Kritika. Artea

Hankaz gora

Ibon Aranberriren 'Entresaka' erakusketaren pieza bat, Artiumen.  ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ibon Aranberriren 'Entresaka' erakusketaren pieza bat, Artiumen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2024ko ekainaren 18a
05:10
Entzun

'Entresaka'

 

Artista: Ibon Aranberri.

Datak: 2024ko apirilaren 26tik 2024ko irailaren 29ra.

Non: Artium, Gasteiz.

Artiumeko aretoak azkenaldian izaera propioa hartzen ari direla dirudi, proposamen mota bakoitzari bere leku propioa eskaintzen baitzaio. Hala, euskal artistei eskainitako banakoak, lurrazpitik kanpo kokatzen den areto bakarrean eskaintzen dira. Lurrazpitik irten eta argia ikustearena, ikusgarritasunari loturiko metafora ere izan daitekeela pentsatzen dut maiz. Hain zuzen ere, espazio honen erabilerari orain dela urte batzuk eman baitzitzaion hasiera, Juncal Ballestinen banakoarekin, eta pixkanaka, hasiera hartatik, metaforarekin edo metaforarik gabe, eta ekintza txikien bidez bada ere, artista honen izenaren eta lanen ikusgarritasuna bermatzen ari da. Baina nahiz eta bertan erakusteko aukera izan duten artista guztiek ez duten halako ikusgarritasun faltarik izan, eskertzekoa da jakitea euskal artistek banakoak egiteko aukera duten espazio bat behintzat badagoela aurreikusia Euskal Herriko Arte Garaikidearen instituzio ofizialean. Azken hilabete hauetan Ibon Aranberrik izan du aretoa erabiltzeko aukera Entresaka erakusketarekin.

2023 amaieran Madrileko Reina Sofian inauguratu eta 2024ko martxoan amaitu zen banako erakusketaren bigarren kapitulu gisakoa da Artiumen apirilaren amaieran ireki zena. Hain zuzen ere, bi erakusketek artistaren lanen halako atzera begirakoa edo antologia izateko helburua izan dute, Aranberriren ibilbideko azken 30 urteetan zehar bidaiatuz. Hala, Artiumeko mostra osatzen duen lehen lanak —Disorder, 2007—, bi erakusketa hauen arteko banda funtzioa hartzen du, bietan partekatua eta erakutsia izan den lana izanik.

Reina Sofiako erakusketa ikusteko aukera izan ez badut ere, Artiumekoaz esan dezaket ezohiko proposamena dela, ironia eta umorea tartekatzen dituena, horiek euskal testuinguruarekiko keinu politekin uztartuz. Izan ere, Gasteizko erakusketarako aurkeztutako antologian, euskal testuinguruarekin zuzenean loturiko obra eta mostren inguruko proposamenak aukeratu baitira: hasi Basauriko Arizko Dorretxean oraindik gazte-gazte zela egindako erakusketaren arrastoetatik —Basauri, 1998—, eta aurten ekoiztutako Barrutik kanpora bideo laneraino luzatzen direnak, tartean, San Telmo, Dinamoa edo Artium berari lotzen zaizkion beste hainbat proposamen egonik. Hala, bere lanen aukeraketa honen bidez, euskal testuinguruko arte sistemari buruzko inguru-zarata isil eta zatikatu bat ere uzten du erakusketak.

Ibon Aranberri-Entresaka
Ibon Aranberriren 'Entresaka' erakusketa. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zenbait lan hormaren kontra daude, beste batzuk ordea, instituzioaren espazioak zeharkatzen dituzte aldez alde, baita erakusketa ezberdinak ere, instalazioen arauak kolokan jarriz. Artelanen alboan egon ohi diren txarteltxoak ere zeloz itsatsitako A4 tamainako orriez ordezkatuta daude, edozein unetan jar edo ken daitezkeenaren sentsazioa ematen dutenak, haietan agertzen den informazioa behin-behinekoa balitz bezala. Behinola artelanen euskarri izan ziren egitura sendo eta mardulak, artelan bilakatuta aurkezten zaizkigu —Organigrama, 2010—. Eta idulkiz betetako biltegiak berriz, erakusketa areto bilakatu dira bisitariaren ustekaberako, bertan aurkeztutako artelanekin zuzeneko elkarrizketa osatzen dutelarik; bai espazioak berak, eta baita espazioan metatutako objektuek ere, artistak burututako apropiazio bizi baten ondorioz.

Honela, erakusketa aretoan nintzelarik, bertan ibiltzen, lan batetik bestera mugituz, maiz nuen sentsazioa artistak ekoiztutako jolas batean barneratuta nenbilela. Non dago artelana eta artelana ez denaren arteko muga? Non Artiumen gisako instituzio batek eskaintzen duen egonkortasun sentsazioa? Halako espazio bateko erakusketa tradizional bat irakurtzeko garatu eta eraiki ditugun kodeak zalantzan jartzen dira, eta beraz, baita haien bidez egitera ohituak gauden interpretazioak ere. Batek pentsa dezake: non dago modu honetako erakusketa batek izan beharko lukeen seriotasuna? Baina seriotasuna, azken finean, ez al dago jakintzat eta emantzat ditugun arau eta kode guzti horiek zalantzan jartzeko gaitasunean? Izan ere, erakusketa ausart honek, erakusketa huts baten izaera baino, ia aurreko proiektu eta erakusketez elikatzen den ekoizpen artistiko baten forma du; eta hor datza bere freskotasuna eta grazia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.