JAI Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskola martxan da aurten ere. Donostiako Tabakalera zentroak, Gasteizko Artium museoak eta Jorge Oteiza museoak (Altzuza, Nafarroa) antolatu dute, laugarrenez. Arte plastikoak oinarri hartuta, praktika artistikoa eta pedagogia esperimentala batuko dituzte, eta, horretarako, elkarrizketak sortuko dituzte hautatutako ikasleen eta nazioarteko profesionalen artean. Hamasei gaztek parte hartuko dute, eta mundu osotik iritsi zaizkien 62 eskaeren artetik hautatu dituzte arduradunek. Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariaren ustez, aurrerapauso handia izan da hainbeste eskaera jaso izana.
Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz sortzaileek egingo dituzte gazteen tutoretza lanak, eta, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak adierazi duenez, saioen «muina» izango dira. Mendizabalek uste du instituzioen elkarlanak funtsezko garrantzia izan duela Euskal Herriko artearen arloan: «Uste dugu baietz, bete dugula bete beharrekoa zen hutsune bat». Prototipo «soil» batetik abiatu ziren, eta, egun, ikasleen formakuntzan eta artista profesionalen esperientzian lekua hartu duen gune bihurtu da. «Duela lau urte etorri ziren ikasleekin harremana dugu oraindik, eta, esan digutenez, Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskola proposamen iradokitzailea izan zen haientzat».
Zach Blas, Erick Beltran, Anna Daucikova, Xabier Erkizia, Kiluanji Kia Henda, Julia Spinola, Miranda Pennell eta Azucena Vieites dira aurtengo irakasleak. Horien artetik, Erkiziak eginkizun garrantzitsu bat izango duela azaldu du Juan Pablo Huercanos Oteiza museoko zuzendariordeak: «Oteizaren inguruko soinu lan bat egin zuen, eta hori lagungarria izango da gazteek Oteiza museoan egonaldia egiten dutenean». Astebeteko egonaldiaegingo dute han, eta oso harreman «bereziak» garatzeko aukera izango dute. «Oteiza oso konprometitua zegoen bere garaiko artistekin; gure ardura da konpromiso horrekin jarraitzea».
Formakuntzaren amaieran egingo dute, ordea, Oteiza museoko egonaldia. Artiumen hasiko dute prestakuntza, ekainean, eta eskolek lotura zuzena izango dute han abian dauden programekin. Uztailean eta abuztuan egingo dute egonaldia, Tabakaleran, eta garatuko dituzten ekintzek lantegiko praktikan eta artista bakoitzaren prozesu jakinen garapenean izango dute oinarria.
Mundu osoko beharra
Arte jardueren inguruko elkarrizketak sustatuko ditu formakuntzak, eta hainbat hizkuntza artistiko ulertu ahal izateko sarbideak eta horien subjektibotasuna interpretatzeko baliabideak eskainiko dizkie artistei. Ez da lanketa erraza izaten, baina Aranberrik uste du horrelako tailerrak oso beharrezkoak direla, oro har, nazioartean. «Guk ez genuen erabaki proiektu jakin bat sortzea: lan egiteko beste modu bat definitu nahi genuen». Lan eredu hori aldatuz joan da urtetik urtera, baina horrek are gehiago sendotu du Jardun Artistikorako Institutua, sortzailearen hitzetan.
«Artea zer den eta zer ez den erabakitzeko eztabaida beti dago mahai gainean», ekarri du gogora Mendizabalek. Tutoreek, berriz, beste zerbait galdetu nahi izan diete ikasleei: «Zein da ezagutza teknikoa partekatzeko modurik onena?». Ikasle bakoitzak desberdin erantzun du, baina horrek tailerra berritzeko aukera eman die. «Irakaskuntzarako entsegu bat besterik ez da hau».
Hamasei sortzailek parte hartuko dute JAIren udako eskolan
Laugarren aldiz egingo dute aurten, eta arte ikasleek nazioarteko profesionalekin egoteko aukera izango dute. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dira tutoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu