Musika

Hamazazpi urteren ostean, 'Viva tú' diskoa plazaratu du Manu Chaok

Disko berria kaleratu du Manu Chaok: 'Viva tú'. Hamahiru kantaz osatu du bilduma, eta, aurreko diskoaz geroztik tarte luzea joan den arren, orduko ideiak ez ditu atzean utzi.

Manu Chao, abuztuan emandako kontzertu batean, Leccen (Italia). BERRIA
Manu Chao, abuztuan emandako kontzertu batean, Leccen (Italia). BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko urriaren 6a
06:10
Entzun

Artista askok diote atsedenaldiak beharrezkoa direla sortzeko, geldiune batetik bueltan ideia eta eduki hobeak garatzen direla. Agian, Manu Chaok hori bera pentsatu zuen 2007an, grabaketa estudio batean egon zen azken aldian. Hamazazpi urte geroago, entzungailuak berriro jantzi ditu soinu teknikariaren kristalaren atzean, eta disko berria kaleratu du: Viva tú. Hamahiru kanta, lau hizkuntza eta dozenaka istorio ditu bildumak.

La Radiolina izan zen 2007an Chaok kaleratutako diskoa. Harrezkeroztik, hainbat proiektutan hartu du parte, eta beste disko batzuk ere argitaratu ditu Chaok, baina zuzenekoetan oinarrituak. Hamazazpi urteko geldiune diskografikoaren ondoren, abeslaria ez da asko aldatu. Viva tú bilduman antzematen dira bere betiko erritmo eta doinuak, berrikuntzetarako lekua baden arren. Reggaeak, runbak eta bossak betetzen dute disko berria, baina badaude bestelako protagonista batzuk: countrya, adibidez. Disko lasaia, entzulea poztasunez betetzekoa, eta, askok diotenez, biluzia da. Ez du asko behar Chaok bere mezua munduan hedatzeko, eta disko berrian gitarra baten soinu biluzia nahikoa izan du horretarako.

Chaoren kantu-hitzek beti hartu dute bide bera. Gaur egungo mundua ulertzeko formaren aurka agertu da beti, eta askotan antisistema etiketa jarri izan zaio. Bakea, denon arteko elkartasuna, ongizatea... halako kontzeptuak hedatzeko erabiltzen du musika Chaok. Disko berriaren hasiera horrelakoa da zehazki. Bakea du helburu Chaok lehen kantan, eta horretarako pertsonen elkartasuna aldarrikatu du. Vecinos en el Mar kantan, migrazioaz mintzo da, itsasoko mugak apurtzeaz zehazki. Chaok honako hau dio abesti horretan: «Nik zuri atea irekiko dizut, zuk niri irekiko zenidakeen moduan».

Bigarren abestian, bere ibilbidean aski ezaguna den teknika bat erabili du Chaok. Bere bizipenez hizketan ari dela, hainbat aldiz errepikatzen du «ezagutzen dut» formula, ia esaldi guztietan, bere garaian Me gustas tú kantan egin zuen moduan. Bere ibilbidean mundu barrena ikusitako gauzak deskribatzen ditu Chaok, alde polita eta tristea tartekatuz. Soinu aldetik, lehen kanta baino mugituagoa da, eta hortik aurrera diskoak indarra hartuko duela ematen du. Hala baieztatzen du hurrengo kantak: River Why. Askori 1998ko El Clandestino gogoraraziko die hirugarren kantak.

Kolaborazioak

Diskoaren izen berbera duen abestiak runbari emango dio txanda. Bartzelonan girotua, auzokideei eskainitako kanta da, eta auzoko eguneroko bizitza goraipatzen du. Baina bere ohiko bidetik aldentzera ere ausartu da Chao, eta Willie Nelson country musikariarekin egindako kolaborazio bat ere jaso du diskoan. Nelsonen ahotsak eta bere ibilbide profesionalean beti ondoan izan duen Mickey Raphaelen harmonikak Mendebalde Urrunera mugitu du Chao. Hurrengo kantuetan reggae eta runba soinuak uztartu ditu Chaok, hainbat hizkuntzatan abestuz: esate baterako, portugesez eta galegoz.

Nabarmentzekoa da Nelsonena ez dela diskoko kolaborazio bakarra. Tú te vas kantan Chaok Laeti rap abeslari frantziarraren laguntza izan du, eta bien artean gaztelera eta frantsesa tartekatzen dituen kanta bat sortu dute. Ez da Laetik Chaorekin duen lehen harremana, duela bi urte haren Je ne t'aime plus abestiaren bertsioa egin baitzuen.

Oraindik ez ditu disko berriaren birako datak iragarri, baina, azken urteetan egindakoa aintzat hartuta, hainbat herrialdetan ikusteko aukera izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.