Hamasei sortzailek parte hartuko dute Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskolan

Laugarren aldiz egingo dute aurten, eta arte ikasleek nazioarteko profesionalekin egoteko aukera izango dute. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dituzte tutore.

Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz, JAI Jardun Artistikoen Institutuko 2023ko tutoreak; artxiboko argazkia. GORKA RUBIO / FOKU
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 7a
15:52
Entzun

JAI Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskola martxan da aurten ere. Laugarrenez antolatu dute Donostiako Tabakalera zentroak, Gasteizko Artium museoak eta Jorge Oteiza museoak (Altzuza, Nafarroa). Arte plastikoak oinarri hartuta, praktika artistikoa eta pedagogia esperimentala batuko ditu egonaldiak, eta, horretarako, elkarrizketak sortuko dituzte aukeratutako arte ikasleen eta nazioarteko profesionalen artean. Hamasei gaztek hartuko dute parte guztira, eta mundu osotik iritsi zaizkien 62 eskaeren artetik hautatu dituzte proiektuaren arduradunek. Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariaren ustez, aurrerapauso handia izan da aldi honetan hainbeste eskaera jaso izana.

Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz sortzaileek egingo dituzte gazteen tutoretza lanak, eta, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak aurreratu duenez, formakuntza saioen «muina» ere izango dira. Mendizabalek berak uste du instituzio guztien artean garatutako elkarlanak funtsezko garrantzia izan duela Euskal Herriko artearen arloan: «Uste dugu baietz, bete dugula beharrezkoa zen hutsune bat». Prototipo «soil» batetik abiatu ziren, eta, egun, ikasleen formakuntzan eta artista profesionalen esperientzian lekua hartu duen espazio bihurtu da. «Duela lau urte etorri ziren ikasleekin harremana dugu oraindik, eta, esan digutenez, Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskola proposamen iradokitzailea izan zen haientzat».

Zach Blas, Erick Beltran, Anna Daucikova, Xabier Erkizia, Kiluanji Kia Henda, Julia Spinola, Miranda Pennell eta Azucena Vieites izango dira aurten irakasleak. Horien artetik, Erkiziak eginkizun garrantzitsu bat izango duela azaldu du Juan Pablo Huercanos Oteiza museoko zuzendariordeak: «Oteizaren inguruko soinu lan bat egin zuen Erkiziak, eta hori lagungarria izango da gazteek Oteiza museoan egonaldia egiten dutenean». Astebeteko egonaldia besterik ez dute egingo bertan, baina oso harreman «bereziak» garatzeko aukera emango die bai antolatzaileei, bai ikasleei. «Oteiza oso konprometitua zegoen bere garaiko artistekin, eta gure ardura da konpromiso horrekin jarraitzea».

Formakuntzaren amaieran izango dute, ordea, Oteiza museoan egonaldia egiteko aukera. Izan ere, Artiumen hasiko dituzte prestakuntza saioak, ekainean, eta klaseek lotura zuzena izango dute museoan bertan abian dauden programekin. Uztailean eta abuztuan egingo dute egonaldia, Tabakaleran, eta bertan garatuko dituzten ekintzek lantegiko praktikan eta parte hartzaile bakoitzaren prozesu zehatzen garapenean izango dute oinarria.

Mundu mailako beharra

Arte jardueren inguruko elkarrizketak sustatuko ditu ikasketa programak, eta, gainera, hainbat hizkuntza artistiko ulertu ahal izateko sarbideak eta horiek eragiten duten subjektibotasuna interpretatzeko baliabideak eskainiko dizkie artistei. Ez da lanketa erraza izaten, baina Aranberrik uste du horrelako elkarrizketak sorrarazten dituzten tailerrak oso beharrezkoak direla, oro har, nazioartean. «Guk ez genuen erabaki proiektu jakin bat sortzea; lan egiteko modu desberdin bat definitu nahi genuen». Lan eredu hori aldatuz joan da urtetik urtera, baina horrek are gehiago sendotu du Jardun Artistikorako Institutua, sortzailearen hitzetan.

«Artea zer den eta zer ez den erabakitzeko eztabaida beti dago mahai gainean», ekarri du gogora Mendizabalek. Tutoreek, berriz, beste zerbait galdetu nahi izan diete ikasleei: «Zein da ezagutza teknikoa partekatzeko modurik onena?». Erantzun desberdin bat jaso dute udako eskolatik igaro den ikasle bakoitzaren partetik, baina horrek tailerra behin eta berriro berritzeko aukera eman die. «Irakaskuntzarako entsegu bat besterik ez da hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.