Olatz Osa: «Handira ere jokatu beharra dago, euskal kultur erreferentzia markoa gailenduko bada»

Elkar argitaletxeko kudeatzaile ohiak, erreleboa eman berri, ekosistema harilkatzeak bereziki kezkatzen duela aitortu du: «Elkar hartzea eta saretzea ezinbestekoak iruditzen zaizkit, eta gertatzen zaigu horretan jarduteko baliabiderik ez dugula».

Olatz Osa, Oiartzunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Osa, Oiartzunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko uztailaren 7a
05:05
Entzun

Pedagogia, euskara eta kultura unibertso bereko katebegiak dira Olatz Osarentzat (Oñati, Gipuzkoa, 1970). Familia euskaldun eta euskaltzale batean sortu zen, eta gurasoek eta izeba-osabek ikastolen alde egindako ahalegina izan zuen akuilu 1970eko hamarraldian. EKB Euskal Kulturaren Batzarrean aritu zen hainbat urtez, baita Donostiako Ilaski euskaltegian ere, baina Elkar argitaletxean egin du ibilbiderik luzeena. Ia mende laurdenez hango kudeatzailea izan ostean, naturari heldu nahi lioke orain, etxetik. Oiartzungo (Gipuzkoa) baserri batean bizi da.

Pedagogiatik abiatu zinen. Zergatik?

Hezkuntzak mundua aldatuko duten pertsonak aldatzeko balio duela zioen Paulo Freire pedagogoak. Herri batek egin dezakeen gauzarik onena hezkuntzan eta kulturan inbertitzea dela sinesten dut nik ere. Hala pentsatzen dut orain, eta halaxe pentsatuko zuen 17 edo 18 urteko neska ameslariak ere, pedagogia ikasketak hautatu zituenean. Hezkuntza munduan zuzenean aritu ez banaiz ere, kulturgintzatik eta Elkarretik ahalegin handia egin dugu hezkuntza sistema elikatuko duten proiektuak abian jartzen.

Pedagogiak EKBra eraman zintuen. Zer zor diozu garai hari?

EKB benetako unibertsitatea izan zen niretzat, 90eko hamarkadan euskalgintzan zegoen mugimendua oso gertutik ezagutzeko aukera eman baitzidan. EKBren bueltan erakunde eta norbanako ugari koordinatzen ziren: euskalduntze-alfabetatze lanean ari zirenak, administrazioa eta justizia euskalduntzeko teknikari, abokatu eta profesionalak, hezkuntza mundua, komunikabideak... Zorte handia izan nuen, oraindik dena ikasteko nuenean arrastoa utzi duten erakunde eta pertsonekin oso gertutik aritu ahal izan nintzelako. Baliabideak urriak ziren, baina sekulako ilusioaz aritzen ginen, eta lagun handiak egin nituen bertan.

«EKB benetako unibertsitatea izan zen niretzat, 90eko hamarkadan euskalgintzan zegoen mugimendua oso gertutik ezagutzeko aukera eman baitzidan»

Garai hartan Katalunian katalanaren normalizaziorako plangintza orokorrak egiten ari ziren, eta gogoan dut hango ahotsak ekarri genituela gurera... Mundua jan nahi duzun horretan, luxua izan zen. Etxeko motibazio eta interesgune horretatik nazio ikuspegirako jauzia egin, eta komunitatearen kontzientzia sendotzeko aukera eman zidan horrek guztiak.

Eta kulturgintzak zer zor dio oro har?

Oraintsu entzun diot Iñaki Iurrebasori gure indarguneetako bat euskararekiko jarrera eta motibazioa dela, eta neurri handi batean 90eko hamarkadan egon zen mugimenduari zor zaio. EKBk zein herrietako euskara elkarteek bideratutako aktibazio hori guztia funtsezkoa izan zen gaur egun gure indarguneetako bat hori izan dadin.

Euskalgintzako enpresarik handienetako batean aritu zara lanean. Kulturari begiratzeko ikuspegia aldatu edo baldintzatu al dizu horrek?

Sakon-sakonean igualtsu dela iruditzen zait. Elkarren aritu naiz, baina euskal kulturaren sistema osoa izan dut kontuan. Eta hartu ditugun erabakietan eta abian jarri ditugun proiektuetan beti egon da ekosistema hori bultzatzeko nahia. Begirada horrek bigarren mailan uzten ditu neurriak eta eskala bera. Egituraz handia den erakunde batean aritzea egokitu zait, baina erakunde txikiago batean jardun izan banu berdintsu jokatuko nukeela iruditzen zait. Jakina, jardunak, dimentsioak, baliabideak eta irismena bestelakoak izango ziren, baina, funtsean, ekosistema edo komunitatea bultzatzea da helburua, eta, alde horretatik, ezin ditut bereizi. Nik iparra hor izan dut, eta uste dut Elkarren misioa ere horixe bera izan dela, badela eta izaten jarraitu behar duela: ez soilik erakundearen bideragarritasuna, baizik eta zertarakoa, hau da, euskararen eta euskal kulturaren aurrerabidea. Handiak modu batera eta txikiak bestera, baina guztiak dira beharrezko ekosistema horretan.

«Elkarren aritu naiz, baina euskal kulturaren sistema osoa izan dut kontuan. Eta hartu ditugun erabakietan eta abian jarri ditugun proiektuetan beti egon da ekosistema hori bultzatzeko nahia»

Bestalde, neurria oso erlatiboa da. Frankfurtera atera ginenekoaz akordatzen naiz: zerbait ginelakoan joan, eta guztiz txiki sentitu ginen. Eta, hala ere, herri txiki honek asko du munduari eskaintzeko, herri txiki guztiak gara beharrezko munduko ekosisteman, sistema aberatsa izango bada.

Kultura bultzatzeko ardura eta kudeaketa ongi ezkontzen al dira? Ongi eraman duzu?

Edozein kultur proiektuk kultura bultzatzeko ardura du, eta, horren barruan, bakoitzak bere zereginak ditu. Nire rola kudeatzailearena izan da batez ere, baina helburua kultura bultzatzea izanik, ez dit aparteko kontraesanik eragin. Gainera, kudeatzaile izan naiz, baina oso lanbide sortzailea dela iruditzen zait, nik horrela bizi izan dut behintzat. Hain zuzen, sortzea izan dut zereginik gustukoena kudeaketa barruan: epe ertain luzera begiratu, eta hutsunea dagoen tokian proiektu berriak eta estrategia berriak asmatzea.

«Kudeatzaile izan naiz, baina oso lanbide sortzailea dela iruditzen zait. Hain zuzen, sortzea izan dut zereginik gustukoena kudeaketa barruan: epe ertain luzera begiratu, eta hutsunea dagoen tokian proiektu berriak eta estrategia berriak asmatzea»

Neure burua orri zuriaren aurrean ikusi dut askotan, zirriborroak egiten, gehienek zakarrontzian bukatzen zuten arren. Baina batek edo bestek aurrera egiten du, eta ni hor aritu naiz gusturen: ez dagoen lekutik baliagarriak izan daitezkeen proiektuak eta norabideak proposatzen; eta zenbaitetan deseraikitzen ere bai, beste modu batera edo beste leku batetik eraiki ahal izateko. Sortzailea delako asebete nau lan horrek.

Zerk kezkatu zaitu gehien?

Jalgi dinamikak ateratako txosten batek zioen jendarte kulturazalea behar dugula, hau da, sistema sendotzeko zaleak behar dira maila guztietan, ez bakarrik hartzaileak, baita egileak eta bitartekariak ere: hezkuntza arautuan zein ez-arautuan, unibertsitatean edota kulturgintzan dabiltzanak zaleak izatea. Kultura da norbanakoen eta komunitatearen ongizaterako, askatasunerako, berdintasunerako giltza; oinarrizkoa da zaletzea.

Ekosistema harilkatzeak ere kezkatzen nau, hau da, elkar hartzea eta saretzea ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Eta gertatzen zaigu horretan jarduteko baliabiderik ez dugula. Lehenik gure jardunean eta gure erakundean aritu, eta gero elkarrekin aritzeko dinamikak eransten dizkiogu gure eguneroko lanari, eta horrek, aparteko bitartekorik gabe, denboran irauteko zailtasunak ditu. Dinamika interesgarri eta beharrezko asko desegiten da denboran, gihar hori ez dugulako. Oinarri-oinarrizkoa da baina horretarako laguntza eta bitartekorik ez dago.

Herri baten kapitalik eta aberastasunik ederrena gizarte ekimen sendo eta artikulatu bat izatea da, ekimen publikoaren osagarri eta akuilatzaile ere izango dena. Horrexegatik eta horretarako behar dira baliabideak eta babesak.

