Literatura

Han Kang idazle hegokorearrak jaso du Nobel saria

Stockholmen eman du sarituaren berri Suediako Akademiak, eta haren prosaren poetikotasuna laudatu dio idazleari. Iaz Jon Fosse idazleak irabazi zuen saria.

Han Kang idazlea. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Akademiak zabaldu duen Han Kangen irudia. NOBEL PRIZE
Inigo Astiz
2024ko urriaren 10a
13:04
Entzun

«Haren estilo poetiko eta esperimentalari esker, aitzindaria izan da prosa garaikidean». Nobel Akademiak hitz horiekin aurkeztu Hang Kang, aurtengo Literaturako Nobel saria jaso duen idazlea. Eta, zehaztu dutenez, «giza bizitzaren hauskortasuna azaleratu eta trauma historikoei aurre egiten dien haren prosa poetiko intentsuagatik» saritu dute. 1995ean eman zuen argitara bere lehen ipuin bilduma, eta hamaika genero landu ditu geroztik. The Vegetarian (Barazkijalea) izenburuko ipuin bilduma da haren lanik ezagunena. 2007an eman zuen argitara, eta, 2016an, Nazioarteko Man Booker sari ezaguna jaso zuen hari esker. Inoiz azaldua duenez, ordea, sari hark piztutako arreta ezerosoa egin zitzaion, eta ez da bereziki agerpen publiko zalea. Literatura ez ezik, musika eta artea ere landu izan dituela aipatu dute akademiako kideek, eta haren hiru hamarkadako ibilbidean jorratu dituen genero eta estiloen askotarikotasuna ere azpimarratu dute. Nobel saria jaso duen lehen hegokorearra da. Nazioarteko aitortza ez ezik, ia milioi bat euro ere jasoko ditu egileak.

Kang 1970ean jaio zen, Gwangju hirian, baina 9 urterekin joan zen Seulera, familiarekin batera, eta bertan bizi da egun ere. Eleberrigile ezaguna zuen aita, eta etxetik jaso zuen liburuekiko zaletasuna. Inoiz esana duenez, horregatik, 14 urterekin jadanik argi zuen idazle izan nahi zuela. 1993an eman zituen argitara bere lehen poemak, eta bi urtera kaleratu zuen bere lehen prosa lana. Etenik gabea izan da jarioa geroztik, eta, Nobel Akademiaren hitzetan, 2002an argitaratutako Your Cold Hands (Zure esku hotzak) eleberria da lehen urte haietako lanik aipagarrienetako bat.

Han Kang idazlearen 'Do Not Bid Farewell' arte piezaren bideoa.

Idazlearen artezaletasunaren berri ere ematen du lan horrek, gainera. Desagertutako eskultore baten eskuizkribu bat biltzen du liburuak. Emakumeen gorputzen igeltsuzko moldeekin obsesionatuta dago artista hori, eta gorputzari buruzko hainbat gogoeta biltzen ditu, horregatik, testuak. Eta, hain zuzen ere, idazlearen estilo poetikoaren froga den liburu amaiera aldeko esaldi bat ere nabarmendu dute. «Amildegi baten bi ertzak batzen dituen izara bat da bizitza, eta gu maskaradun akrobatak bezala gabiltza haren gainean».

Zaurgarritasuna

The Vegetarian obra ere aipatu du akademiak, idazlearen erretratua egiteko. Hiru partetan banaturik, Yeong-hye izeneko protagonistak haragia jateari uko egiteagatik jasan behar duen bortizkeria kontatzen du liburuak. Familiak gogor egingo du haren aurka, eta sexu erasoak ere jasango ditu, harik eta psikiatriko batean amaituko duen arte. Eta, hain zuzen ere, idazleak «muturreko bizitzekiko» adierazten duen «enpatia» ere nabarmendu du Nobel saria eman dion komiteak, bai eta hura azaleratzeko duen «estilo metaforiko kargatua» ere.

2011ko Greek Lessons (Greziera eskolak) nobela ere aipatu dute estilo horren froga modura. Akademiaren hitzetan, bi «indibiduo zaurgarri» dira liburuko protagonistak, eta haien arteko ohiz kanpoko harremanaren erretratua eskaintzen du lanak. Hitz egiteko gaitasuna galdu duen emakume bat da bi protagonistetako bata, eta bista galduz doan greziera klasikoko irakaslea bestea. Bien artean maitasun istorio bat piztuko da, eta, Nobel komitearen hitzetan, «galerari, intimotasunari eta hizkuntzaren baliabideei buruzko gogoeta eder bat» da liburua.

