Hamasei taldetik gora ariko dira Donostian Glad is the Day jaialdian

Donostiako Cristina Enea parkean egingo dute festibala, abuztuaren 4an. Askotariko musika estiloak entzun ahalko dira kontzertuetan, eta azoka eta bestelako jarduerak ere izango dira

Glad is the Day jaialdiaren bosgarren aldiaren aurkezpena egin zuten atzo, Donostian. DONOSTIA KULTURA.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Askotariko musika generoak batuko dira Donostian abuztuaren 4an. Hamasei musika taldek eta artistak baino gehiagok hartuko dute parte bosgarrenez antolatu duten Glad is the Day jaialdian. Azoka, janari postuak eta haurrentzako ekintzak egongo dira egun osoan Cristina Enea parkean, 12:00etatik 21:00etara. Iluntzean, Le Bukowski eta Dabadaba aretoetan DJak izango dira gaua girotzen. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren harira sortu zen jaialdia, eta Donostia Kulturak, Le Bukowskik eta Dabadabak antolatzen dute.

Bi gune bereizi dituzte parkean: oholtza nagusia, alde batetik, eta Ruina Sonica izeneko tokia, bestetik. Zortzi talde arituko dira oholtza nagusian, eta zortzi DJ, berriz, Ruina Sonican.

Oholtza nagusian ska, reggae, indie-rock, pop-rock eta bestelako doinuak lantzen dituzten taldeak arituko dira. Horien artean dago Bloody Magic Nails, 2017an bikote moduan hasi eta aurten hirukote bihurtu den talde donostiarra. Indie-punk musika lantzen dute, eta lehen lana argitaratu berri dute, Kintsugi. Mice ere izango da bertan —Miren Narbaizak 2017an bakarka hasitako proiektua—. Tenpo geldoak eta distortsioak bateratzen ditu, bere ahotsaren gidaritzapean. Aukera izango da Susmara eta The Lookers bezalako talde berriak ikusteko ere, baina klasikoak ere ez dira faltako, Potato talde gasteiztarrak bere egin dituen ska eta reggae doinuekin girotuko baitu parkea, 35 urteko ibilbide luzeari jarraipena emanez.

Talde horiez gain, bestelako doinuak lantzen dituzten hainbat artista arituko dira Ruina Sonican: besteak beste, Le Parody, Bellaca B2B Joven Mata, Brava DJ, La Dani DJ, Skyhxxk DJ, Chico Blanco, Alvva DJ eta Merca Bae DJ.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.