Han-hemenka barreiatutako antzezlanak

Euskal antzerkiaren inguruko dokumentuak biltzeaz aritu dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan.Sakabanatuta daudela diote

Eragile askotariko kideek parte hartu dute jardunaldietan. JON URBE / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Non daude euskal antzezlanak gordeta? Non eskuizkribuak, argazkiak, afixak eta kartelak? Horiek dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietako mahai inguruan plazaratuta galderak. Erantzuna: barreiatuta liburutegi eta artxibategietan. Ez da existitzen espresuki euskal antzerkiaren inguruko dokumentazio erakunderik, eta horrek zaildu egiten du informazioa nahi dutenen ahalegina. Horregatik, dagoen materiala eskuragai jartzeko beharra azpimarratu dute Baionako Mediatekak, Euskaltzaindiak, Euskal Kultur Erakundeak, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Sabino Arana Fundazioak eta Su Aziak elkarteak. Betiere, elkarlanaren bidez.

Baionako Mediateka izan da urratsak egiten aurrena: Ipar Euskal Herriko beste 20 liburutegi, museo eta artxibategirekin batera, katalogo komun bat osatzen ari da; hala, webgune bakarrean ikusi ahalko dira, 2015eko otsailetik aurrera, zentro horiek dauzkaten materialak.

Gainontzekoek, baina, oraindik ez dute asmo bateratuetan parte hartu. Zaila da, beraz, kalkulatzea zertan den euskal antzerkiaren memoria; ezinezkoa ia kalkulatzea zenbat dokumentu gorde diren. Horren ondorioz, nork berea kontatuta, erradiografia orokorra egin dute eragileetako kideek. Euskal Museoak, kasurako, 500 dokumentu inguru dauzka pastoralei buruz, argazkiak, postalak eta kaierak kontuan izanda. Euskaltzaindiak, bestalde, 72 eskuizkribu inguru, eta horietatik 20 identifikatu gabe. Euskal Kultur Erakundeak 120 bat obra dauzka. Eta Sabino Arana Fundazioak ez ditu katalogatu bere bilduman daudenak. Su Azia Elkartea, ordea, 80 bat pastoral kaieraren jabe da.

Bada, nolanahi ere, gainontzekoek baino biltegi zabalagoa daukana: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea. 1.251 lan dauzka; horietako 270 digitalizatu ditu.

Zerbait egiteko beharra

«Euskal kulturaren ahaide pobrea da antzerkigintza». Euskaltzaindiko kide Pruden Gartziarenak dira hitzak. Dioenez, jende gutxi joan da Euskaltzaindira galdezka antzerkiari lotutako materialaren harira. Eta orokorra omen da egoera gainontzeko lekuetan ere. Baina beste estutu bat eman dio gaiari Koldo Mitxelenako langile Sorne Matxinenak: «Akaso, kultura da ahaide pobrea». Bitarteko falta salatzeko hartu du hitza. «Bideratzen diren baliabideek mugatzen dute jarduna». Ildo beretik segitu du Baionako Mediatekako Marie Andree Ouretek: «Diruz laguntzea da erakunde publikoek egin ahal dutena». Hala, gaiari arreta berezikoa jartzeko aldarrikatu dute solaskideek.

Biltegi komuna nola egin. Hori da galdera. Zalantza airean dago, oraindik. Egin daitekeenaren zantzu batzuk baino ez mahai gainean: dokumentatzeko orduan, denek protokolo berbera jarraitu beharko luketela aipatu dute. Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko kideak ez du uste antzerkiari propio eskainitako gune bat beharrezkoa denik. Gainontzekoek ez dute argitu zein izan daiteke formula. Izan dira, haatik, ideia batzuk. Matxinenak euskal liburutegi, museo eta artxibategiek atari digital bateratua izatea proposatu du, adibidez. Eta Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoinek euskal antzerkiaren historia eskuragai jartzeko eskatu du. Jardunaldiek beste saio bat izango dute: Hilaren 27an, Euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak mahai ingurua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.