Moliereren Les Femmes savantes antzerkia inspirazio iturri nagusi izan zuen Hazparneko anderea idazterakoan Telesforo Monzonek. Hazparnera ekarriz intriga, istorioa bera Euskal Herrira egokitu zuen doi bat. Bertako kontua da Hazparneko andereak alaba herriko markesarekin ezkondu nahi duela, alaba markesa bilaka dadin. Baina, funtsean, gaia berdintsu da gelditzen. Handinahikeria kontuak, euskaldunen erara: «Ameriketatik diruarekin etorritako jende horrek zuen handinahikeria, euskararekiko mespretxua», azaldu du Ander Lipus taula zuzendariak. 1966an idatzi antzerkia oholtzarako egokitu die Lipusek Iduzkilore taldekoei. Bihar dute estreinatuko emaitza Uztaritzen (Lapurdi), 21:00etan, Bilgunean. Biharamunean, Donibane Lohizuneko La Pergolako Ravel gelan ariko dira, 18:00etan. Hitzordu guztiak iduzkilore.unblog.fr webgunean daude.
Ez dute, aldiz, emanen Senperen berean. Alta, herriko Larraldea etxean dute otsailetik errepikatu antzerkia, astelehenero hor bilduz. Herrian Larreko gela kulturala estreinatu berri dute, baina programatzaileek data eta antolaketa arazoak aipatu dituzte, egitarauan antzerkia ez sartu izana justifikatzeko.
Iduzkilore taldearen bigarren antzerkia da Hazparneko anderea. Antzerkilariak Lapurdi osotik biltzen segitzen du taldeak. Lehen obrak, duela lau urte eman zuenak, Iduzkilore izena zuen. Pierre Delancreren XVII. mendeko desmasiez mintzo zen obra, Lapurdi 1609 elkartekoek berek idatzia. Aldi honetan, klasiko bat nahi izan dute berenganatu eta, bide batez, komedia bat entseatu. Monzonen testua «clown erara» landu dutela azaldu du jokalarietako batek, Maialen Fauthouxek: «Irrigarria da, baina pertsonaiak jujatuak izan gabe, halere. Denek badute beren xantza. Batek, adibidez, ezgai aire bat baldin badu ere, beti badu halako sakontasun bat. Ulertzen dugu zergatik den horrelakoa, nonbait, sufritzen duelako anitz edo. Pertsonaiak ez dira klixeak». Alaba markesa bilakarazteko nahi hori, «erokeria» hori, gustukoa ukan zuen taldeak, zehaztu du, berriz, taldeko beste aritzaile batek, Peio Berhokoirigoin Bixoko-k. Gaur egungo munduan ere funtzionatzen duen erokeria bat: «Harrokeria zozo hori beti gelditzen da anitz jendeetan». Eta, beti Berhokoirigoinek erranik, obra klasikoa izanik ere, bazekiten «taula zuzendari profesional bati» galdeginen ziotela lan hori egitea, «eta hark beste zerbait ekarriko zuela, antzerki horren errautsak pixka bat kentzeko».
Saiatu ziren aitzineko antzerkiaren haritik gai historiko bat hartzen. Amaiurreko gertakariez antzerkia ere idatzia zuen taldeko kide batek. Baina antzerkiarentzat behar baino jokalari gehiago zirela eta, bakoitza bere aldetik hasi zen antzerki testu bila, Berhokoirigoinek esplikatu duenez. Monzonen testuen ondoan, Piarres Larzabalenak ere irakurri zituzten. Eta azkenean, Hazparneko anderea aukeratu. Aritzaile kopurua arras egokia duela gaineratu du Berhokoirigoienek.
Lipusen moldaketak
Behin testua hautatuta, Lipusi deitu zioten. Lipusek berak zalantza batzuk izan zituen hasiera batean. Beste zerbait ere bilatzen ibili zen. Baina, azkenean, guztiek elkarrekin hori egitea erabaki zuten: «Egia da ongi idatzia dela, ongi ulertzen dela», Lipusen hitzetan. Baina doi bat egokitzen aritu da halere zuzendaria, hark berak aitorturik: «Badaude gauza batzuk nik sentitzen nituenak pixka bat matxistak edo. Gauza horiek kendu ditut, eta testua arindu dut. Obrak bi oren irauten zuen, eta oren eta erdian utzi dugu. Pixka bat arindu ditut sartze eta irteerak, eta jokoa ere bai».
Lipusi gehien interesatu zaiona «aktoreen jokoa» izan da. Hori anitz landu dute, «polita izatea, eurak ikustea goxatzen esaten eta egiten dutena egiten». Horren lortzeko asmoz, «nahiko espazio hutsean» jokatu du hori guzti hori Lipusek, «aktoreari emateko bere indarra eta imajinazioarekin guztia kontatu ahal izateko».
Handinahikeria 'clown' erara
Telesforo Monzonen 'Hazparneko anderea' antzezlana bihar estreinatuko du Iduzkilore taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu