Haneke, Loach eta Cronenberg, Cannesen lehian

Zinemaldia maiatzaren 16an hasiko da, eta Bernardo Bertolucciren azken lana emango dute, lehiatik kanpo

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zinema jaialdietan lehiatzera eta horietan sariak eskuratzera ohituak dauden zinemagile ugarik beren azken filmak aurkeztuko dituzte Cannesko 65. Zinema Jaialdian. Besteak beste, Michael Haneke, Ken Loach, Abbas Kiarostami eta David Cronenberg lehiatuko dira Urrezko Palma eskuratzeko, eta lehiakide izango dituzte izen handiko beste zinemagile batzuk ere: Leos Carax, Alain Resnais, Cristian Mungiu, Matteo Garrone, Jacques Audiard, Carlos Reygadas... Zinemaldia maiatzaren 16tik 27ra egingo da.

Michael Hanekek Urrezko Palma irabazi zuen 2009an Das weiße Band-ekin, eta aurretik ere sariak irabazi zituen La pianiste (2001) eta Caché-rekin (2005). Oraingoan, Amour aurkeztuko du, protagonista Isabelle Huppert eta Jean Louis Trintignant dituen filma. Ken Loach ingelesak The Angels' Share eramango du jaialdira, Eskozian giroturiko tragikomedia bat, eta Abbas Kiarostami irandarrak, bere aldetik, Like Someone in Love, Japonian filmatu duen lan bat. Loachek eta Kiarostamik badakite Cannesko sari nagusia irabaztea zer den. Loachek 2006an irabazi zuen, The Wind That Shakes the Barley-rekin, eta Kiarostamik 1997an, Ta'm e guilass-ekin.

David Cronenbergek Don DeLilloren eleberri bat egokitu du Cosmopolis filmean —Robert Pattinson eta Juliette Binoche dira aktore nagusiak— eta Cristian Mungiu errumaniarra Beyond the Hills-ekin lehiatuko da. 2007an Urrezko Palma jaso zuen 4 luni, 3 saptamani si 2 zile filmarekin. Thomas Vintenbergek Jagten erakutsiko du, eta Matteo Garrone, Gomorra filmaren egilea, Reality-rekin lehiatuko da.

Andrew Dominik-ek Killing them Softly eramango du jaialdira, bere aurreko lana bezala (The Assassination of Jesse James by the Coward Robert Ford), Brad Pittekin, eta Un prophète filmaren egile Jacques Audiard De rouille et d'os-ekin izango da. Walter Sallesek On the Road aurkeztuko du, Jack Kerouacen eleberri mitikoaren egokitzapena eta Carlos Reygadas Batalla en el cielo iskanbilatsuaren egileak Post tenebras lux. Alex Resnais beteranoa Vous n'avez encore rien vu-rekin izango da lehian

Bernardo Bertoluccik lehiatik kanpo estreinatuko du bere azken lana: Io e te.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.