«Kulturgintzan ertz asko daude arreta, sustapen eta babes handiagoa eskatzen dutenak, baina ezinbestekoak iruditzen zaizkit kulturazaletasuna sustatzea eta jendarte kulturazale bat eraikitzeko proiektuak laguntzea»

Elkarlana baino gehiago, lehia ageri da.

Egia da. Ikuspegia aldatu beharra dago. Ekosistemaren begirada behar dugu, norberarenarekin batera besteena ere aurrera atera dadin, lehia baztertuta.

Kulturaren barnean zein arlo duzu gustukoena?

Literaturazalea naiz, saiakera oso gustuko dut, gero eta gustukoagoa, egia esan. Antzerkizalea ere banaiz, eta bertsozalea, nahiz eta aspaldian nahi baino gutxiago hurbildu naizen plazetara. Baita arte plastikoen zale ere, garai batean margotu egiten nuen. Eta dantza ere ikaragarri maite dut. Ilobak euskal dantzetan ikusten ditudanean, inbidia sentitzen dut.

Dantzari ez zaio beste hainbat arlori ematen zaion garrantzirik ematen. Sustapen handiagoa beharko lukeela iruditzen zaizu?

Hezkuntza arautuan esaterako ez du lekurik, eta komunikabideetan ere oso noizbehinkako aipamenen bat, eta, era berean, sekulako mugimendua ere badago. Erakunde batzuk sekulako lana egiten ari dira, Dantzan esate baterako; baina, tamalez, ikusezin dira.

Olatz Osa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Osa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zerk mereziko luke arreta edo sustapen handiagoa, zure ustez?

Kulturgintzan ertz asko daude arreta, sustapen eta babes handiagoa eskatzen dutenak, baina ezinbestekoak iruditzen zaizkit kulturazaletasuna sustatzea eta jendarte kulturazale bat eraikitzeko proiektuak laguntzea, adibidez. Gainera, kulturgintzan diharduten sortzaile eta eragileak, kultur industriak, herriaren funtsezko ondasuntzat izendatzea, herriari eta jendartearen ongizateari egiten dioten ekarpenagatik, eta, ondorioz, dagokien mailan babestea.

Bestalde, egun nagusi diren kultur erreferentzia marko erdaldunak aldatuko dituzten eta horretarako jauzi esanguratsuak eragingo dituzten proiektu nazionalek babesa behar dute; handira ere jokatu beharra dago, euskal kultur erreferentzia markoa gailenduko bada. Eragileen arteko elkarlan jardunak ere babes iraunkorra behar luke; eragiletza jarduna bultzatzea ezin liteke zama eta jardun gehigarri bat izan. Ekosistema trinkotu eta elkarlan iraunkorra josiko bada, sustatua eta babestua izan behar da.

«Eragileen arteko elkarlan jardunak ere babes iraunkorra behar luke, eragiletza jarduna bultzatzea ezin liteke zama eta jardun gehigarri bat izan»

Zer da kultura zuretzat? Zer du euskal kulturak berezi?

Komunitate batek duen mundu ikuskera da kultura niretzat; balio eta balore kate bat, inguru naturalari eta lurrari begiratzeko modua, semiotika, mundu sinbolikoa, pentsamendua, ondarea, eta, jakina, arte adierazpideak; multzo hori guztia da herri baten kultura. Eta kultura, zalantzarik gabe, hizkuntzan ardazten da.

Kasu honetan euskaraz ari gara, eta horrek egiten du gurea berezi munduan. Hori da munduari eskaintzeko daukaguna.

Esparru horretan urteak eman dituzunez, zer eboluzio ikusi duzu euskal kulturan oro har?

70eko urteetatik hona urrats garrantzitsuak egin direla ikusten dut, asko egituratu dela. Baina, era berean, susmoa dut prozesu hori geldotzen ari dela, bereziki azken hamarkadan; eta ez ote garen ikusten ari zantzu batzuk aurrera beharrean atzera goazela. Uste dut nahiko begi bistakoa eta partekatua dela iritzi hori. Ez dakit babes soziala galdu dugun, edo amets politikoa galdu dugun, inoiz irmorik izan badugu behintzat. Tamalez, horren ondorio dira sortzaileek eta hainbat erakundek bizi duten egoera prekario eta zaila eta proiektuak aurrera ateratzeko ezina.

Uste dut hor gaudela. Kulturak duen balio soziala eta ongizaterako duen ezinbestekotasuna kontuan hartuta, horrek iraultza bat eskatzen du, eta ez daukagun hori behar dugu: tresna politiko nazionalak. Herri zatikatu honek beste norabide bat hartuko badu, elkar hartzea, sektore bezala bat egitea, eta ekosistema sendotzeko ahalegina egitea eskatuko du, baina baita tresna soziopolitikoak ere jauzi esanguratsuak emateko.

Inpresioa dut urte asko daramagula gauza bera esaten. Duela hamar urteko hausnarketa saioak gogoratu, eta toki berean gaudela iruditzen zait; toki bertsuan, baina nekatuago. Zorionez, badatoz belaunaldi berriak atzetik, prestakuntza handiarekin, ilusioz, egungo erronkei erantzuteko gaitasunarekin; lema beren esku uzteko garaia da.

«Herri zatikatu honek beste norabide bat hartuko badu, elkar hartzea, sektore gisa bat egitea, eta ekosistema sendotzeko ahalegina egitea eskatuko du, baina baita tresna soziopolitikoak ere jauzi esanguratsuak emateko»

Garapenak eta teknologia berriek I+G+B zentroak ekarri dituzte industriara, zergatik ez kulturara?

Jendarte aske eta kritikoagoa bultzatzeko kulturak daukan ahalmenean ez da sinesten edo ez da sinetsi nahi, eta, beraz, ez da bultzatzen. Horren ondorio da kulturgintza eta humanitateak, oro har, estrategia horietatik kanpo uztea. Guretzat fundamentala litzateke, esate baterako, kultur transmisioaren didaktikan sakontzea. Edo, alfabetatze multimodalaz hitz egiten hasi gara, baina zer denik ere ez dakigu askotan, eta gutxiago dakigu zein diren horren aukerak eta abar. Edo, zer dakit nik, adimen artifiziala eta kultura eta euskal hezkuntza: hor bada eremu ikaragarri zabal bat ikertzeko eta guretik pentsatzeko. Edota teoria feministen praxia kultur kudeaketan edo hezkuntzan... Badago zer garatu eta zer ikertu, arazoa ez da hori. Kultura, hizkuntza, hezkuntza nola ulertzen diren da gakoa, zein estrategikotasun aitortzen zaien. Aitortzak berekin ekarriko lituzke ikerketa, garapena, berrikuntza arlo horietan ere. Bada garaia politika integralak pentsatu eta diseinatzeko orduan, hizkuntza, kultura eta hezkuntza zehar lerrotzat hartzeko.

Euskal kulturaren transmisioaz kezkatuta, talde bat sortu zenuten hainbat eragilek, eta jardunaldi arrakastatsuak antolatu izan dituzue. Aurten ere izango al da?

Jardunaldiak bitartekoa izan dira bide bat elkarrekin abiatzeko. Kultur transmisioan atzera egiten ari garela adierazten duten zantzuak ikusten genituen, hainbat kultur eragilek kezka bera genuen, eta prest agertu ginen norabidea aldatzeko elkarrekin bide bat egiteko, ahal dugun neurrian eragiteko. Kultur transmisioa hezkuntza arautuan eta ez-arautuan zertan den ikusi genuen bi jardunalditan. Udazkenean transmisioaren beste ertz bat aztertuko dugu beste jardunaldi batzuetan. Kultur eragileok elkarrekin egindako bide horretan jositako konplizitatea garrantzitsua izan zen, esaterako, EAEko hezkuntza legearen irakurketa bateratua egiteko eta ekarpenak helarazteko, eragiletzan lana egiteko. Funtsezkoa da elkarlan hori, elkarrekin pentsatzea, norabidea elkarrekin marraztea, ezinbestekoa kulturgintza artikulatu eta beronen eragin ahalmena handitu dadin.

Elkar utzita, zer eskatu dizu gorputzak?

Nire ibilbidean kulturak, hizkuntzak eta hezkuntzak garrantzi handia izan dute orain arte, eta argi daukat esku batekin horri heltzen jarraituko dudala, beste modu batera izango bada ere. Beste eskuarekin berriz, lurrari heldu nahi diot, naturan jarduteko eskatzen dit gorputzak. Natura inguru batean bizitzeko zortea dut, lurra eskura dut, eta ez dakit zer forma hartuko duen azkenean, baina gorputzak hori eskatzen didala ziur da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.