Handitze lanen arazoak direla eta, 2026ra atzeratu dute Bilboko Arte Ederren Museo berrituaren irekiera

Eraikitze lanetan zebilen azpikontrata batek hartzekodunen konkurtsora jo du, eta horrek eragin ditu atzerapenak. Museoko zuzendari Miguel Zugazak adierazi du atzerapenak ez duela eraginik edukiko kostu ekonomikoan.

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, obretako langileekin batera. LUIS TEJIDO / EFE
Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, obretako langileekin batera. LUIS TEJIDO / EFE
urko iridoy alzelai
2024ko abenduaren 13a
18:15
Entzun

Norman Foster arkitektoak diseinatutako Agravitas proiektuari eustekoa den metalezko estruktura izan da arazoa. Pieza horiek egiteko ardura zuen Inbersa enpresak urrian jo zuen hartzekodunen konkurtsora, eta atzerapena eragin du horrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanetan. Horren ondorioz, zuzendaritzak iragarri du 2026ra arte itxaron beharko dela eremu berrien ateak zabaltzeko. Urtarrilean hasi zituzten eraikitze lanak, eraikin berritua 2025eko uztailean inauguratzeko asmoz. Baina aurreikuspenak moldatu egin behar izan dituzte. «Sentsazio gazi-gozo batekin amaitzen dugu urte hau», esan du Miguel Zugaza museoko zuzendariak.

Eraikuntzaren arduradun den aldi baterako enpresen elkarteak lanak behin-behinean eteteko eskatu du, eta museoaren patronatuak eskaera onartu dio. Gehienez hiru hilabeteko etena sinatu dute bi aldeek. Zugaza: «Etena bukatzean, kontratua konpontzeko enpresen elkartearen proposamena ikusi beharko dugu. Ez dut arazoa txikiarazi nahi, baina ez dut uste gehiegi dramatizatu behar dugunik». Horrez gain, gehitu du atzerapenak ez duela eraikitze kostu gehiagorik eragingo eta soilik epeak aldatuko dituela.

Martxan dauden beste lanez ere mintzatu da zuzendaria, eta esan du beste zatiak aurrera jarraituko dutela. Hurrengo urteko azarorako aurreikusten du eraikitze lanak amaitzea, baina ondorengo prestaketak kontuan hartuta, 2026. urterako iragarri du ate irekiera. Museoak 6.800 metro koadro irabaziko ditu Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek sortutako Agravitas proiektuari esker, eta beste 8.000 moldatuko dituzte. Espazio berrien barnean, museoak BBK museoa eremua gehituko du, eta baita eskulturak erakusteko terraza handi bat ere.

Museoak «bizirik» segitzen du

Obrak abian dauden arren, museoa irekita dago. Aurten %8 handitu da bertaratutakoen kopurua. Zehazki, 208.000 pertsona igaro dira museoko erakusketetatik, eta horrek azken bost urteetako datu onenak jaso dituztela esan nahi du. Horrez gain, zuzendariak iragarri du museoko Lagunen Komunitateak hazten jarraitzen duela, eta gaur egun 4.500 pertsonak osatzen dutela.

Bisitarien %64,6 Euskal Herri kanpotik iritsi dira 2023ko abendutik aurtengo azarora bitarte. Datuak ikusita, Zugazak adierazi du obretan egon izan arren museoa «bizirik» dagoela, eta ez dutela eskaintza geldiaraziko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.