Gracia, Amaia Molinet, Xabier Laka eta Ibon Azpiroz. Hogeina minutuko tartea izango dute lurraldetasunari buruz aritzeko, eta nahi duen adarretik helduko dio bakoitzak gaiari. Sorkuntza prozesuaren atzealdea erakustea da Okelako kideen helburua. «Askotan erakusketetan alde bisuala bakarrik ikusten da, baina prozesu luze baten azken puntua baino ez da hori, eta ikusarazi nahi dugu artista pentsalari gisa, diskurtsoak sortzen dituen pertsona gisa». Pentsamendu kritikoa bultzatu nahi dutela, alegia. Eta hiru hilabetean behin egingo dituzte horregatik solasaldiak. Ekainaren 7an izango da bigarrena, eta urriaren 11n hirugarrena.

Euskara ardatz

Ardatz izango dute euskara lantegian. Urrestarazuk eta Gonzalezek azaldu dutenez, «espazio euskalduna» izango da Okela. «Hedapen handiagoa jasoko dela argudiatuta, arte munduan gaztelerara moldatu behar izaten dugu artista euskaldunok maiz. Guk aterik ez dugu itxiko, baina inportantea da euskaraz aritzeko aukera edukitzea». Ikuspegi feminista ere izango dute beste ardatzetariko bat.

Proiektua ez dago erabat itxita, halere, eta proposamenak jasotzeko prest dira. Oraingoz, ordea, Artisten Meeting Point topaketak izango dira lantegiaren kanpora begirako lanaren bizkarrezurra. Izan ere, sareak sortu beharraz mintzo da Gonzalez: «Artista bisual eta plastikoak ez gaude elkartuta, eta ez dugu elkar ezagutzen». Urrestarazuk dioenez, amildegi bilakatzen dira unibertsitateko irteera ateak. «Fakultatean oso elkartuta gaude, baina bukatu eta ez dugu jakiten jendea zertan dabilen». Belaunaldi arteko harremana ere bultzatu nahi dute, gainera. «Lanean urtek daramatzan jendeak badu ibilbide bat, eta ohartu da egindako akatsez, baina gero gatozenok ez dugu horren berri jasotzen, eta akats berak egiten ditugu».

Euskal Herrian lanean ari diren artisten inguruko webgunea ere sortu nahi dute, bestalde. Sortzaileen soslai eta ibilbideen berri emango duen mapa oso bat. Azaldu dutenez, hilabete batzuk barru jarriko dute martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.