Han Kang idazlearen hainbat libururen azalak, Nobel Saria iragartzeko ekitaldian. JESSICA GOW / EFE
Han Kang idazlearen hainbat libururen azalak, Nobel Saria iragartzeko ekitaldian. JESSICA GOW / EFE

2016an argitaratutako Human Acts (Giza ekintzak) liburua ere nabarmendu dute Nobel komiteko kideek. Zehaztu dutenez, kasu honetan, Gwangju hirian 1980an izandako sarraski bat da liburuaren abiapuntua. Ehunka ikasle eta armatu gabeko herritar hil zituen Hego Koreako armadak urte hartan, eta biktimei ahotsa emateko saiakera bat da lana. Lekukotza liburu bat izan arren, hain justu ere, idazleak irakurlearen espektatibekin jolasteko duen modua laudatu diote. Esate baterako, hildakoen arimak euren gorputzetatik askatu, eta euren hilketaren testigu bilakatzen baititu idazleak.

«Ez hil. Mesedez, ez hil»

Eta, hain justu, liburu horretan lanean ari zela sortu zitzaion idazleariThe White Book (Liburu zuria) izeneko lana idazteko harra ere. Bere ahizpa zaharra izatekoa zena da lan horren ardatza. Jaio eta ordu gutxira hil zen, baina haren memoriarekin eta doluarekin hazi zuten idazlea gurasoek. The Guardian egunkariari azaldutakoaren arabera, Human Acts liburuko lerro batekin hasi zen dena. «Elkarrizketetako batek zera zioen liburu hartan: 'Ez hil. Mesedez, ez hil'. Ezagun egiten zitzaidan, eta bueltaka izan nuen barruan. Bat-batean ohartu nintzen nire amaren oroitzapen bat zela, kontatua zidanez, hitz horiek behin eta berriz errepikatu baitzizkion ni jaio aurretik hil zen ahizpari».

Liburu horretan, ohar laburren bidez kontatzen du dolu berezi hori idazleak, eta, horregatik, nobela bat baino gehiago, «otoitz liburu sekular bat» bilakatzen du horrek lana, Nobel Akademiako kideen hitzetan.

Jeu irlako 1940ko sarraskia da, berriz, 2021ean argitaratutako We Do Not Part (Gu ez goaz) nobelaren ardatza. Protagonistaren eta haren lagunaren bidez lantzen da dolua, kasu honetan. Eta «gorputzaren eta arimaren» zein «bizidunen eta hildakoen» arteko harremanak lantzeko duen arreta ere nabarmendu du Nobel Akademiak, Anders Olsson komiteko buruak sinatutako testuan.

Saria jaso duela jakin berritan idazlearekin ingelesez egindako zazpi minutu inguruko elkarrizketa ere sareratu dute Nobel akademiakoek. Harrituta zegoela aitortu du idazleak, bai eta saria jasotzea ohorea izango zela esan ere. «Liburu artean hazi nintzen. Korearrez zeuden liburu horiek eta itzuli egin ditut haietako asko. Albiste hau korear literaturarentzat ona izango dela espero dut».

Ingelesez, alemanez, frantsesez zein gazteleraz ere eman dituzte argitara lan horietako batzuk, eta sari zerrenda luzea jaso du horiei esker, bai jaioterrian, bai eta nazioartean ere. Orain artean ez du euskarara itzulitako lanik.

Hemezortzigarren emakumezkoa

1901. urtean eman zuten aurrenekoz Literaturako Nobel saria. Urte hartan, Sully Prudhomme poeta frantziarra saritu zuen akademiak, eta, orduz geroztik, 117 aldiz eman du saria, gaurkoa ere kontuan hartuta. Horietatik hemezortzi besterik ez dira emakumeak izan. Hain justu ere, azken hamarkadan jaso dute saria hemezortzi horietako bostek: Alice Munrok 2013an; Svetlana Aleksievitxek 2015ean; Olga Tokarczukek 2018an; Louise Gluckek 2020an; eta Annie Ernauxek 2022an. Eta ondorengo sei gizonezkoek ere jaso dute saria azken urteetan: Patrick Modianok 2014an; Bob Dylanek 2016an; Kazuo Ishigurok 2017an; Peter Handkek 2019an; Abdulrazak Gurnahek 2021ean, eta Jon Fossek, azkenik, iaz.

Bestalde, Europakoak edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak: 31. Frantsesez idazten duten hamalau idazle, alemanez idazten duten beste hamalau eta gazteleraz idazten duten 11 ere badaude.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.