Salbuespena da kasik, dena eskala txikian neurtzera ohituta dagoen kultur ekosistema batean ia erraldoia baita Elkar. 50 urteko bidean, askotariko formatu eta molde aldaketak izan ditu, baina bere txikian handi bilakatu den enpresa multzo bat da; eta, gaur egun, euskal kulturgintzako eragile nagusietako bat.
Bere egiturari esker lortu du hori, hein batean. Hasierako asmo eta egitekoak ez ditu aldatu, baina hamaika adar sortu ditu urte hauetan, eta, gaur egun, askotariko eginkizunak batzen dituen enpresa talde bat da. Elkar fundazioaren pean egituratzen da taldea. Hainbat enpresak osatzen dute, argitaletxeak, banaketa, liburu dendak eta inpresio zentroak kontuan hartuta. Horiez gain, fundazioak beste zenbait enpresatan ere hartzen du parte, liburuen sektorekoak ez izan arren euskara eta euskal kultura sustatzea helburu dutenetan.
Argitaldariak dira Elkarren jardueraren oinarria. Askotariko lanak ekoizten ditu; gutxi-asko, 190 titulu kaleratzen ditu argitaletxeak urtean, eta, horretarako, 3.2 milioi euroko inbertsioa egiten du aldiro. Mende erdiko ibilian 8.000 liburu eta 2.000 disko inguru argitaratu ditu, eta gehienak eskuragai daude oraindik haren katalogoan.
Bide horretan, zenbait zigilu batu dira taldera, eta beste batzuen funtsak ere bere egin ditu. Une honetan, lau dira argitalpen zigilu nagusiak: Elkar, Ttarttalo, Txertoa eta Sua. Ikaselkar ere sortu du Ikastolen Elkartearekin batera, euskal curriculuma garatzeko ikasmateriala argitaratzen duen argitaletxea. Irrien Lagunak zigiluaren parte ere bada, Katxiporreta eta BERRIArekin batera.
Argitalpen horiei guztiei ikusgaitasuna eman eta erosleengana hurbiltzeko sortu zituen Elkarrek liburu dendak. Egun, Nafarroa Beherean eta Zuberoan salbu, Euskal Herriko herrialde guztietan du gutxienez saltoki fisiko bat: hemezortzi denda ditu denera, hamahiru herritan. Eta Internetekoa gehitu behar zaie horiei.
Aduna, pauso bat aurrera
Banaketan aurkitu du aurrerabidea Elkarrek. Emaitzek hala erakusten dute; izan ere, banaketa da fakturazioaren zatirik handienaren jatorria gaur egun (%78). Aldaketa handiak izan dira sektorean alor horretan, eta apustu sendoa egin du taldeak egoerara egokitzeko. 2015era arte, Euskal Herrian ez ezik Madrilen eta Bartzelonan ere banaketaz arduratzen ziren enpresetan parte hartzen zuen Elkarrek. Jarduera uztera zihoazen bi enpresa erosi zituen orduan, eta Espainia osoan egiten du geroztik. Milaka bezero ditu: liburu dendak, liburutegiak, ikastetxeak... Elkar banaketa arduratzen da bertakoaz, eta ACL eta DISPE enpresak Euskal Herritik kanpokoaz.
Hain zuzen, azpiegitura berria zabaldu du Adunan (Gipuzkoa). Hamabi milioi euroko inbertsioa egin du taldeak, gaitasun operatiboa sendotu eta Internet bidezko salmentetan lehiakorrago izateko. Egoitzak 15.000 metro koadro ditu, eta urtean hamar bat milioi ale zerbitzatuko dituzte handik. Biltegi berrian zentralizatu nahi du taldeak jarduera hemendik aurrera.
Gaur egun ere Euskal Herrian ditu langile gehien-gehienak Elkarrek (%88), nahiz eta fakturazioaren zatirik handiena atzerrian lortzen duen. Guztira, 428 langile ditu taldeak; gehienak Adunako egoitzan daude, eta gainerakoak liburu dendetan eta inpresio zentroetan ari dira batez ere. Hurrengo urteetan Adunan beste hogei lanpostu sortzeko aukera izango duela uste du taldeak.
Elkarrek argi du hazten jarraitu nahi duela, sektorean gero eta handiagoak diren erraldoiak aurrez aurre dituen arren. Komunitateari esker iritsi da oraingo puntura, eta horri eutsi nahi dio aurrerantzean ere, euskal kultura eta euskarazko sorkuntza ikur hartuta.
Elkarrek 50 urte. Taldea zenbakietan
Handia da bere txikian
Euskal kulturgintzako enpresa handietako bat bilakatu da Elkar. Banaketa du jarduera nagusia gaur egun, eta apustu sendoa egin du alor hori indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu