Hamasei eskutara ekoiztea

'Ultravioleta' diskoa kaleratu du Revolta Permanent-ek, eta zortzi ekoizlek nahasi dituzte kantak

Mikel Becerra, Iker Aginaga, Iker Villa eta Aitor Abio dira Revolta Permanent taldeko kideak. JUAN FAJARDO.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Esan daiteke bere estudioko hirugarren diskoarekin Revolta Permanent orain arte baino Revolta Permanentago bihurtu dela. Aurreko lanetan bezala, orain ere rapa, elektronika eta metala uztartu dituzte Ultravioleta (Gaua) laneko kantetan, baina raperoagoak dira orain rap zatiak, elektronikoagoak dira Aitor Abiok sortutako pasarte elektronikoak, eta metal kutsu nabarmenagoa dute Mikel Becerraren gitarrek ere. Gainera, abestutako pasarte melodiko batzuk ere gehitu dituzte leloetan Iker Villa eta Iker Aginaga abeslariek, eta erritmo dantzagarri gehiago ere tartekatu dituzte, eta ohi baino pop kutsu handiagoa ere eman die horrek. Eta orain arte izandako baino zabalpen handiagoa ere lortu nahi dute musikariek: puntako zortzi ekoizlerengana jo dute horretarako, eta kanta bana nahastu die bakoitzak. Gaur aurkeztuko dute diskoa zuzenean Bilboko Kafe Antzokian.

Zortzi kanta ditu diskoak guztira, eta, ondorioz, baita zortzi ekoizle ere. Zehazki, Manuel Colmenerok, Josep Umbriak, Maurizio Tonellik, Carlos Lillok, Jordi Gilek, Francisco Martinez Perez Pacoloco-k, Marc Parrotek eta Dany Richterrek hartu dute parte diskoan, eta bakoitzak bere ukitua gehitu dio kanta bakoitzari. Hain zuzen ere, horren bila zebiltzala dio Aginagak. «Kanta bakarra nahasteko eskatu diegu, eta kezka genuen onartuko ote zuten, baina guztiek esan digute baietz. Bazekiten norekin aritu nahi genuen lanean, eta horrek lagundu egin digu».

Mungiako Gaua estudioan sortu eta grabatu dituzte abesti guztiak lehenik, eta nahasketak egiteko bidali dizkiete, gero, abestiak ekoizleei. Erabateko askatasuna eman diote haietako bakoitzari, eta taldekideak pozik gelditu dira emaitzarekin. Bazuten kezka, halere. «Flamenko ekoizleak, indie ekoizleak eta pop ekoizleak batu ditugu diskoan, eta guztiak elektronika jorratzen jarri ditugu, eta euskaraz. Beldur ginen lanak batasunik izango ote zuen, baina lotura dute, eta disko bat da», azaldu du Aginagak.

Diskoari osotasuna emateko, Jesse Cannon teknikariak egin ditu masterizazio lanak New Yorken. Limp Bizkit, The Cure eta Dillinger Escape Plan taldeekin lan egindakoa da Cannon, eta Ultravioleta diskoaren osotasuna zaintzea izan da haren lana oraingoan.

Diskoa baino zabalagoa da Revolta Permanentekoen egitasmoa, halere. Gazteak, euskaraz zabaltzen deitu dute proiektu orokor hori, eta diskoarekin batera, estreinatu gabe den dokumental bat ere prestatu dute. «Gure helburua beti izan da euskara zabaltzea. Institutuetan hitzaldi batzuk eman ditugu Ikerrek [Villak] eta biok, gazteok euskararen garrantziaz jabetzeko, eta euskaraz ikasten eta bizitzen jarraitzeko, eta ideia horren harira sortu da Gazteak, euskara zabaltzen dokumentala. Eta diskoarekin ideia hori praktikara eraman dugu fisikoki: kantak hartu, eta estatu osoko zortzi ekoizleri bidali dizkiegu lehenik, eta Brooklynera joan dira gero».

Kantu hitz ilun eta intimistak

Ehun kontzertu inguru eman dituzte taldearekin azken urteetan, eta Euskal Herrian zein kanpoan ere aritu dira. Oraindik zabalpen handiagoa lor dezaketela uste dute, halere. «Estiloagatik, egiten dugun musikagatik, eta Aitorren [Abioren] lanak daukan kalitateagatik, handiago egin daiteke dena, eta horretan saiatu gara». Horregatik landu dituzte gehiago kanta guztiak, eta horregatik jo dute zortzi ekoizle horiengana ere.

Baina, Aginagak dioenez, taldearen hizkuntza hautua da motor nagusia. «Euskara zabaltzeko asmoarekin lotuta dago gure asmoa. Ez gara bakarrak, noski, baina batez ere horrek bultzatu gaitu aurrerantz. Euskaraz kantatzen daramatzagu lau urte, eta erakusten ari gara posible dela taldea are handiagoa bilakatzea».

Abioren ordenagailuan hasi ohi da sortze prozesua. Hamaika kantaren zirriborroak ditu musikariak han, entzuten dituzte denak taldekideek, eta hautatzen dituzte gustuenak. Aginaga: «Elkartu egiten gara, hitzak eramaten ditugu, gitarrak sartzen joaten gara, eta guztion artean goaz abestia eraikitzen».

Onartu du abeslariak: aurreko lanetan baino intimistagoak atera zaizkie disko honetako hitzak, eta baita orain artekoak baino ilunagoak ere. «Oso pertsonala da diskoa. Ikerrek [Villak] eta biok egiten ditugu hitzak, eta nahiko esperientzia latzak pasatu ditugu azken bi urteetan, eta horrek guztiak zerbait sortu du gugan, eta behar genuen hori paperean bota. Ultramorea argiaren kontzeptuarekin lotuta, argitara atera dugu hori guztia».

KONTZERTUA

Non. Bilboko Kafe Antzokian.

Noiz. Gaur, 21:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.