Lehen diskotik bi urtera dator H-Eden taldearen Intimitartean bigarren diskoa. Bi urte hauetan zuzeneko andana bat egin dituela taldeak. Zuzeneko horiek aitzakia nolazpait, «batetik bestera ibili ginen elkar ezagutzen, eta azkenean, ohartzerako, bazen hor koherentea zen lan bat egina. Eta horrela abiatu ginen bigarren diskoa egitera», esplikatu du taldeko kantari eta konpositorea den Maddi Zubeldiak. Autoekoizpena da Xano Halsouetekin grabatu dutena. Gaur Ziburuko Baltsanen aurkeztuko du taldeak 20:00etan. Eta igandean Urruñako elizan 17:00etan.
Intimitartean diskoaren izenburuak islatzen du espiritu hori. Arte mundukoak izan baitituzte egin topaketa horiek. Lehen ezagutzetako bat Senpereko Ttitto Agerre zizelkaria izan zuten. Erakusketa bat estreinatzear zela Ager, Zubeldiari egun horretan kantatzea eskatu zion. Gonbidapena onartu zion, baina horretarako zerbait berezia egin beharko zuela pentsatu zuen Zubeldiak. Eta Agerreren eskulturak inspiratu kantuak idatzi zituen. Estreinaldi gau hartan, Josette Dacosta margolaria zuen ezagutu. Eta Dacostari gustatu zitzaizkion kantu haiek, eta gisa bereko zerbait egitera gonbidatu zuen bere Zumaiako erakusketara. Hura ere erabili zuen kantu batzuen sortzeko. Eta han, gainera, Caro Worboys argazkilaria zuen ezagutu, zein arduratu baita bigarren disko horren azalaz eta barneko argazkiez eta grafismoaz. Horra bidea, hortaz.
Musikarien artean, lehen diskorako kolaboratzaile anitzekin aritu ziren; orain, berriz, grabaketarako zuzenean ariko den taldea bera hobetsi dute. Hau da, Xano Urtxegi eskusoinuan, Iñaki Ofizialdegi perkusioekin eta Pat Tetevuide gitarrekin. Unai Zubeldiak (buzukia, flauta eta txistua) eta Mathieu Haranburuk (gitar apala) ere beren ekarpena egin dute.
Orotara hamabi kantu dauzka diskoak, eta aitzinekoan bezala, tartean beti badaude Zubeldiaren «konposaketa eta bizipenak». Disko honetan ere kantu gehienen hitzak eta melodiak Zubeldiak berak ditu idatziak. Estiloari dagokionez, aitzineko diskoko hari beretik datoz: «Nahiko intimista da giroa». Nahiz eta Latinoamerikako azentu batzuk aurkitu daitezkeen. «Gero, noski, euskalduna naiz, eta errotua naiz hemen. Nire kultura oso barnetik bizi dut. Erreferentziak aipatzeko, Xabier Lete da nire Panteoiko gailurrean dagoena. Eta Laboak ekarri duena... denek bezala. Entzuten ditut berriak ere, dela Petti, dela Xabi San Sebastian», beti Zubeldiaren hitzetan. Azken horrekin kolaborazio bat ere egina du.
Kantuen asmatzea, «idatzi, sortu, konposatu», hori da garrantzitsua Zubeldiarentzat. Luzaz «modu informalean dut konposatu eta idatzi. Nire terapia egiteko esaten ahal bada...». Gero, eman edo ez, hori ez zaio nehoiz izan hain «premiazkoa». Horregatik du agian hainbeste denbora hartu plazara ateratzeko. Familia bera ere betidanik du kantuan murgildua: «Gure etxean musikak leku aski handia izan du betidanik». Seme, alaba eta ilobak zituen Unama taldekoak, adibidez. Geroztik, Nahia Zubeldia alaba Lumi taldean du, eta iloba duen Kamila Zubeldia, Saioan. Lehen plaza bera ere Unama taldekoek zioten ekarri: «Diskoa egin nahi izan zutenean kantu batzuk banituenez, galdetu zidaten. Eta baietz, hartzeko esan nien. Hortik beste musikari batzuen ezagutzak egin, eta haiek bultzatu ninduten jendaurrera ateratzera». Aitortu du, halere, «kostatu» zaiola plazara ateratzea: «Hasieran oso gogorra egiten zitzaidan. Kostatu zait jabetzea nik sortzen nuen hori inori interesatuko zitzaionik. Oso intimo eta pertsonaltzat nituen». Baina lortu oihartzun baikorrek lagundurik, «orain erran dezaket plazer hartzen dudala, konfiantza hartu dudala».
Han eta hemen egin ezagutzetatik josi du bigarren diskoa H-Edenek
'Intimitartean' lan berria gaur Ziburun aurkeztuko du taldeak, eta igandean Urruñan ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu